Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

'Burn out'

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Langile errearen sindromea edo burn out. Nola irits gaitezke bokazioz eta grinaz hasi dugun bizi profesionala gorrotatzera batzuetan? Nola eraman gaitzake lanak akidura mental, fisiko eta emozionaleko egoeran egotera?

Langile errearen sindromea oro har euren lanbidea bokazioz hautatu duten pertsonengan agertzen da (irakasleengan, gizarte langileengan eta osasungintzako langileengan). Hasieran sintomak lan arloan soilik ematen dira, baina denborarekin bizi pertsonalera eramaten dira. Antsietatea eta depresioa bezalako sintomak sortzen dituzte, laneko baja askoren arrazoi izanik.

Osasungintzan, beste lanbide askotan bezalaxe, ohikoak dira lan kontratuen dantzak. Denbora epe laburretan unitate batetik bestera mugitua izatea, elkarren artean zerikusirik ez duten unitateetara, lan egiteko modu oso desberdinak dituztenetara; eta horietan erabiltzen diren teknikak zein gailuak oso desberdinak izaten dira. Unitateen artean egiten diren aldaketa hauek langilearengan estres psikologiko handia sortzen dute, pertsonekin lan egiten delako eta akats txikiena ere oso garesti ordain daitekeelako.

Horrez gain, osasungintzan egunerokotasunean ikusten diren egoerek langilea asko karga dezakete emozionalki. Karga emozional hori kudeatzeko tresna egokirik gabe, langilearen neke emozionala oso handia izatera irits daiteke.

Koronabirusaren pandemia hasi zenez geroztik, osasungintzako lan kargak asko handitu dira, eta, ondorioz, estres mailak ere gorantz jo du. Koronabirusaz kutsatuta dauden pertsonekin zuzenean lan egiten duten osasun profesionalek ez dute apenas deskantsu egunik eduki pertsonal faltagatik, ordu asko eman dituzte babes indibidualerako ekipoak jantzita lanean horrek sortzen duen neke fisikoarekin, jendea bakarka hiltzen ikusi dute...

Bestetik, koronabirusaren albo kalteak pairatzen dituzten osasun langileak daude; alegia, kutsatuekin zuzenean lan ez egin arren, haren ondorioak pairatu dituztenak: pazienteei PCR probak egin behar izatea, gaixoen bisitak murriztea edotagaixo horien mugikortasuna logelara soilik mugatzea, besteak beste.

Honen ondorioz, osasun langile asko dago zaurgarri, batzuek honezkero amore eman dute. Langile asko behar dira lan baldintzak hobetu daitezen, eta, egoera konpondu bitartean, osasun langile askok deskantsurik gabe jarraitu beharko dute. Zaintza ematen duten bitartean zaurituta jarraituko dute, haiek nork zainduko dituen zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.