Bero bolada batek ehun hildakotik gora eragin ditu Kanadan

Columbia Britainiarrean 49,5 gradu neurtu zituzten asteartean, herrialdean inoiz neurturiko tenperaturarik beroena baino 4,5 gradu gehiago. Hildako gehienak adinekoak dira

Mendocino lakua, erabat lehor, Ukiahn, AEBetako mendebaldean. JOHN G: MABANGLO / EFE.
Edu Lartzanguren - Arantxa Elizegi Egilegor
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Kanada, Vancouver, Columbia Britainiarra... ez dira normalean beroarekin lotzen diren lekuak. Baina egunotan, han inoiz neurturiko tenperaturarik beroenak pairatzen ari dira, askok «historiko» hitzarekin deskribatu duten beroaldian. Vancouverko Poliziak 130 heriotza zenbatu ditu ostiraletik, eta horietako 65 beroarekin lotu ditu zuzenean. Gehienak adinekoak edo gaixoak ziren, edonola ere.

Columbia Britainiarrean (Kanada) 49,5 gradu neurtu zituzten asteartean. Hiru egunez jarraian marka hautsi dute tenperaturek: herrialde osoan inoiz ez dute gainditu 45 graduko muga, orain arte. 1937an neurtu zituzten 45 gradu horiek. «Vancouverren ez dugu inoiz jasan halakorik, eta, zoritxarrez, dozenaka pertsona hiltzen ari dira», esan zuen atzo hiriko Poliziako eledun Steve Addisonek.

Osasun agintariek ohartarazi zuten eguraldiaren ondorioz jende gehiago hilko dela beroak eta hezetasunak iraun bitartean. Lisa Lapointe Columbia Britainiarreko auzi medikuen buruak agiri baten bidez adierazi zuen azken lau egunetan heriotza kopurua 130ekoa izango zela egoera normal batean, baina ekainaren 25etik 28ra 233 pertsona hil direla. «Kopurua handituz joango da datuak gaurkotu ahala».

Herritar asko aire girotua duten eraikin publikoetan babesten ari dira. Izan ere, jende askok ez du halako gailurik etxean, inguru horietan ez dutelako halako tenperaturarik edukitzen normalean. Kanadako klimatologian adituek ohartarazi dute Kanada munduko herrialderik hotzenetan bigarrena dela, eta elurtsuenetan lehena, eta ez daudela ohituta halakorik ikustera. Kanadako ekialdera eta iparraldera mugitzen ari da orain beroaldia.

Beroaldiak AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ozeano Bareko ipar kostari ere eragin dio. Han, gainera, arazoak eduki dituzte argindar sarean, jende asko aire girogailuak etengabe erabiltzen ari delako. Washingtongo Estatuan txandakako itzalaldiak programatu dituzte, sarea babesteko.

Klima larrialdia

Adituen arabera, klima larrialdiak ugaritu egingo ditu muturreko fenomenoak, eta, beraz, baita bero boladak ere. Dena den, ohartarazi dute zaila dela eguraldiarekin lotutako muturreko gertaerak zuzenean klima larrialdiarekin lotzea. Kanadako Ingurumen eta Klima Aldaketarako Zentroko ikerlari Greg Flatooren esanetan, egunotan tenperaturak asko igotzen dira egunez, baina ez dira jaisten gauean, eta hori ez da ohikoa. «Horrek pentsarazten du klima aldaketak baduela zerikusirik. Zientziak urteak daramatza honetaz ohartarazten, baina orain heldu egin da, eta hortaz ohartzen zara lurrean lo egin behar duzunean zeure burua nolabait freskatzeko».

Flato ez da bakarra klima larrialdiak eragin ditzakeen ondorioez kezkatuta agertu dena. Alderdi Berdeko buru Sonia Furstenauren esanetan, klima larrialdia osasun publikoko larrialdia da, eta tamaina bereko neurriak hartu behar ditugu: «Columbia Britainiarrak udaro egin beharko die orain aurre muturreko tenperaturei eta suteei».

Beroak ez ezik, uholdeek eta suteek ere kezkatzen dituzte agintariak Kanadan. Joan den ostiraletik uholde alertak iragarri zituzten Columbia Britainiarrean, bero oldea normalean baino azkarrago ari delako urtzen izotza. Horrez gain, beste zenbait eremutan ohartarazi dute «oso handia» dela baso suteak egoteko arriskua.

Adituek ohartarazi dute tenperaturak azken 6.000 urtean baino gehiago igoko direla datozen mende erdian. Hala, 2070erako, Saharako basamortuan ohikoak diren tenperaturak normalak izango dira munduko herrialdeen %19tan. Horrek zuzenean eragingo du milaka herritarrengan. NBE Nazio Batuen Erakundeko Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak aurreikusi duenez, klima larrialdiak 25 milioi eta mila milioi migratzaile artean eragingo ditu 2050erako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.