Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Nork zainduko du gure zaintzailea?

2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Oraindik ere hilak milaka eragiten dituen gaixotasun baten ondorioz mundua geldirik dagoen honetan, konturatu gara zer garrantzia duen gure osasun arlo publikoak. Eta argi ikusten dugu garrantzizkoa dela gure zaintzaileak zaintzea.

Madrilen, zerbitzu publikoen hondamenaren gotorlekuan eta guztion diruaren xahuketaren hiriburuan, merke-merke altxatu dute ospitale bat, langilerik gabea, ebakuntza gelarik gabea, biltegi gisa erabiliko dutena aurrerantzean: 100 milioi euro baino ez.

Pandemian, harri eta zur ikusi genituen Madrilgo presidentearen prentsaurrekoak,luxuzko hotel batean eginak: erabaki zuen erakustazoka bat erietxe gisa erabiltzea, eta, aldi berean, itxita zeuzkan hainbat ZIU, ospitale publikoetako solairu batzuk eta lehen arretarako zenbait zentro. Diru publikoa alfer-alferrik gastatzen ari ziren hartan, osasun arloko langileek beren burua zabor poltsekin babesten zuten ukitzen duen guztia belzten duen gaitz batetik. Ez baitzuten babesteko ekipamendurik.

Madril izan zen, eta orain ere hala da, osasun langileen segurtasuna eta osasuna babesteari eginiko mespretxuaren epizentroa. Zorionez, ez Euskadin eta ez Nafarroan ez da egiten erabili eta bota ereduko lan faraonikorik, zergapekoek ordainduta. Baina panorama okertu egiten da langileen babesari erreparatuz gero. Uztailaren 1ean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Osakidetza zigortu zuen lan arriskuen prebentziorako araudia ez betetzeagatik. Ez sinestekoa iruditzen bazaigu ere, frogatua dago maskarak eta mantalak erabiltzeko, berrerabiltzeko eta garbitzeko jarraibideak eman zizkietela, arriskuan jarririk langileen eta pazienteen osasuna eta segurtasuna.

Pandemia hasi eta bederatzi hilabetera, ikusten ari gara COVID-19aren beste sintometako bat amnesia izan zela, bai enpresariena eta bai administrazio publikoena: ahaztu egin zaie langileek eskubidea dutela ondo babestuta egoteko laneko segurtasunari eta osasunari dagokionez. Sintoma berri horren ondorioz, ez dira gogoratzen beharrezko neurriak hartu behar direla langileak babesteko, eta, beraz, babesteko ekipamendu egokia eman behar dietela. Ahaztuta daukate agente biologikoei dagokienez osasunaren zainketa egoki eta espezifikoa bermatu beharra zegoela, bai haien eraginpean egon baino lehenago, bai atzematen denean langileak infekzio edo gaixotasun bat duela, esposizioaren ondorio izan daitekeena.

Amnesia hori hortxe dago oraindik ere, nahiz eta badirudien batzuei oroimena itzultzen ari zaiela, poliki-poliki, epaien poderioz.

Azken batean, gure zaintzaileak zaintzen ez baditugu, nork zainduko gaitu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.