Presidentetzarako bozak Brasilen. Carla Zambelli. Alderdi Liberaleko diputatu federala

«Jende asko beldur da Lula bueltatuko ote den, eta Bolsonaroren alde bozkatuko du»

Zambellik uste du «jende asko gehiegi fidatu» zela, pentsatuz Bolsonaro lehen itzulian hautatua izango zela, eta horrek «kalte egin» zien: «Jende asko atera genuen kalera, eta behar baino konfiantza handiagoa eman zigun».

BERRIA.
Cecilia Valdez
Sao Paulo
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Carla Zambelli (Ribeirao Preto, Brasil, 1980) Alderdi Liberaleko diputatu federala da Sao Paulon, Jair Bolsonaroren alderdi berekoa, eta boto gehien lortu zuten diputatuetako bat izan zen urriaren 2ko hauteskundeetan. Ezaguna da Dilma Rousseffen impeachment-aren bultzatzaileetako bat izan zelako.

Zer deritzozu lehen itzuliko emaitzari?

Izugarrizko abstentzioa izan genuen: 32 milioi lagunek baino gehiagok ez zuten bozkatu. Uste dut jende asko gehiegi fidatu zela, pentsatuz Bolsonaro lehen itzulian hautatua izango zela, eta horrek kalte egin zigun. Guk jende asko atera genuen kalera, eta behar baino konfiantza handitxoagoa eman zigun horrek.

Orain, ordea, lehen itzuliko desabantaila dela medio, jende asko beldur da Lula bueltatuko ote den, eta oraingo honetan bozkatu egingo du; horrek mesede egingo dio Bolsonarori.

Zer estrategia planteatu duzue bigarren itzulirako?

Akordio bat egina dugu Brasilgo Batasunarekin, hau da, Brasilgo alderdi [eskuindarrik] handienarekin, eta hark diputatu eta senatari pila bat ditu. Hamar bat gobernadore gure alde daude, eta galtzaile atera garen estatu batzuetakoak ere badira haietako zenbait. Beste estrategia garrantzitsu-garrantzitsu bat hauxe da: Michelle Bolsonaro, Jair Bolsonaroren emaztea, bera bakarrik egiten ari da kanpaina bigarren itzuli honetan, eta parte hartzen duen ekitaldietan beti egoten da jende ugari.

Denek diote emakumeei ez zaiela gustatzen Bolsonaro, eta alderantziz, baina gezurra da. Beraz, dena ondo doa; Alderdi Liberaleko 99 diputatu gaude, eta Langileen Alderdikoak, berriz, 68 dira. Alderdi aliatu guztiak batuta, uste dut 240 diputatu baino gehiago ditugula [guztien %48].

Inkestagileek oker egindako iragarpen batzuk ikertzeko eskatu duzue.

Inkesta guztiak okertu ziren: hamar puntu edo gehiago. Galdera da nahita egin zuten edo ez, zeren ez baita posible hainbeste okertu izana. Ikertu beharra dago hori. Kontua da Gorte Gorenean mutil hau dagoela, Alexandre de Moraes, eta hura deskontrolatuta dabilela.

Langileen Alderdiak [hedabideetatik] gauzak kentzeko eskatu izan duenean, Lulari kalte egiten omen ziotelakoan, De Moraesek eskari guztiak onartu ditu; Bolsonarok informazio faltsuak ezabatzeko eskatu izan duenean, aldiz, ukatu. Are gehiago: egunkari batzuk zentsuratuta daude, eta ez dute modurik egia argitaratzeko.

Zer diozu aurrekontu sekretuaz, gaur egungo gobernuari asko kritikatu zaion neurri horretaz?

Aurrekontu sekretua Kongresuak onartu zuen, 2019an, eta Bolsonarok betoa jarri zion, baina Kongresuak bertan behera utzi zuen beto hura. Aurrekontuaren kontalariak bidaltzen ditu zuzenketa horiek, eta diru hori guztia ez da sekretua: Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, Brasilgo Gobernuaren argitalpen ofizialean. Brasilgo prentsak kontuz ibili behar du zer esaten duen. Brasilgo prentsak ezkerrerako joera oso nabarmena du; horrek mesede egiten dio Lulari, eta kalte Bolsonarori.

Uztailean jakin zen Brasil berriz ere sartu dela Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak egiten duen Gosearen Mapan. Zer gertatu da?

Iaz arte, gobernuak 190 errealeko laguntza ematen zien langabeei, eta hori ez da aski jateko. Bolsonarok handitu egin du laguntza hori: lehenik, 400 errealera, eta, orain, 600era. Horren ondorioz, gose gutxiago dago orain. Lularen gobernuarekin, herritarren %14 zeuden pobrezia indizetik behera, eta Bolsonarorekin, berriz, %10,8.

Arazoa da pandemian gobernadoreek eta alkateek dendak itxi zituztela, eta hemen jende asko bizi dela turismotik, eta pandemian ezin izan dutela lan egin.

Baina Lularen azken gobernualdia bukatu zenean, 2015ean, Gosearen Mapatik irten zen Brasil...

[Eten bat egin du] Adierazle aldrebesak hartu dituzte-eta kontuan. Beherago jarri dute gosearen langa, esan ahal izateko datuak onak zirela.

Bolsonarok auzitan jarri zuen Hauteskunde Auzitegi Nagusia, eta esan zuen bera garaile irteten ez bazen beharbada ez zituela onartuko hauteskundeetako emaitzak…

Ez zuen esan ez zituela onartuko; esan zuen hauteskundeek gardenak izan behar zutela, eta maiz eskatu du indar armatuek parte har dezatela botoen zenbaketan. Baina Auzitegi Nagusi Federalak ez die parte hartzen utzi nahi indar armatuei, konstituzioaren zaintzaileei.

Bolsonarok herrialdea kudeatu duen garaian, Amazonian 2006tik izan den baso soiltzerik handiena izan da.

Deforestazioa asko handitu da, baina horren arrazoi nagusia izan da Ingurumenaren eta Natura Baliabideen Brasilgo Institutuko fiskalak etxean egon direla pandemian, eta ez dutela behar adina fiskalizatu. Gainera, gure historiako lehorterik handiena izan dugu, eta sute ugari.

Bolsonarok ez zuen nahi pertsona horiek etxean gelditzea eta fiskalizazioa etetea, baina gobernadoreek, alkateek eta Gorte Gorenak erantzun zioten ez zuela zer esanik gai horretan.

Zuk, lanbidea alde batera utzita, honela definitu ohi duzu zeure burua: kontserbadorea, ama, koronel baten emaztea, eta armen maitalea. Zer esanahi dute zuretzat halako definizioek?

Lanbidez aholkularia naiz, eta oso enpresa garrantzitsuekin lan egin izan dut. Politikari gisa, ordea, iruditzen zait gauza multzo baten alde bozkatzen duela jendeak. Ni, ama naizenez, familiaz kezkatzen naiz; emaztea naizenez, balio kristauez kezkatzen naiz; kontserbadorea naizenez, biziaz kezkatzen naiz bizia sortzen denetik bertatik; eta militar baten emaztea naizenez eta Bolsonarori leiala natzaionez, horrek denak asko esaten du nitaz, eta jendea fidatu egiten da.

Eta armena?

Bai, armak eramateko baimena daukat, eta armen alde nago, uste baitut herri armatu bat ezin dela inoiz esklabo bihurtu. Kubako eta Venezuelako diktadoreek, gobernura iritsi eta lehenengo gauza, herria desarmatu izan dute. Baina herri bat armatuta badago, ezin da esklabo bihurtu, bere burua defenda dezake eta. Armen alde nago bizitzaren alde nagoelako, eta, inork nire biziaren kontra egiten badu, nik modua izan behar dut neure burua defendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.