Donostiako 70. Zinemaldia. Zinemira. Jabi Elortegi. Zinemagilea

«Diasporakoek besoak zabalik hartu gintuzten»

Zinemira saileko irekiera galan estreinatuko dute gaur 'El vasco' komedia. Bere arazoetatik ihesi Argentinara joan den euskaldun baten barne bidaia kontatzen du. Elortegiren arabera, istorioa unibertsala da.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
ETBrako makina bat telesail eta saio zuzendu ditu Jabi Elortegik (Bermeo, Bizkaia, 1969). Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehen filma, 2009an: Zorion perfektua. Bigarren pelikula du El vasco —gaztelaniaz da; euskara zenbait unetan entzuten da—.

2020ko martxoan Argentinara joatekoak zineten El vasco filma grabatzera, eta pandemia iritsi zen. Nola egin zenioten aurre?

Filmak istorio luzea du: lehen gidoia duela zortzi urte idatzi genuen. Gordeta egon zen zenbait urtez. Gero, Donostiako Zinemaldiak Argentinako ekoizle batzuekin harremana erraztu zuen, eta ekoizle batek filma egin nahi zuela esan zigun. Dena prest genuen, eta hegazkin bidaia martxoaren 28an, baina pandemia iritsi zen. Irailerako jarri genuen data berria, baina orduan ere ezin izan zen. Azkenean, iazko uztailean joan ahal izan ginen Argentinara filma grabatzera.

Euskaldun batek Argentinara joatea erabakiko du. Han bizitakoa da filmaren ardatza, baina zer kontatu nahi du El vasco-k?

Gauza asko kontatzen ditu. Batetik, mutil euskaldun batek [Bermeokoa (Bizkaia), zinemagilea bezala] bere bizimodua aldatu nahi du, munduko beste puntara joateko prest dago. Euskal Herriko kontuak ahaztu nahi ditu, baina Argentinan topatzen dituen pertsonak Euskal Herrikoak baino euskaldunagoak dira. Bere familiaren historiarekin ere egiten du topo, bere aitona-amonen istorioekin, eta barruak mugitzen hasten zaizkio. Norbait topatzen du han, zera azaltzen diona: arazoak arazo direla, eta nahiz eta munduko beste puntara joan, arazoak norberarekin doazela.

Nolakoa izan zen Eduardo Blanco aktore argentinarrarekin lan egitea?

Sekulako esperientzia da Eduardo Blancorekin lan egitea. Lan egin dudan aktoreetatik onenetakoa da. Zuzendariari ere asko exijitzen dio: proposamen asko egiten dizkizu. Urtebetez zain egon zen gurekin lan egiteko, gidoia gustukoa zuelako; Madrilen bizi zen, antzerkia egiten, eta tarteka hara joaten nintzen harekin egoteko. Blancok dio bere pertsonaia ameslari bat dela [protagonista euskaldunaren lehengusuarena egiten du].

Argentinako beste aktoreekin ere gustura aritu zineten?

Ines Efron ezagutzen genuen, Zinemaldian sarritan egon baita, eta oso gustura egin genuen lan berarekin; gaurko estreinaldian Kursaaleko kubo txikian egongo da. Bestetik, Laura Olivak antzerki eta telebista asko egiten du Argentinan, eta ezustekoa polita izan da niretzat. Beste pertsonaia txikietarako, berriz, Cordobako probintzian euskal diasporarekin lotutako pertsonak aukeratu genituen. Oso aberasgarria izan zen.

Nola hartu zuten hango diasporakoek film bat egitea?

Hunkitu egiten naiz horrekin. Besoak zabalik hartu gintuzten. Villamaria herriko euskal etxean egon ginen, eta batez ere haiekin aritu ginen. Mendozan ere esku zabalik hartu gintuzten. Lagun onak egin genituen; haiek beretzat hartu zuten proiektua. Euskal tradizioa eguneroko lantzat zeukaten. Filma, gainera, aitzakia izan zen haientzat denak batzeko, konfinamenduen ostean eta.

Euskarak badu garrantzia istorioan. Euskaraz kantuan entzuteak berpiztu egiten du pertsonaietako bat.

Euskarak ematen dio filmari bira. Istorioko amonak [Itziar Aizpuru] hamar urte daramatza erdi lo, bere neba hil zenetik. Protagonista [Joseba Usabiaga] euskaraz kantuan entzuten duenean, berpiztu egingo da.

Filma euskarara bikoiztuko da?

Bai, bikoiztuta dago jada, eta ETBk euskaraz zein gaztelaniaz eman ahalko du.

2009ko Donostiako Zinemaldian Zorion perfektua aurkeztu zenuen. Nola sentitu zara berriz zinema egiten?

Ondo, nahiko hizkuntza berdintsuak dira telebista eta zinema. Baina ez da erraza film luzeak aurrera ateratzea. Urteak ziren pelikula hau buruan nuela, eta pozik nago, datorren urtean beste bat egiteko moduan.

Garai batean, telebistaren eta zinemaren arteko aldeak handiagoak ziren. Ez al da hori aldatu? Mugak lausoagoak al dira?

Teknologikoki, adibidez, parekatu egin da kontua, eta kamera berak erabiltzen ditugu telebistarako zein zinemarako. Filmak egitean, enkoadraketetan pentsatzen duzu pantaila handi batean ikusiko dela. Baina zinema nola dagoen kontuan hartuta, nahiz eta lehen pausoa aretoetan izan, badakizu plataformetan ikusiko dela gehiago. Gaur egun, berdintsuak dira telebista eta zinema.

Urduri zaude gaurko estreinaldirako?

Bai, oso jende gutxik ikusi du filma. Kaleko herritarrek ikustea nahi dut, eta ea zer dioten. Gogotsu eta urduri nago; badakit barruak mugituko zaizkidala Kursaalera iristen naizenean.

Urriaren 7an areto komertzialetan ikusi ahalko da filma.

Contracorrientek Hego Euskal Herrian eta Espainian banatuko du, eta nazioartean, Filmaxek. Argentinara ere iritsiko da; hango euskal-argentinarrak zoro moduan daude filmaren zain. Bestalde, nahiko nuke pelikula beste herrialde batzuetara iristea. Istorio unibertsala da. Euskal topiko batzuk daude, baina edozein tokitan uler daiteke filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.