Cristina Rueda. Aldarte elkarteko kidea

«Estereotipoak lantzen ez baditugu, erasotzaile izatera hel gaitezke»

LGTBI kolektiboko kideen aurkako gorroto delituei buruzko dokumental bat aurkeztu berri du Aldartek. Hainbat herrialdetako testigantzak bildu dituzte, eta bortizkeriari aurre egiteko estrategiak jorratu.

GORKA RUBIO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Sexualitatearekin eta genero identitatearekin lotutako erasoei buruzko dokumental bat aurkeztu berri du Aldarte elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz: OSGI gorroto delituei begirada orokorra izenburupean, LGTBI kolektiboko hainbat kideren bizipenak jaso dituzte Euskal Herrian, Espainian, Mexikon, Hondurasen, Guatemalan eta Nikaraguan. «Haien errealitatea ikusarazi nahi genuen, ez baitago gaiaren inguruko ikus-entzunezko material askorik», azaldu du Aldarteko kide Cristina Ruedak (Zarautz, Gipuzkoa, 1990). Sarean jarri baino lehen, emanaldi batzuk izango dituzte datozen asteetan; besteak beste, Arrasaten, Zarautzen eta Orion.

Zer helburu dute LGTBIen aurkako gorroto delituek?

Gorroto delituen giltzarria gorrotoa bera da; intolerantzia adierazteko modu bat dira: «Hemen ez zaudete onartuta». Alboratutako taldeei egiten zaien jazarpenaren isla dira delitu horiek, LGTBei ez ezik ijitoei eta beste kulturetakoei ere egiten zaien horren isla; nolabait, berdintasun printzipioa hausten dute. Txikitatik, estereotipo eta aurreiritziekin hezten gaituzte, haiek barneratzeraino, eta haien arabera jokatzen dugu arauetatik ateratzen direnekin. Agian, hemen egun ez daude hain agerian LGTB kolektiboari lotutako estereotipoak, baina prostituzioarekin eta droga menpekotasunarekin lotu izan dira duela gutxi arte, eta kutsu hori badago gure jendartean. Hemen pairatzen dugun indarkeria sotilagoa da, baina Latinoamerikako testigantzek erakusten dute nola gertatzen den bortizkeria hori: gorroto diskurtsoak eskuin muturreko taldeen eta elizen bidez zabaltzen dira, eraso fisikoak jasaten dituzte... Estereotipo horiek lantzen ez baditugu, erasotzaile izatera hel gaitezke, are gehiago inguruak hori bermatzen badu: adibidez, legeak gure kontrakoak badira, epaitegiek ez badituzte gure salaketak aintzat hartzen, edo eskuin muturreko diskurtsoak hedatzen badira.

Eskuin muturraren goraldia kezkagarria da LGTBI komunitatearentzat? Kontuan hartuta azken urteetan aurrerapausoak izan direla onarpenean...

Onarpenaren kontzeptua bera gakoa da: gu ez gaitu inork onartu behar; gu gizakiak gara, eta giza eskubide berberak ditugu. Edonola ere, ez da hainbeste denbora pasatu aurrerapauso horiek eman direnetik, eta tartean izan dira kontrako adierazpenak ere. Eskuin muturra urte batzuetan isilik egon da, ez baitzegoen ondo ikusia jendaurrean jarrera batzuk agertzea, baina horrek ez du esan nahi desagertuta zegoenik. Hor zegoen, eta orain berriro piztu da; memoriarik ez dugun bitartean, berriz gertatuko dira halakoak.

Homosexualitatea legez kanpokoa da hainbat herrialdetan. Legeek bide ematen dute LGTBI kolektiboko kideen eskubideak bermatzeko?

Askotan, legeak eta jendartea eskutik helduta doaz, baina legeek aurretik joan behar dute, haiek jartzen dutelako oinarria eskubide urraketarik ez gertatzeko. Baina legeak ere ezin dira helburu bakarra izan, zeren sexualitatea eta identitateak ulertzeko moduak ere aldatzen ari baitira. Adibidez, egun indarra hartzen ari diren diskurtso batzuk oso binaristak dira: trantsita dezakezu, baina gizonetik emakumera edo alderantziz. Izugarria da zer pairatzen duten binomio hori puskatu eta beste aukera batzuk hartu dituztenek: dokumentalean ageri da «munstrotzat» dituztela. Hor dugu lana: gure sexualitatea eta identitateak askatasunez bizi ahal izatera iristeko, legeez aparte lan handia egin behar da.

Esan izan duzu gorroto delituak salatzea ez dela erraza. Zer oztopo daude?

Errealitate bat da eraso guztiak ez direla salatzen edo jakinarazten. Horren atzean zera dago, salatzeak norberari zer ekar diezaiokeen. Batetik, prozesu judizialak gogorrak eta mantsoak dira; ez dira biktimak babesteko pentsatutako eremuak. Bestetik, Poliziaren eta epaileen aurrean lesbiana, gay edo trans gisa agertu behar duzula, eta batzuk ez daude prest une horretan, agian ez dutelako esan etxean, edo beldurra ematen dielako, edo ez dutelako konfiantzarik erakundeetan. Eta, azkenik, erasoen kontzientziarik eza: jende askok bazterkeria mota ugari jasaten ditu, baina ez du sentitzen salatzeko modukoak direnik; horretarako ahalduntze prozesuak garatu behar dira.

Indarkeriari aurre egiteko estrategiak ere jorratu dituzue dokumentalean. Zein dira?

Kolektiboak egunero jasaten ditu erasoak, eta, babeserako baliabiderik ez dagoenez, guk sortu behar izan ditugu. Estrategia horiek hiru ildo dauzkate: bizirik irautea, aurre egitea eta eraldatzea. Bizirik irauteari dagokionez, erasoa pairatzen ari diren momentuan hortik ateratzeko tresnak lantzen dituzte: izan daiteke buila edo korrika egitea, baina baita erasoak saihesteko norbere burua ikusgai ez egitea ere. Aurre egitea erasoen ostean dator, eta bakoitzak bere modua du, baina batzuentzat hor hasten da auzia kolektibizatzeko bidea. Azkenik, eraldaketarako estrategiak kolektiboak dira: LGTB taldeek nola egiten dioten aurre indarkeriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.