urtzi urkizu
ANALISIA

Euskarak ez dio kalte egiten ETB2ri

2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Telebista kate pribatuek ikusle datuen arabera erabakiak hartzea arrazoizkotzat jo daiteke, etekin ekonomikoak lortu nahi dituztelako (batez ere). Zalantza handiagoa eragiten du telebista publikoek ikusle datuen arabera osatzea programazioak, eta audiometro kopuru txiki batek baldintzatzea beren estrategia edukiei dagokienez. Baina are zalantzagarriagoa da euskarazko egitasmoak merkatu logiken arabera baldintzatzea.

Izaskun Rekalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak—ekainaren 14an zendu zen— honako hau esan zuen iazko udan: «Euskararen babesa merkatuaren jokoan sartzea ez da justua». Bilboko Hau Pittu Hau konpartsaren Euskara saria jaso eta gero esan zuen esaldia, eta behin eta berriz gogoratzeko modukoa da. Euskarak nekez irabaziko baitie mainstream hizkuntzei merkatuaren arabera jokatuz gero.

Balio beharko luke horrek Euskal Irrati Telebistarentzat ere. Izan ere, ikus-entzunezkoen eszenatoki berrian amaiezinak dira Euskal Herriko herritarrek ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez eta beste hainbat hizkuntzatan aukeran dauzkaten edukiak, eta, haien aldean, oso-oso gutxi dira euskarazkoak.

Eta dena esan behar bada, ETBk ematen ditu hainbat saio euskaraz, ikusle datu handiei gehiegi erreparatu gabe. Teknopolis zientzia eta teknologia saioa, Hitzetik hortzera bertsolaritza saioa, EITB Kultura, Artefaktua literatur saioa eta beste hainbat. Merke ateratzen zaizkio saio horiek, eta zerbitzu publikoa eskaintzen dute.

Aldiz, ETBk uko egin dio nazioarteko film eta telesailak euskarara bikoiztuta emateari, lortu ohi dituzten ikusle datu txikiak arrazoitzat jarrita. Eta horrek nahikoa kalte egiten dio euskararen normalizazioari.

Beste muturrean leudeke kirol emanaldiekin ETBk lortu ohi dituen ikusle datu onak. Egiazki, kirol emanaldi oso txukunak egiten ditu Euskal Telebistak, oro har, eta ikus-entzuleen erantzuna aparta izan ohi da gehienetan. Hala izan da Frantziako Tourreko Euskal Herriko etapetan ere. Eta emankizun horietan aipatu behar da ETB2 ere erakusleiho izan zela 14:00etatik 15:00etarako tartean, euskarazko katean albistegia ematen ari zirelako. Euskaraz, ETB2n, eta ikusle datu oso onak: Tourreko aurreneko etapa ETB2n ematen aritu ziren orduan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikusle kuota %10ekoa izan zen; bigarren etapan, Gasteizen hasi eta Donostian amaitu zen hartan,%9,4ko ikusle kuota lortu zuen ETB2k euskaraz. Kate horren batezbesteko kuota ekainean %8,9koa izan zen, eta, horrenbestez, euskarak ETB2ren gaztelaniazko ohiko jarduna gainditu zuen. Emaitza ona izan zuen, halaber, uztailaren 2an ETB2k euskaraz eman zuen estropadak: %11,4ko ikusle kuota gizonezkoenak, eta %5,4 emakumezkoenak.

Kontua da egun ezin direla soilik telebista tradizionaleko ikusleak aintzat hartu. Milaka lagun izan ziren kirol emanaldiak euskaraz Internet bidez ikusi zituztenak: Tourreko lehen etapa Internet bidez ikusi zuten 76.463 herritarrek. Eta bigarren etapa ikusteko, 96.854 herritar konektatu ziren EITBra Interneten.

ETB2n beste emanaldi garrantzitsu batzuk euskaraz egin dituztenean ere, datuak onak izan dira; adibidez, Korrikaren amaierako saioa ETB2k eman izan du, euskaraz, eta lortutako ikusle datua hobea izan da ordutegi horretan gaztelaniazko kateak izan ohi duena baino.

Edo, bestela ere, inor ez da asaldatu egunotan ETB2n Pello Bilbao eta Jon Izagirre txirrindulariak euskaraz entzuteagatik. Une horietan ikus-entzuleek ez dute katea aldatu, ziur aski.

Horrenbestez, eta ETB2 kateak merkatuaren logikan jarraitzeko hautua zalantzazkoa izanda ere, argi esan daiteke euskarak ez diola inolako kalterik egiten kateari. Indartu egiten du. Azpidatzien aukera ere hor dago, ETB2n euskarazko emankizun gehiago egin nahi bada. Saiakerak sarriago egitea ez litzateke txarra euskararen zabalkundearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.