SNCFko tren gidarien %100ek egin dute greba Ipar Euskal Herrian

Frantziako Gobernuak ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi orain arte. Ekintzekin segitzeko asmoa dute langileek

SNCFko langileak bozkatzen, atzo, Miarritzeko geltokian. ISABEL MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Mobilizazioa apaldu gabe segitzen dute trenbideetako langileek. Laugarren greba eguna zuten atzo, eta parte hartze zabala izan zuen Ipar Euskal Herrian. Sindikatuen arabera, langileen %70 eta %80 artean greban zen; gidarien artean, %100. «Konplikatua da,SNCFk dena blokeatzen baitu. Ofizialki erraten dute langileen %30 inguru dela greban, baina aski da ikustea zenbat tren ibilki diren, ez da sinesgarria», adierazi zuen Peio Dufau CGTko kideak.

Miarritzeko geltokian zuten hitzordua atzo protesta egiteko, eta 180 bat pertsona elkartu ziren, langileak eta sostenguak. Mobilizazioari buruzko azken berrien ondotik, greba segitu ala ez erabakitzeko bozka: 132 langilek bozkatu zuten; 131k greba segitzearen alde, eta batek zuri. Ondoren, Miarritzeko aireportura buruz abiatu ziren manifestazioan. Aireportuko itzulgunera iritsita, bidea moztu, eta bengalak piztu zituzten, hegazkinak trabatzeko asmoz. Arratsalde hasiera arte iraun zuen blokeatze ekintzak.

Sostengu zabala jasotzen ari direla baieztatu zuen Peio Dufauk. «Frantzia mailan diru bilketa abiatu dute [kasik 600.000 bilduak zituzten edizio hau ixterako], eta guk ere txeke andana jaso dugu: Tarnoseko hautetsi batek 1.100 euro eman ditu, ATTAC mugimenduak 500...», kontatu zuen, pozik.

Anartean, Frantziako Gobernuak irmo segitzen du. «Elkarrizketak badira, baina ez da negoziaziorik. Ostiralean sei ordu eta erdiko bilkura egin zuten; ez da pikorik aitzinatu. Eta hori ez du bakarrik CGTk erraten, baita CFDTk ere. Horiek ere biziki haserre ziren bilkuraren ondotik, alta ez dira erradikalenak». Ipar Euskal Herrian, Vincent Bru Martxan-eko diputatuarekin biltzekoak dira ostiralean. Anartean ekintzekin segitzeko asmoa iragarri dute. Herenegun, martxan zen tren bakarra gibelatua izan zen, «asmo txarreko ekintza» baten ondorioz, SNCFn arabera.

Borroken bateratzearen zain

SNCFko langileen hiru laurdenak greban ziren atzo Frantzian. Sindikatuek espero dute protestan ari diren beste sektore anitz ere —unibertsitateko ikasleak, zahar etxeetako eta ospitaleko langileak...—batuko zaizkiela apirilaren 19rako greba orokorra egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.