Gerraren eta gosearen arteko lotura detektatu nahi du Hegoa institutuak

Gosearen Aurkako Ekintzarekin batera, indarkeria ekintzen eta elikadura segurtasun faltaren arteko harremana ikusarazteko metodologia bat garatu du institutuak

Yemengo herritar bat, otsailean, janari zaku batekin, 2015eko gerrak eragindako gosetean. YAHYA ARHAB / EFE.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Iaz munduan elikadura segurtasunik eza pairatu zuten 135 milioi pertsonetatik, 77 milioi gatazkan dauden 22 herrialdetan bizi ziren. Halaber, Nazio Batuen Erakundearen arabera gosete arriskuan zeuden lau herrialdeak —Nigeria, Somalia, Hego Sudan eta Yemen— gatazka luzeak jasaten ari ziren beren lurraldeetan. Gerren eta gosearen arteko lotura hori argitzeko eta gaitzok desagerrarazteko pausoak emate aldera, Hegoa institutuak eta Gosearen Aurkako Ekintzak elkarlanean eginiko egitasmo bat aurkeztu zuten atzo, EHUren Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eskutik. Zehazki, gatazka eremuetako indarkeria ekintzen eta elikadura segurtasunik ezaren arteko lotura ulertzea ahalbidetzen duen metodologia bat sortu dute, erlazio horren ebidentziak dokumentatzea eta haren eraginak aztertzea xede izango duena.

Karlos Perez de Armiño Nazioarteko harremanetako EHUko irakasle eta Hegoa institutuko ikertzailea irmo mintzatu zen aurkezpenean: «Gatazka armatuak dituzten eremuetan, goseak eragiten du heriotza gehien». Datuak eman zituen hori frogatzeko: XXI. mendearen lehen hamarkadan gatazka armatuen ondorioz hil ziren pertsonetatik, %7 gerra ekintzen ondorio zuzenagatik hil ziren, baina %27 izan ziren gosearen edo hark eragindako epidemien ondorioz hildakoak.

2018an, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak aho batez onarturiko 2.417 ebazpenak debekatu egin zuen gosea gerra praktika gisa erabiltzea, baina horrek ez du arazoa desagerrarazi. Gainera, halako praktikak frogatzeko beharrezkoa den informazioa biltzea oso zaila dela azpimarratu du Perez de Armiñok, segurtasun arrazoiez gain «gatazkek multzo sozial ezberdinei modu ezberdinetan eragiten dietelako». Hala, Hegoaren metodologiak informazio sistema homogeneo bat eratzea izango luke helburu, arazo horri irtenbide bat emateko.

Kuantifikatze lana

Hegoaren ikerketa taldeko kideek azaldu dutenez, garaturiko metodologiak 85 alderdi aztertzen ditu, bakoitza bere adierazleekin; horien bidez, gatazka eremuetatik jasotako «informazio kualitatiboa kuantifikatu» nahi dute. «Hegoaren lanari esker, lehendik existitzen ziren intuizioei eta datuei arrazoiak eta argudioak jarri ahalko dizkiete, arrazionalizazio horren bitartez irtenbideak eta proposamen eraginkorrak sortzeko», adierazi du Manuel Sanchez Gosearen Aurkako Ekintzako arduradunak. Eginiko lana dagoeneko «testuinguru pilotu» batean probatzen ari direla jakinarazi zuen Sanchezek, eta Lankidetzarako Euskal Agentziak emandako laguntzari esker orain beste hainbat eragilerengana ere iritsi ahalko direla azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.