Xabier Arregi.
Joan Mari Torrealdai (1942-2020). IRITZIA

Herritik, gertutik

2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
«Elkarren ondoan jarri gaitu bizitzak behin baino gehiagotan, eta bide horrek adiskide egin gaitu». Joan Mariri esandako hitzak dira horiek, azkenetan zela saminez eta begirunez esandakoak.

Bidearen hasieran, euskalgintzak elkartu gintuen, euskal unibertsitatearen aldeko ekimen batek, memoriak huts egiten ez badit. Ikertzailea, pentsalaria eta ekintzailea, euskal munduko erreferente handia nuen ondoan. Jabetu nintzen intelektual konprometituaren kalitateaz, miretsi nuen bere jakituria eta grina. Garaitsu hartan esan zidan irakasle galiziar batek: «Zein sakon aztertu duen euskararen aurkako jazarpena! Konturatzen al zarete euskaldunok? Rara avis bat da Torrealdai. Gainontzeko hizkuntza-komunitate azpiratuok hartuko genuke gustura maila horretako ikertzailea».

Ohartu nintzen bere lanaren dimentsio politikoaz. Bai, badakit ez zela euskara eta euskal kultura sigla politikoen sasiartera eraman zalea. Baina, hain zuen ere horregatik zen eta da hain politikoa bere mezua, guztiz baita erradikala eta indartsua, edozein politikarik dezakeena baino indartsuagoa eta sinesgarriagoa.

Denboraren joanak eta atxiloketa-tortura-epaiketa-kartzelaldien sufrikarioak elkarrenganako konplizitatea eta adiskidetzea indartu zuten. Gure arteko hizketa-modua ere aldatu egin zen. Egoera gaizto hartan familiaz ere hitz egiten hasi ginen, sentimenduez eta bizikizunez. Ez, Joan Mari, ez dugu ahaztuko.

Euskalgintzako erreferentea hasieran, pertsonaren dimentsioa gero, azkenaldian herrikide gisa ere aritu gara, Usurbilgo Kilometroak festan egindako omenaldia tarteko.

Txokokerien gainetik, Euskal Herria osotasunean ulertzen zuen, baina Usurbil euskal kulturaren altzo izan zedin nahi zuen. Esate baterako, bultzatzaile eta bidelagun izan genuen Jakin-Udako Euskal Unibertsitatea-Usurbil hitzarmenean, eta hara, fruituak agerikoak dira: aurten laugarrenez ospatu dira udako jardunaldiak.

Gerra ostean, euskararen, kulturaren, artearen, eta pentsamenduaren pizkundean kokagune nabarmena izan zen Usurbil. Jexux Artze, Alejandro Tapia, Joxan Artze, Jose Luis Zumeta... Joan Mari Torrealdai. Kulturgile eta artista handien taldea, belaunaldi miresgarria, denbora gutxian joan zaigu. Tristura eta hutsunearekin batera, sekulako ondarea utzi digute. Zorte handikoak gara usurbildarrok. Eta, batez ere, egiteko handia dugu esku artean: ez dadila gal herrikide horien uzta, izan dadila herri emankorrean ereingo den hazi eta herrigintza aktiboaren ernamuin.

Horixe da Joan Mariri eta besteei egin diezaiekegun omenaldi ederrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.