Donostiako metroa. Lan baldintzak

Metroaren obretako lan baldintzetan gehiegikeriak egon direla salatu dute

Eraikuntza lanei berriz ekitear diren honetan, obraren lehen fasean gertatutako istripuak eta gehiegikeriak oroitu ditu ELA sindikatuak

Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Lurrazalean agerturiko zuloek ez ezik, Donostiako metroaren obrako langileen baldintzek ere zeresana eman dute Mirakontxa-Easo tartea eraikitzeko lehen fasean. Izan ere, azken bi urteetan, ELA sindikatuak istripu larriak, gehiegizko lanaldiak, ordaindu gabeko orduak eta segurtasun falta salatu ditu, besteak beste, ETS Euskal Trenbide Sarearen titulartasuneko obran.

Igor San Jose ELAko eraikuntzako arduradunak dio tuneletako langileak «harri aroan bezala lanean» izan dituztela, lan eta segurtasun baldintza txarrei erreferentzia eginez: «Material falta, gaizki isolatutako kableak, baldintza kaskarretan dauden makineria eta tresneria... Lotsagarria da obra publiko batean halakoak ikusi behar izatea».

Baldintza horien ondorioz Mirakontxa-Easo tarteko eraikuntza lanetan gutxienez bost istripu larri gertatu direla salatu du sindikatuak. Obran azpikontrataturiko enpresak, ordea, ez du horien berri eman, lan ikuskaritzaren ikerketak saiheste aldera istripuak «gertakari arin modura» aurkeztu dituelako, San Joseren arabera.

ELAk bost istripuei buruzko informazioa bildu eta ETSri eskaini zion abenduan, gertakarien inguruko txosten bat osa zezan, baina, sindikatuko arduradunak azaldu duenez, erakunde publikoak «oraindik ez du inolako erantzunik eman».

Gehiegizko lanaldiak

Oraingoz, ELAk metroaren obrarekin loturiko hamalau salaketa kolektibo aurkeztu ditu lan ikuskaritzan, eta beste 40 arlo sozialeko epaitegian. Horietatik guztietatik, argitara atera zuen lehena obrako langileek tuneletan egiten zituzten gehiegizko lanaldiei zegokiena da. 2019ko uztailean, sindikatuak azaleratu zuen langileek hamabi orduko txandak egiten zituztela, zenbaitetan hemeretzi ordukoak ere bai, eta lan ikuskaritzak arrazoia eman zion.

Halaber, 2019ko otsailetik azarora bitarte, ELAk frogatu zuen enpresak ordaindu gabeko 10.000 lanordu egin zituztela 35 langilek, eta azpikontratak iruzur horri zegozkion 73.595,86 euro ordaindu behar izan zizkion Gizarte Segurantzari. Langileei, ordea, dirua ez ziela zuzenean eman salatu du San Josek: «Beren dirua jaso nahi zutenek enpresari erreklamatu behar zioten, eta, ondorioen beldurrez, hamahiruk ez zuten erreklamatu».

Hain zuzen, arau hausteak egiten harrapatzen dituztenean ere enpresak «irabazten» ateratzen direla salatu du ELAko kideak: «Txarrenean, hasieratik zegokiena ordaintzen dute. Hortaz, iruzurra egitea komenigarria zaie». Horregatik, sindikatuaren ustez, isunetatik harago, gaizki jokatzen duten enpresei etorkizuneko esleipenen inguruko penalizazioak ere ezarri beharko lizkiekete.

Prekaritatea oinarri

Mirakontxa-Easo tartearen lehen fasea 53,2 milioi euroan esleitu zen, lehiaketa publikoaren gehienezko aurrekontuarekiko %26ko beherapenarekin. Horrek hasieratik «prekaritatea» dakarrela uste du San Josek, baina gauza ez dela hor amaitzen adierazi du. Izan ere, enpresa esleipendunek, gerora, azpikontratatu egin zuten obra, «proiekturako diru kopurua murriztuz».

Egoera horretan, «etekinerako marjina txikia izanik», eraikuntzan lanean aritu zen enpresak «atzerriko langile behin-behinekoak» erabili zituela salatu du ELAko arduradunak: «Horretan saiatzen dira, langileren batek arazoak emanez gero haren kontratua eten eta etxera bidaltzen dutelako, hemendik urruti, molestatu ez dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.