Zerga bilketaren erorikoa apaldu egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Foru ogasunek 5.110,7 milioi euro bildu dituzte lehen sei hilekoan, joan den urtean baino 769 milioi gutxiago. Urte amaieran %20 gutxiago bilduko dutela aurreikusi dute

Gizon bat errenta aitorpena egiteko zain, Gipuzkoako Ogasunaren Donostiako bulegoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Ekainean zertxobait onbideratu da zerga bilketa. Foru ogasunek iaz baino zerga gutxiago bildu dituzte aurtengo lehen seihilekoan, baina emaitza ez da maiatzeko datuak ikusita pentsa zitekeen bezainbesteko hondamendia izan: guztira 5.110,7 milioi euro bildu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iaz baino 769 milioi gutxiago. Bi arrazoiri egotzi diote beherakada hori: jarduera ekonomikoaren geldialdiari eta ogasunek beraiek hartutako neurriei.

Joerak antzekoak izan dira hiru lurraldeetan. Aurreko hilabeteetan baino askoz ere zerga gehiago bildu dituzte ekainean, baina ez jarduera ekonomikoa berrabiarazi delako soilik. Koronabirusaren krisia hasi zenean, aldundiek hainbat neurri hartu zituzten «herritarren likidezia hobetzeko eta ekonomiako sektore ahulenek kalte handiak ez izateko»; besteak beste, zergak ordaintzeko epeak malgutu zituzten, etaBEZaren bidez likidezia eman zitzaien enpresa eta norbanakoei. Ekainean hasi ziren atzeratutako ordainketa horiek jasotzen.

Zehazki, BEZaren eta zeharkako beste zergen bilketan izandako beherakadaren ondorio dira orain arteko emaitzak. Araban %29,5 murriztu da zeharkako zergen bilketa, Bizkaian %16,6 eta Gipuzkoan %12,5. Zeharkako zergen artean, nabarmentzekoa da hidrokarburoei ezarritakotik jasotzen dutenak zenbat egin duen behera: %30 inguru.

Arabako Ogasunak nabaritu ditu gehien krisiaren ondorioak. Han, zergen bidez 695,6 milioi euro jaso dituzte, 2019an baino 142,2 milioi gutxiago (-%17). Hala ere, datua ontzat jo daiteke maiatzekoekin alderatuz gero: Araban, urtarriletik maiatzera, iaz baino %36 zerga gutxiago bildu zituzten. Han ere zeharkako zergek egin dute zuloa: besteak beste, BEZaren bidez %34,2 gutxiago jaso dute.

Ekaineko berpiztea

Bizkaiko ogasunak biltzen ditu zerga gehien: 3.012,6 milioi euro aurtengo lehen seihilekoan. Iazko bilketarekin alderatuta, %12,8 izan da jaitsiera.

Gipuzkoan ere nabarmena izan da ekaineko berpiztea: joan den urtean baino %23,9 gutxiago bildu zuten urtarriletik maiatzera bitartean, eta, ekaina kontutan hartuta, %11,6 izan da beherakada—1.402,5 milioi euro bildu dituzte—.

Dena den, urtea amaitu bitarteko aurreikuspenak ez dira baikorrak. Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak atzo azaldu zuenez, zerga bilketa %20 murriztuko da: «Jarduera ekonomikoa murriztu egingo da, kontsumoa jaitsi, eta langabezia igo».

Bestalde, gogorarazi zuen 2019an zerga bilketaren langa guztiak hautsi zituztela, eta hori kontuan izan behar dela alderaketak egiteko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru ogasunek 15.469,5 milioi euro bildu zituzten 2019an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.