Jon Elortegi. Urdaibaiko entrenatzailea

«Arraunean ez dute izenek egiten, arraunlariek baizik»

Gustura dago Urdaibaiko entrenatzailea taldeak neguko prestaketan egin duen lanarekin, eta bere aginduetara duen arraunlari multzoaren balioa goretsi du: «Irabazteko gosea eta amorrua daukate».

JON ELORTEGI.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Lehen hilabeteak ari da egiten Urdaibaiko entrenatzaile lanetan Jon Elortegi (Barrika, Bizkaia, 1977), eta gustura dago egindakoarekin. Orain, koronabirusaren eraginez, bide hori eten egin da.

Zerk kezkatzen zaitu gehien egoera honetatik?

Blokea osatzeko hain beharrezkoa den uretako lana galtzen ari gara. Bestelakoan, arraunlariak oso profesionalak dira, eta egunero ari dira entrenatzen. Lortu dugu denek ergometroa izatea etxean eta lana ondo egitea.

Lehiaketarekin gerta daitekeenak ere kezkatuko zaitu, ezta?

Hau asko luzatzen bada, kezkatzen nau nola geratuko diren uda hasierako estropadak eta Eusko Label liga bera. Arraunarentzat atzerapauso itzela izango litzateke liga ez jokatzea. Nahiz eta berandu hasi, jokatu egin beharko litzateke. Agian, ez da izango aurreko urteetako bezalako maila onekoa liga hasieran, baina joka dadila.

Hau asko luzatuko balitz, liga beste formatu batean jokatzearen alde zeundeke?

Estropadak motzago izateak, adibidez, ez luke zentzurik izango. Galduko litzatekeena traineruen abiadura izango litzateke, talde guztiak baikaude egoera berean.

Zer moduz zihoan taldea orain arteko prestakuntzan?

Lan asko eta ona egin dugu neguan. Espero genuen maila eman dugu jaitsieretan.

Hasieratik ari zara udan talde nagusia izango denarekin lanean?

Ez, nahasian ibili gara duela hilabete arte. Orain, taldeak bereizteko momentuan harrapatu gaitu egoera honek.

Zergatik ibili dituzu nahasian arraunlariak?

Klubarentzat oso garrantzitsua da B taldea uretan izatea, Bermeoko arraunlari gazteek arraun egin ahal izateko, eta ahalik eta gehien nahi genuen luzatu nahasian entrenatzeko aldia. Bigarren taldeak ere baldintza onetan atera behar du uretara udan.

Iazko arraunketarekin alderatuta, ezberdina da aurtengoa?

Bai. Betiko arraunketa gustatzen zait, luze egitea. Arraunlariak normaltasunez sentitzen duen hori bultzatu baino ez dugu egin.

Gaur egun, ez dago sekulako aldea arraunketa motetan, ezta?

Duela urte batzuk, bai, Astilleroren garai onen hasieran, adibidez. Baina, orain, bi daudela esango nuke: bat Hondarribiarena da, atzean asko geratuz egiten dena; eta bestea betikoa da, gu ezartzen ari garena taldean.

Hainbat arraunlari izango dira berriak aurtengo Urdaibain. Zergatik hautatu zenituen horiek?

Egokienak direlako iazko taldetik dauden zuloak betetzeko. Ondo osatu dugu trainerua, eta aldaketak egiteko aukera izango dugu. Lehen zeudenak eta berriak lehian ari dira postua lortzeko.

Inoiz baino izen gutxiagoko arraunlari gehien izango ditu aurten Urdaibaik?

Arraunean ez dute izenek egiten, arraunlariek egiten dute. Oriok, adibidez, iazko taldean izen asko aldatu zituen, eta liga irabazi zuen. Gurean ere ez dago zergatik maila jaitsi. Orain izen potoloa dutenek hemen egon zirenean ez zuten izen handirik, eta emaitza bikainak lortu zituzten.

Zer itxura hartu diezu aurkariei?

Iazko egoera. Sei traineru oso indartsu daude, edozein egunetan irabazteko aukerekin, eta, bi izen ematekotan, Orio eta Hondarribia emango nituzke.

Urdaibaira itzuli zarela, taldearen barruko lehengo giroan zerbait aldatu dela ikusi duzu?

Ez. Arraunlariak lagunak dira, oso gustura daude elkarrekin, arraunean eta hortik kanpo. Urdaibairen balio handi bat da kirolari handiak eta pertsona handiagoak direla, oso lagunak.

Lehen taldekide izan zenituen batzuen entrenatzaile zara orain. Handia da aldaketa?

Ondo hartu naute. Zuzendaritzak entrenatzailea hautatzerakoan, arraunlariei galdetu zien, eta ni izatearen alde azaldu ziren. Horrelako talde bateko aldagelan ondo sartzea oso garrantzitsua da.

Berdina da Deustu eta Urdaibai entrenatzea?

Lana bera da, baina Bermeon maila handiagoa dago, eta aginduak azkarrago xurgatzen dituzte arraunlariek. Deustun ere kirolari eta pertsona oso onak zeuden, eta oso gustura ibili nintzen. Irabazteko presioari dagokionez, norberak jartzen dio bere buruari. Urdaibain badago bestela ere dena irabazteko presioa, eta horrekin ere bizi egin behar da.

Iazkoa hobetzeko, ez duzue asko beharko.

Bai. Oso urte txarra izan zen, eta irabazteko gose eta amorru handia dago taldean; hori onerako izango dugu aurten.

Urdaibain, entrenatzaileak ez omen du laguntzeko jende asko izaten alboan.

Prestatzaile fisikoa eta laguntzailea dauzkat. Horretan ez dut kexarik. Bestela, zuzendaritzan, egia da ez dagoela jende asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.