KRITIKA. Zinema

Begirunea edo zehaztapena

Gontzal Agote.
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun

'Bohemian Rhapsody'

Zuzendaria: Bryan Singer. Aktoreak: Rami Malek, Lucy Boynton, Gwilym Lee, Joseph Mazzello. Herrialdea:AEB. Iraupena: 134 minutu.

Azken urteotan, zinemak askotariko moduak erakutsi ditu munta handiko musikariengana hurbiltzeko orduan. Zerrenda nahi adina luzatzen ahal da, baina, batzuk aipatzearren, hor da Bob Dylanen gainean Todd Haynesek egin zuen begiratu kaleidoskopiokoa; The Future is Unwritten, Joe Strummerri buruzko dokumental bikaina; eta Ian Curtisen zuri-beltzezko potreta.

Tamalez, eredu horiek kontuan hartu ez, eta Freddy Mercuryrenganako biderik errazena baliatu nahi izan dute Bohemian Rhapsody honetan, baita, hainbatetan, bidezidorren bat ere. Guztiz molde klasikoko biografia egin du Bryan Singerrek —edo auskalo nork, Singer filmaketa amaitu aurretik kaleratu baitzuten—, zuzena, ikusteko eta entzuteko erraz samarra, baina gatz eta piperrik gabekoa.

Ziurrenik, ez da soilik zuzendariaren errua izan, eta erantzuleak bilatzen hasita, egun Queen taldearen ondarea kudeatzen duten horiei ere erreparatu behar zaie. Historia ofiziala da bertan kontatuko zaiguna, apenas tolesturarik gabekoa, Mercuryren alderdirik ilunenak molde adeitsuan jorratuko dituena.

Horiek horrela, Rami Malek da filmak duen zutoinik sendoena. Hacker konplotak alde batera utzita, pertsonaiarekin erabat eginen du bat, eta azaltzen ari zaigun kontakizun txepelari distira apur bat ematea lortuko du.

Hala ere, bere interpretazio lanak ezinen du filmak duen akatsik handiena estali: Live Aid-eko kontzertuaren sekuentzia luzea. Amaiera zentzugabe horrek argi utziko du hasieratik erakutsitako duda-mudak ez zirela kasualitateak eragindakoak, eta filmak ez zuela batere argi zer izan behar zuen, biopic ala dokumentala. Azkenean, ez bata ez bestea, zaleontzako tarte atsegin bat baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.