Albistea entzun

Ricard Gimenez. UOCeko ordezkaria

«Ez gara unibertsitate tradizionalen konpetentzia»

Universitat Oberta de Catalunyak bulegoa ireki du Donostian. Gimenezek erakundeei eskatu die 'online' unibertsitateen egitasmoak bultzatzeko.
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2019ko uztailak 10 - Donostia

UOC Universitat Oberta de Catalunyak Hego Euskal Herrian duen ordezkaria da Ricard Gimenez (Bartzelona, 1960). Bulegoa ireki dute Donostiako Tabakaleran. Aurreko ostiralean egin zuten aurkezpen ekitaldia.

2016tik zaudete Bilbon. Zergatik Donostian ere?

Euskadiko ehun sozial eta ekonomikoarekin konektatu nahi dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu Gipuzkoan ere egotea. Bizkaian, Unesco Etxearen bitartez sartu ginen, eta Gipuzkoan, Impact Hub kooperatibarekin. Bat gatoz erakunde horren ikusmoldearekin, eta uste dugu bide luzea egin dezakegula elkarrekin.

Euskal instituzioen aldetik zer-nolako babesa jaso duzue?

UOC sortu zenetik izan dugu harremana haiekin, 1994tik: ordutik, hainbatetan hitz egin eta lan egin dugu Eusko Jaurlaritzarekin, [Gipuzkoako] diputazioarekin eta Donostiako Udalarekin, besteak beste. Modu naturalean sortu da aukera hau.

Euskal Herriko zenbat ikasle dituzue gaur egun?

Euskadin 1.000 ikasle inguru ditugu. Eta 1.500 bat graduatu, gurean ikasketak amaitu dituztenak. Azken bost urteetan %300 hazi dira Euskaditik UOCen izena eman duten ikasleak.

Zein da ikasle horien soslaia?

UOCeko ikasleen soslaiak eta unibertsitate tradizionaletan matrikulatzen direnenak ezberdinak dira. Adinez zaharragoak dira gurean: Euskadiko ikasleen erdiek inguruk 35 urte baino gehiago dituzte. Gehienek amaitu dituzte unibertsitate ikasketak, eta beste gradu bat edo master bat egiteko matrikulatzen dira. Euren egoera pertsonala —adinagatik, lanean ari direlako...— ikasketekin uztartzeko modua bilatzen dute, aurrez aurrekoak ez diren online eskolen bidez.

Alderik nabari duzue generoari edo sexuari dagokionez?

Euskadin, ikasle guztien %58 emakumeak dira. Haiek izaten dituzte arazo gehiago kontziliaziorako, eta online unibertsitateetan errazagoa da.

Zein dira zuenean gehien hautatzen dituzten ikasketak?

Psikologiakoak, informatika ingeniaritzakoak eta enpresa arlokoak.

Beste zer eskaintza duzue?

40 gradu inguru ditugu. Master ofizialetan Espainiako Estatuko unibertsitateen artean ikasle gehien ditugu. Lanbide Heziketako ikasketak ere baditugu, Jesuiten eskolen sareak duen eskaintza birtualizatuz. Eta ikerketa ere lantzen dugu.

Irakasle denak UOCekoak dira?

Baditugu batzuk esklusiboak; irakasle aritzeaz gain ikerketa taldeak osatzen dituzte. Haiekin batera, irakasle kolaboratzaileen sare bat dugu, beste unibertsitate batzuetakoekin edota euren lan arloetan adituak diren profesionalekin. 1.100 lagunek osatzen dugu irakasleen eta kudeaketa langileen taldea UOCen.

Unibertsitate ikasketak katalanez egiteko hutsuneari erantzun nahi izan zenioten sorreratik. Zein da egungo egoera?

Ikasketa ia denak katalanez eta gaztelaniaz egin daitezke UOCen. Ikasle gehienak Kataluniakoak dira, baina Espainiakoak ere asko, eta Amerikakoak ere bai: Kolonbian eta Mexikon bulegoak ditugu. Herrialde horietako unibertsitate ugarirekin ditugu hitzarmenak.

Zeintzuk izan ziren UOCen sorreraren gakoak?

Kataluniako hainbat sektoretan —gizartetik hasi eta instituzioetaraino—, beharrizan eta eskubide gisa planteatu zen unibertsitate ireki bat sortzea Katalunian eta katalanez. 1994an hasi ginen; Gabriel Ferrateren apustua izan zen. Orduan, Internet oso gutxi ezagutzen zen. Aitzindariak izan ginen mundu osoan.

Kataluniako Gobernuaren eta erakundeen babesa izan zuen egitasmoak?

Bai. Kataluniako unibertsitate sistema publikoaren parte izan gara, eta gara orain. Kataluniako unibertsitate ia denekin kolaboratzen dugu; sistema publikokoekin batera hainbat gradu ditugu.

Zeintzuk dira UOCen finantzaketa iturri nagusiak?

Aurrekontuaren %25 diru laguntza publikoekin osatzen dugu. Gainontzekoa, matrikulen bidez eta unibertsitateak egiten dituen beste jarduerekin.

UEU Udako Euskal Unibertsitateak ere badu asmoa euskarazko online unibertsitate bat sortzeko, eta erreferentetzat du zuena. Zeintzuk dira martxan jartzeko oinarrizko urratsak?

Hezkuntza eredua oso argi izan behar da: gurean, ikasleak daude erdigunean. Ikaslearen beharretara egokitzen ditugu ikasketak, eta bide horretan laguntzen diegu, irakasleen bidez eta beste ikasleen bidez, haiek denak saretuz. Oinarri horretatik joan gara eraikitzen plataforma teknologikoa, eta ez alderantziz. Ez da unibertsitate tradizional baten eboluzioa; hutsetik abiatu behar da.

Non nabari dituzue zailtasun handienak?

Unibertsitate tradizionalek ez lituzkete konpetentzia moduan ikusi behar online unibertsitateak. Soslai eta behar ezberdinak dituzten ikasleak ditugu haiek eta guk. Era berean, oso garrantzitsua da instituzio publikoen jarrera. Gizartean behar bat dago ikasketa hauen inguruan; euren unibertsitate sistemetan integratu beharko lituzkete.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Labi aholku batzordearen bilera, gaur. / ©Raul Bogajo, Foku

Bihartik beharko da ziurtagiria gaueko aisialdi guneetan eta jatetxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Jon Ordoñez Garmendia

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du «ziurtagiria erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea» duela helburu Eusko Jaurlaritzak: besteak beste, ospitalera edo zahar etxeetara bisitan joateko, gimnasioetan eta kirola egiten den beste leku itxietan, eta ostalaritzako beste esparru batzuetan.

Ordizian Lazkao Txikiren irudiarekin eta hark euskararen inguruan esandako esaldi batekin udan egindako murala. / ©Raul Bogajo, Foku

Euskararen alde ekitera deitu dute eragileek Euskararen Nazioarteko Egunean

Ekhi Erremundegi Beloki

Adierazpen andana egin dituzte euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatuz, eta herritarrak, eragileak eta erakundeak konpromisoak hartu eta euskararen aldeko dinamiketan parte hartzera bultzatzeko

Herritar batzuk COVID ziurtagiriarekin ©Idoia Zabaleta/ Foku

Gorenak dio COVID ziurtagiria exijitzea «egokia, beharrezkoa eta neurrizkoa» dela

Edurne Begiristain

Eusko Jaurlaritzaren helegitea aintzat hartzen duen ebazpena argitaratu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Epaileek diotenez, neurriak ez ditu oinarrizko eskubideak urratzen.

AHTak Donostian izango duen geltokiaren eraikuntza lanak ©Gorka Rubio/ Foku

Eusko Jaurlaritzak egingo ditu AHTa Gasteizera eta Bilbora lur azpitik sartzeko lanak

Unai Etxenausia-Edurne Begiristain

Espainiako Gobernuak eta EAJk akordioa lortu dute Eusko Jaurlaritzak kudea ditzan abiadura handiko trena Gasteizen eta Bilbon sartzeko lanak. Hiriburu bietan lur azpian eraikiko dira geltokiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.