Ez dut duda izpirik, gau eta egun pare bat daramazue direnak eta ez direnak egiten Donostiako Zinemaldiaren ordutegi-emanaldiak eta zuen bizitzak bat etor daitezen saiakera alferrikakoeta aldrebesetan.
Ez dut zalantza bat ere; Donibane Lohizuneko gure Le Select areto maitean larunbatean proiektagailu bat hondatu egin zen, eta 16:30eko emanaldia bertan behera utzi beharizan zuten bertako arduradun prestuek. Alboko kalte bat: ezin izan zenuten Donostian Perlak saileanizango den Christian Petzolden Roter Himmel ikusi. Beraz, pikutara joan zitzaizuen Zinemaldiko plangintza dela eta lortzen hasiak zineten doi-doikooreka. Baita emozionala ere. Ez ahaztu, bide batez, hilaren 20an estreinatuko dela Donibanen, Miarritzen eta Baionan Aki Kaurismakiren Fallen Leaves , Nazioarteko Zinema Idazleen Federazioaren (Fipresci) sari nagusia eskuratu zuen ipuin samina. Tristura epelaz gainezka den Kuolleet lehdet hori pixka bat geroxeago (24an) arrimatuko da zinema festa Donostiakora.
Bihotz-bihotzez opa dizuet zuen gau eta egunetako plangintza zehazten, taxutzen eta egokitzen asma dezazuela. Eskuan kalkulagailu eta erloju kuantikoak izanik, seguru erronka gaindituko duzuela...
Donostiarako sarrera leihatila birtual eta fisikoak noiz irekiko zain bazaudete ere, badakit itsumustuan eztabaida beroetan jarduten duzuela Elena Martinen Creatura filma dela medio. Alde. Kontra. Aurka. Aurrez aurre. Ni, kontrakoen bandoan nauzue. Nire irudiko, ez gidoiak ez kamerak ez eszenaratzeak ez baitiote pelikulari behar/eskatzen duen arnasa hartzen uzten...
Zinemarekiko duzuen kezka, ardura, pasioa gehi buru eta bihotz hauste horiek guztiak zilegi bezain zuzenak direla onartzen (eta partekatzen) badut ere, ni antzik ere ez duen bestelako kontu ziztrin batekin natorkizue. Badakit (beti diotsuet gauza bera) zuek bezalako jende jantzi, ikasi eta prestuak ez diola kontatzera noakizuen bezalako huskeriari erreparatzen. Nik, ordea, bai. Eta ez, ez dizuet barkamenik eskatuko. Niri, The Nun II-ren antzeko filmek zer pentsa, zer pentsa handia, ematen didate. Ez naiz damu. Harro baizik.
Gainbegirada azkar eta ganoragabe batez, The Nun II sustrai latinoak dituen Michael Chaves gidoigile-zuzendari-ekoizle gazte eta iaio batek egindako beldurrezko beste txorakeria bat baino ez da; akort.
Beste kontu batez ere susmo txarretan nauzue. Lepoa (eta beste gorpuzki hainbat) jokatuko nuke: erroak Malaysian dituen James Wan gidoigile-filmatzaile-ekoizleak, Saw eta Conjuring bi bilduma terrorezkoensortzaileak, ez du ez zuen arreta ez zuen errespetua merezi. Oraindino, bederen.
Alta, nik neuk hamaika kontu interesgarri ikusten ditut berak eta bere kuadrillak horren txukun, horren gore, horren makabro burutzen dituzten ustez bigarren mailakoak diren pelikulotan. Eta kuadrilla horretan bildutako jendaiari markaz kanpokoa deritzot.
Egin diezaiogun kasu , adibidez, The Nun II horren gidoiari. Nortzuk sinatzen dute? Izu kontuak irudikatzen eskarmentu handiko hiru gaztek, Ian Golbergek, Richard Naingek eta eta eta... Akela Cooperrek. Azken honek baditu ezaugarri interesgarriak bere izaeran. Emakumea da. Gaztea. Beltza. Missourin jaioa,zenbait dirulaguntzaren bitartez bukatu zituen bere zinema ikasketak. Idazlea da. Ekoizlea da. Badu ironia puntu bat arras estimagarria bere baitan. Balent oso da, eta denborazko zein usadiozko arau guztien kontrako anakronismozbetetzen ditu pantailarako istorioak.
Nolakoak dira ba narrazio horiek? Ba, esaterako, aipatu eta goraipatzen dizuedan zinema deskalabru majo honetan, nahiz eta Bigarren Mundu Gerraostean eta Frantzian kokatu, Deabruak hartu nahi duen komentuan badugu Estatu Batuetako Hegoaldetik ihes eginiko moja gazte eta beltza, tabakoa erretzen duena, fede kontuetan batere seguru ez dagoena eta konfesatu nahi ez duena... Esango didazue horrek guztiak ez duela inolako logikarik. Ez Historia aldetik, ez Erlijio aldetik... Badakit. Eta Akelak, nik baino askoz hobeto. Baina zertzelada horiek freskotasun bihurria ematen diote kontakizunari. Bestalde, ez izan dudarik, ikararen atzaparretan zaudenetan errespetatu behar duzun logika bakarra zinez errespetatzen du Akelak. Zein? Fantasiarena. Eta beltza denez, gaztea denez, ausarta denez, Gaitza uxatuko du(t)ena(k) ez dira gizonezkoak baizik eta… baizik eta bi moja gazte —bata beltz hegoaldekoa berau, bestea terrorezko ikur bilakatu den ahizpa Irene— gehi neskato bat.
Ez da ohikoa, ez zinema kontuetan, ez Vatikanoko katakonbetan ere. Zineman bat bakarra izan da emakume exorzista Prey to the Devil pelikulan. Netflix plataforman, berriz, airos ibili zen Draculari aurre egin zion Van Helsingen ondorengo berdingabe hura. Akelak eta lagunek beste biri eman diete demonioak uxatzeko ahalmena. Esker mila anitz.

EPPUR SI MUOVE
Ni nauzu exorzista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu