Patrizia Gungui. Mamoiadako Hezkuntza zinegotzi ohia

«Sardiniako toki izenak gaizki itzuli dituzte, eta distortsionatu»

Mamoiadako bi kalek izen bera zutela baliatuta, haietako bati Sardiniako abertzale historiko baten izena jartzea lortu zuen Gunguik. Lana, baina, hasi besterik ez dute egin: «Herriak oso gutxi daki bere historiaz».

BERRIA.
Marco Santopadre
Cagliari
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Sardiniako herri batzuetan administrariak ahalegintzen ari dira Italiaren historiako protagonisten izenak dauzkaten plaza eta kale batzuen izenak aldatzen, uharteko historiaren eta kulturako pertsona ezagunen izenak jartzeko. Italiako Gobernuaren ordezkariek oztopatu egiten dituzte ahaleginok, batzuetan zentzugabeak diren arrazoiak emanez, eta prozesu demokratikoetan aukeratutako udal ordezkariek islatzen duten herri borondatearen aurka.

Kale izendegia aldatzen ahalegindu direnen artean dago Patrizia Gungui. 53 urte ditu, nekazaritzan aditua da, eta 2018tik 2020ra Mamoiadako Udaleko Gizarte Zerbitzu eta Hezkuntza zinegotzia izandakoa da.

Zergatik eskatu zenuen zure herriko kale izenak aldatzeko?

Erdigune historikoko izen bereko bi kaleren kasuari esker sortu zen aukera; herritarrei arazoak sortzen zizkien, besteak beste, posta jasotzeko. Italiako legeak debekatu egiten du izen bera jartzea bi guneri, eta, beraz, alkateari eta udalari proposatu nien bi kaleetako bati Frantziscu Cilocco abertzale sardiniarraren izena jartzea.

Mamoiadako kale izendegian ez zaie erreferentziarik egiten abertzale sardiniarrei, ez eta ere gure nazioaren historiari. Zegoen erreferentzia bakarra, G. M. Angioy kalea, duela hamarkada batzuk desagerrarazi zuten; hura ere, Cilocco bezala, 1794ko Piamonteren domeinuaren aurkako iraultza sardiniarraren protagonistetako bat izan zen.

Gure herrian, kale nagusiak bestelako pertsonaiei eskaini zizkieten; esaterako, Vittorio Emanuele II.a eta Vittorio Emanuele III.a erregeei, eta horiek beti egin zuten Sardiniaren eta Sardiniako herriaren interesen aurka, indarkeriaz, zapalkuntzaren bidez eta lapurreten bitartez. Oraindik uharteak jasaten duen azpigarapena eragin arteraino.

Vittorio Emanuele III.ak faxismoaren aurrerabidea ahalbidetu zuen, baita antisemitismoa eta arrazen arteko banaketan oinarritutako legeak ere. Gainera, biei egozten diete herrialdea bi mundu gerretan sartu izanaren erantzukizuna, milioika hildako eta sufrimendu handia eraginez. Sardiniako herriak oso gutxi daki edo ez daki ezer bere historiaz, eta instituzioek hura zabaltzeko egindako ekintzak eskasak edo ezerezaren parekoak dira. Kontuan izanik beste udal batzuek arrakastaz gainbegiratu zutela kale izendegia, saiatzea erabaki genuen, kontzientziak mugiarazi eta iraultza kultural baterako hazi bat ereiteko asmoz.

Nola jaso zuten zure proposamena?

Prefeturara bidali genuen eskaria, Italiako Gobernuaren ordezkariari. Cilocco kalearen kasuan ez zen arazorik egon, izen bereko bi kale zeudelako. Aldiz, arazoak sortu ziren erabaki genuenean Savoiako errege-erreginei eskainitako Mamoiadako bi kale nagusiri Angioyren eta Eleonora d'Arborearen izenak jartzea.

Hainbat egunkarik jaso zuten albistea, baina Arte Ederretako Superintendentziak, jabetza artistikoa eta historikoa babestu behar lukeen erakundeak, gutun kritiko bat helarazi zigun, non zioen atsekabetuta zegoela prentsatik jakin zuelako gure asmoen berri, eta ez zuzenean guregandik; baina egiaz prefetua zen harekin hitz egiteko ardura zuena. Hortik ulertu genuen agintarien iritzia aurkakoa izango zela, eta hala izan zen.

Nola amaitu zen istorioa?

Superintendentziak aurka deklaratu zuen, eta Prefeturak ez zion inoiz eskariari erantzun. Ez nuen Mamoiadako herritarrengandik gogoberotasun handirik espero gure ekinaldiarekiko; maiz, administratzaileen lana funtzionarioenarekin nahasten da, ahaztuz ez daudela bakarrik arazo praktikoak konpontzeko, baita izaera politikoko erabakiak hartzeko ere, tartean kulturarekiko sentsibilizatzera eta gizartea zabaltzera bideratutakoak. Halere, proposamenak babes ugari ere jaso zituen.

Sardiniako herri, hiri eta udalerri askoren izenak italieraz daude, baina ez hori bakarrik, izaera arraroa, desberdina ere badute. Adibidez, Malu Entu uhartea Mal di ventre bilakatzen da (sabeleko mina). Bada mugimenduren bat tokiei izen originalak itzultzea eskatzen duena?

Savoitarrekin hasi eta puntu gorena faxismoarekin izan zuen Sardiniaren italiartzearen emaitza da hori. Kosta ahala kosta italiartzeko amorru horretan, Sardiniako toki izenak gaizki itzuli dituzte, distortsionatu eta moztu, batzuetan emaitza lotsagarriekin. Gaur egun ez dago halakorik salatzen duen mugimendurik, baina duela urte batzuetatik hona udalerri batzuetan seinaleak jarri dituzte tokien berezko izenekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.