Gorpuzkingz. Musika taldea

«Denbora-pasa bat da musika, baina badu bere mezua ere»

Zortzi kanturekin osatu du taldeak 'Hondarribiagra' bigarren lana. Abesti probokatzaileak egitea du taldeak berezko ezaugarrietako bat.
JON URBE / FOKU

Aitor Arroyo Askarai -

2019ko uztailak 27
2016. urtean, Hondarribian (Gipuzkoa) sortu zen trap musika lantzen duen hirukotea. Zakil Onil eta Donald Trap abeslariek eta Big Txiki DJak osatzen dute Gorpuzkingz. Bi lan argitaratu dituzte orain arte: lehena, iaz, Mixtape bat izenekoa, eta bigarrena aurten bertan, Hondarribiagra. Eta abesti probokatzaileak sortzea izan dute ezaugarri nagusi bi lanetan. Beti «euskal abangoardian» egon direla eta musika «bertako ikuspuntutik» egiten dutela azaldu du Zakil Onilek: «Beti lehenengoak izan gara kanpoko gauzak entzuten. Mundu mailan trapa entzuten da. Guk euskaraz eta kaleko hitzekin egitea erabaki genuen. Euskal Herriko ikuspuntutik, bertakoak garelako».

Hasieran, ez zuten «halako oihartzunik» espero, Big Txikik aitortu duenez, baina «pentsatzen jarrita», zerbait «normala» dela iruditzen zaio. Euskal musikan «espazio huts bat» zegoela eta beraiek hori betetzera iritsi direla adierazi du taldeko DJak. Ideia bera hitz gutxitan laburbildu du Donald Trap abeslariak: «Beharra zegoen, eta ase egin dugu».

Nazioarteko taldeak dituzte erreferentetzat: Suicideboys, Ghostemane eta Dizzee Rascal. Kulturaren munduan «erabat murgilduta» daudela, baina euskal taldeak «gorroto» dituztela zehaztu du Zakil Onilek: «Esne Beltza, Gatibu eta horrelakoak gorroto ditugu. Euskal musika, irratia... ez dugu entzuten. Hemen mainstream dena kaka bat da. Gu izan ezik».

Azken diskoaren izena barregarriak diren bi hitz elkartzeko asmotik sortu zela azaldu dute. Hondarribiagra eta Batzokingz izenen artean zalantzan ibili zirela onartu dute, baina azkenean lehena aukeratu zuten, eta arrazoia azaldu du Donald Trapek: «Hondarribia arlo guztietan hilda dago: kulturalki, politikoki, musikalki... Gu gara herri honek, eta baita Euskal Herriak ere, behar duen bultzada; eta zer hobe horretarako biagra bat baino».

Taldeak mezu propioa duela nabarmendu du Big Txikik: «Zabaldu nahi duguna da, diskoaren mezua baino gehiago, euskal musika genero berrietara moldatzeko gai dela. Ez dagoela beti estilo berari jarraitu beharrik». Zakil Onilek, berriz, Euskal Herrian arlo guztietan «zuzenegiak» izateko joera dagoela uste du, eta haiek, berriz, bere gauzei buruz abestu nahi dutela: «Guk gure gauzei buruz abestu nahi dugu, eta jendea txorakeriak ez botatzeko eta serio hartzeko esanaz etorri zaigu. Egin dezatela beraiek. Hau da guk erabaki dugun ildoa eta jarraituko dugun bidea».

Diskoa Gorpuzkingz bukatu da abestiarekin hasten da. «Hondarribiko hiru pertsona jazarri egin zitzaizkigun, eta mendeku moduko bat da. Haiei esker taldeak utzi egingo zuela esaten zuten, baina aurkakoa gertatu da; indar handiagoa hartu dugu», azaldu du Donald Trapek. Zakil Onilek, bestalde, egunen batean utziko dutela, eta egun hori «gertu» dagoela adierazi du: «Gu ez gara Su ta Garren moduko taldea, hemendik 40 urtera ere kaka ematen jarraituko duena. Argi dugu utzi egingo dugula; ez dakigu noiz, baina eguna gertu dago».

Probokazioa ikur

Euskal okhelâ abestian euskal kulturako hainbat artistaren eta talderen aurka jotzen dute; Jorge Oteiza eskultorea eta Eskorbuto musika taldea, aldiz, goraipatu egiten dituzte. Donald Trapek argi utzi du arrazoia: «Beti pentsatzen zutena egin zuten, eta ondorioak onartu zituzten. Guk gauza bera egiten dugu».

Euskal kultura hondoratuta, «aingura bat bezala» dagoela adierazi du abeslariak, eta Gorpuzkingzek aterako duela aurrera. Big Txiki, berriz, itxaropentsu dago, taldea izaten ari den «arrakasta» dela eta, aurrera begira, antzeko talde gehiago sortuko direla uste baitu; «kateak puskatu» eta Euskal Herriko musikaren egoera «ireki» egingo dela.

Euskal Herrian, musikan, garrantzia mezuari bakarrik ematen zaiola uste du Donald Trapek, baina bestela ulertzen du berak: «Musika denbora-pasa bat da, baina badu bere mezua ere. Euskal Herrian, ordea, garrantzia mezuari bakarrik eman zaio. Nazio eraikuntzarako, berriz, beharrezkoa da, normaltasun batean, denbora-pasa euskalduna». Jendeak bere burua artistatzat hartzen duela uste du Zakil Onilek, eta beraiek, ordea, ez dutela gauza bera pentsatzen: «Jendeak artistatzat du bere burua, serioegi hartzen ditu gauzak. Guk ez dugu hala ikusten. Sortzaileak gara, eta horrekin gustura gaude». Big Txikik, berriz, musika «bizitzeko modu bat» dela esan du: «Kontzertuetara joaten gara, eta sortu ere egiten dugu. Gure ingurua da».

KONTZERTUAK

Uztailak 27. Leitzan (00:15) eta Azpeitian (02:30).

Abuztuak 9. Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan.

Abuztuak 22. Bilboko Aste Nagusian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: