Klima larrialdia

Azken hamarkadako CO2 isurketen jaitsierarik handiena izan dute Txinan

Hamabi hilabetez jarraian gutxitu dira Asiako potentziaren karbono isurketak. COVID-19ari aurre egiteko neurriek eragin handia izan dute

Azken hamarkadako CO2 isurketen jaitsierarik handiena izan dute Txinan.
inaki petxarroman
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Txinaren karbono dioxido (CO2) isurketek azken hamarkadako jaitsierarik handiena izan dute. Zehazki, Carbon Brief Erresuma Batuko klima ikerketetarako zerbitzuaren arabera, isuriak ia %8 murriztu ziren urteko bigarren hiruhilekoan, aurreko urtekoen aldean. 230 milioi tona CO2 gutxiago isuri zuen atmosferara Txinak. Horrenbestez, lau hiruhilekoz jarraian jaitsi dira Txinaren karbono isurketak, hein handi batean COVID-19aren agerraldiengatik gobernuak ezarritako desplazamendu murrizketengatik, eta baita herrialdearen hazkunde ekonomikoa moteldu egin delako ere, bereziki hirigintza sektorearen krisiarengatik.

Gauzak hala, urte arteko CO2 isurketen jaitsiera %3koa izan da Txinan. Carbon Briefek monitorizatutako datuen arabera, 2021eko hirugarren hiruhilekoan hasi ziren jaisten Txinaren isurketak, aipatutako apaltze ekonomiko hori dela-eta. Energia berriztagarrien bultzadak ere izan du zerikusirik jaitsiera horretan. Zementuaren ekoizpenean %12ko jaitsiera izan du azken hiruhilekoan, eta energiarekin eta altzairuarekin lotutako beste sektore batzuetan,%5ekoa. Aldi berean, zentral elektrikoek eraginkortasun energetikoaren eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin dute, eta horrek eragin du ikatzarekiko menpekotasuna txikitzea. Energia sektoreko ikatz kontsumoa %6 gutxitu da, eta gasarena %5. Mugikortasunean izandako neurriek petrolioaren kontsumoa gutxitu dute, %11. Halaber, Txinak energia berriztagarrien aldeko apustua egin du. Zehazki, herrialdean %25 egin du gora energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren ekoizpenak, aurreko urtearekin alderatuta. Energia hidroelektrikoaren ekoizpena ere %17 hazi da.

Txinaren asmoa da 2030ean energia kontsumoaren laurdena fosilak ez diren iturrietatik asetzea, Nazio Batuen Erakundean (NBE) 2021eko urrian aurkeztu zituen konpromisoen arabera. Ordurako, Pekinek 1.200 gigawatteko potentzia instalatu nahi du energia eolikoan eta fotovoltaikoan; 2021 amaieran zuena ia halako bi da hori: 306 gigawatt zuen ezarrita eguzki energian eta 328 gigawatt eolikoan, Reuters berri agentziaren arabera. Herrialdeak 2060an lortu nahi du klima neutraltasuna.

Txina energia berriztagarrien inbertitzailerik handiena ere bada. 2021ean 380.000 milioi euro inbertitu zituen, EuropakoBatasunaren (EB) —260.000 milioi euro— eta Estatu Batuen (AEB) aurretik —215.000 milioi euro—, Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) arabera. IEAk iragarri du Pekinen lidergoa handitu egingo dela sektore horretan. 2026rako teknologia berriztagarrien bidezko energia ekoizpenaren hazkunde globalari % 43ko ekarpena egingo dio. Esan nahi baita berak bakarrik AEBek, EBk, Indiak eta Asiako hego-ekialdeko herrialdeek batera baino gehiago handituko du ekoizpena.

Ikatzetik ezin askatu

Adituek ez dute ziurtzat jo 2022ko bigarren hiruhilekoan gertatutakoa inflexio puntu bat izango den edo atzera ere Txinaren CO2 isurketak handitzen hasiko diren. Izan ere, udan ikatz bidezko energiaren sorrerak gora egin du berriz ere, herrialdearen erdialdea gogor jo duen beroaldiaren, eta, lehortearen ondorioz, energia hidroelektrikoak izandako apaltzearen ondorioz. Aurten Txinak aspaldiko baimen gehien eman du ikatz bidezko zentral berriak eraikitzeko. Guztira, 21 gigawatteko potentzia izango lukete proiektu horiek. 2016tik hona ikatz zentralek herrialdean jaso duten bultzadarik handiena da hori.

Zentral nuklear berriak ere martxan jarri ditu Pekinek. 23 erreaktore nuklear eraikitzen ari dira, eta egun herrialdeak duen 51 gigawatteko potentziatik 70era pasatu nahi du 2025erako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.