Albistea entzun

Kirgizistanek Tajikistani egotzi dio menia urratzea eta eraso egitea

Bi herrialdeetako indarrak borrokan hasi dira berriro asteon, mugan; gutxienez hiru hildako izan dira, 27 zauritu, eta milaka desplazatu
Kirgizistango pertsona bat protesta egiten Bixkek hiriburuan, Tajikistango enbaxadaren aurrean.
Kirgizistango pertsona bat protesta egiten Bixkek hiriburuan, Tajikistango enbaxadaren aurrean. IGOR KOVALENKO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2022ko irailak 17

Aste honetan gatazka piztu da berriro Kirgizistan eta Tajikistan arteko mugan, baina, bi egunez borrokan aritu eta gero, su etena adostu zuten atzo Kirgizistango presidente Sadir Japarovek eta Tajikistango Emomali Rakhmonek. Hori jakinarazi zuen Japaroven bulegoak. Han 16:00ak zirela sartu zen indarrean —Euskal Herriko 12:00etan—. Baina ordu batzuk geroago, menia ez errespetatzea eta berriro bonbardatzen hastea egotzi zion Kirgizistanek Tajikistani.

Bi presidenteak Uzbekistanen egon dira, SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran, eta han negoziatu zuten. Bi herrialdeek elkarri egotzi diote erasoaldietan arma astunak erabiltzea. Borroketan gutxienez hiru pertsona hil dira, eta 27 zauritu, iturri ofizialen arabera.

Menia iragarri aurretik, Kirgizistango mugazainek ohar batean nabarmendu zuten Tajikistango indarrak tankeak, ibilgailu blindatuak eta morteroak erabiltzen ari zirela eraso egiteko, eta zehaztu zuten Batken herriko aireportua bonbardatu zutela azken orduetan, eta gutxienez herrixka batera sartu zirela. Jakinarazi zuten eraso horiei erantzun zietela, «etsaia» erasoaldia alboratzera behartzeko eskura dituzten «teknika eta arma guztiak» erabiliz. Bide batez, azpimarratu zuten 136.000 pertsona aterarazi dituztela Tajikistandik gertu dauden lekuetatik.

Tajikistanen arabera, ordea, Dinauko (Kirgizistan) mugazainek bi herrialdeen arteko «akordioa» urratu zuten han 04:50 zirenean, eta Duxanbe Tajikistango hiriburua eta zazpi herrixka bonbardatu zituzten, «arma astunak» erabiliz.

Nahiko ohikoak dira gatazkak Sobietar Batasuneko kide izandako bi errepublika horien arteko mugan, baina azkar baretu ohi dira. Moskuk eskualdea banatu zuen, baina guztiz aintzat hartu gabe non zeuden talde etnikoen kokalekuak.

Iazko apirilaren amaieran ere izan ziren borrokak, hiruzpalau egun iraun zuten, 55 pertsona hil ziren, eta 40.000 desplazatu inguru eragin zituzten. Gatazka, hain zuzen, oraingo eremu berean piztu zen, Tajikistango Sughd eta Kirgizistango Batken probintzien artean, Isfara ibaiko urtegi baten eta ur ponpa baten kontrolaren harira. Su etena adostu zuten.

«Beste eragile bat»

Reuters berri agentziak kontsultatutako aditu batzuek nabarmendu dute erretorika «populista eta nazionalista bat» gailendu dela bi aldeetan, eta eskatu dute «beste eragile baten parte hartzea», desmilitarizatutako eremu bat ezar dezan gatazka gunean.

Errusiak baseak ditu bi herrialde horietan, eta borrokak eteteko eskatu du. Bi herrialdeak OKDB Segurtasun Kolektiboko Itunaren Erakundeko kide ere badira, Bielorrusia, Armenia, Kazakhstan eta Errusiarekin batera, eta aliantza militar horrek adierazi du harremanetan daudela bi aldeekin erlazioak onbideratze aldera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manifestari bat, hautetsontzi erraldoi bat garraiatzen, atzo, Bartzelonan, urriaren 1eko erreferendumaren bosgarren urteurreneko ekitaldian. ©ENRIC FONTCUBERTA / EFE

Independentisten frustrazioa plazaratu du U-1aren urteurrenak

Gorka Berasategi Otamendi

Puigdemontek U-1aren «agindu demokratikoa» betetzeko eskatu dio Aragonesi. Bete ezean, prozesua gidatzeko zilegitasuna aldarrikatu du. Forcadelli eta Rovirari txistu egin diete ekitaldian

Lularen jarraitzaileak, «Lula da irtenbidea» dioen kartel batekin. ©BRUNO ZANARDO / EFE

BI EREDU KONTRAJARRI

Arantxa Elizegi Egilegor

Elkarrengandik ezin urrunago dauden bi indar dira Luiz Inacio da Silva 'Lula' eta Jair Bolsonaro. Zentro-ezkerrean bata eta eskuin muturrean bestea, aurrez aurre egongo dira gaur Brasilen egingo dituzten presidentetzarako bozetan.
Emakume beltz bat haur batekin jolasten. ©BERRIA

Dena edo ezer ez

Cecilia Valdez

Emakume beltzak gutxiengoa dira Brasilgo Kongresuan, baina gehiengoa pobreziaren, desberdintasunaren, bazterketaren eta errepresioaren inguruko datuetan. Lularen garaipena beren eskubideak hobetzeko aukeratzat daukate.
 ©DANI CODINA

«Akordio bat behar dugu boterea nola ezarri argitzeko»

Gorka Berasategi Otamendi

Kataluniako Errepublikaren Kontseiluko kidearen esanetan, erreferendumaren bosgarren urteurreneko manifestazioaren helburua «herritarren mobilizazioa balioestea» izan da, eta gizartearen eta erakundeen arteko elkarlanari garrantzi estrategikoa aitortzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...