Fiskaltzak estu hartutako presidentea

Pedro Castillo Peruko estatuburuaren aurka sei ikerketa ireki dituzte. Besteak beste, influentzia trafikoa eta herri lan batzuen lehiaketetan iruzur egitea egotzi diote agintariari

Castillo Peruko Fiskaltzaren egoitza nagusitik ateratzen, iragan astean, Liman. PAOLO AGUILAR / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun

Pedro Castillo Peruko presidenteak atzetik du fiskaltza: kargua hartu zuenetik urte bat baino gehiago pasatu da, eta Fiskaltzak sei ikerketa ditu irekiak haren aurka —atzo ireki zuen azkena—. Horietatik bost, ustelkeriagatik. Gainera, Castillo ez ezik, haren familia ere zipriztindu du ustelkeriagatik fiskaltzak: herenegun haren koinataren aurkako karguak aurkeztu zituen. Presidentearen abokatuetako batek dimisioa eman berri du.

Zoraida Avalos izan da herrialdeko lehen fiskala karguan dagoen presidente bati ikerketa bat ireki diona bere jardunean egindako delituengatik. Hala ere, adierazi zuen kargua uztean egingo dizkiola beharrezko diligentziak, alegia, 2026ra arte — Castilloren legealdia amaitu arte—, itxaron beharko duela. Izan ere, Peruko Konstituzioaren arabera, agintean dagoen presidente baten aurkako karguak soilik kasu hauetan aurkeztu daitezke: aberriari traizio egitean, hauteskundeak eragoztean, eta Diputatuen Ganberaren eta hauteskunde erakundeen funtzionamendua galaraztean.

Pablo Sanchez fiskalak, ordea, konstituzioaren beste interpretazio bat egin du, eta maiatzean Castillo ikertzeko erabakia hartu zuen, presidentearen aurkako kontrako karguen «larritasunagatik». Horrez gain, estatu mailako ustelkeria kasuak ikertzeko, iragan hilabetean herrialdeko fiskal nagusiak boterearen ustelkeriaren aurkako fiskalen talde berezia sortu zuen. Oraingoz, sei kasu ikertuko ditu fiskaltzak, eta segidan aipatzen direnak dira.

'PUENTE TARANA'
Iruzurra herri lan batean

PuenteTarana deritzon auzian presidenteari hiru delitu hauek egozten dizkiote: talde kriminal baten buru izatea, influentzia trafikoa, eta herri lan batzuen lehiaketetan iruzur egitea. Amazonian, Peruko San Martin eskualdean dagoen Huallaga ibaian, zubi bat eraiki nahi zuen gobernuak. Hura eraikitzeko, herri lana lehiaketara aurkeztu zuen, eta Consorcio Puente Tarana III taldeak irabazi zuen; H.B., Tapusa eta Termirex enpresek osatzen dutenak, alegia. 60 milioi euro baino gehiago ordaindu zuten, enpresa horiek zubiaren eraikuntzaren lehiaketa irabazteko.

Fiskalak presidenteari egotzi dio herri lanaren lehiaketan iruzurra egitea, eroskeria bidez, enpresa horiei esleitzeko zubiaren eraikuntza lanak. Castilloren aurka ez ezik, beste pertsona hauen aurka ere aurkeztu ditu karguak fiskaltzak: Bruno Pacheco gobernuko idazkari nagusi ohia, presidentearen bi iloba, eta Juan Silva Garraio ministro ohia. Ikusita fiskaltzak kasua ikertuko duela, Pachechok, Silvak, eta Castilloren ilobetako batek ihes egin zuten. Iragan hilabetean, ordea, Pacheco bere kabuz joan zen fiskaltzara, eta presidentearen iloba eta Silva, oraindik ere, ez dira joan deklaratzera,

ESTATUKO INDARRAK
Lagunak mailaz igo

Ustelkeria kasu honetan, fiskaltzak Castillori egotzi dio herrialdeko Polizian eta armadan zituen lagunak gorengo postuetara igotzea diruaren truke. Fiskaltzak delitu hauengatik ireki du ikerketa presidentearen aurka: egitura kriminal baten buru izateagatik, eta influentzia trafikoagatik. Ez bakarrik haren aurka, baita Pachecoren aurka ere. Castillok armada militarreko bi ofizial, aireko hiru, eta beste bi polizia igoarazi zituen estatuko indarren gorengo postuetara. Iragan astean Castillok horri buruzko galderak erantzun behar izan zizkion fiskaltzari, eta bere kontrako kargu guztiak gezurtatu zituen.

FISKALTZARI TRABAK
Gonzalezen dimisioa

Ekainaren 18an Mariano Gonzalez Barne ministro ohiaren dimisioa iragarri zuen Castillok. Gonzalezek, dimisioa ezagutarazi zenean, herrialdeko hedabide ugarietan adierazpenak egin zituen salatuz presidentea «nahastuta» dagoela ustelkeriarekin, eta Poliziaren lanari «trabak» jartzen dizkiola. Izan ere, Gonzalezen ustetan, Castillori ezinegona eragin zion boterearen ustelkeriaren aurkako fiskalen talde berezia sortu izanak, eta, nolabait, horrek bultzatu zuen Castillo bere dimisioa iragartzera.

Barne ministro ohiaren salaketen ostean, iragan hilabetean, fiskaltzak dei egin zion azalpenak emateko presidentearen aurka egindako akusazioen harira. Horren ondotik, fiskaltzak agindu zuen Castilloren aurkako ikerketa bat irekiko zuela, eta ustezko delitu hauek egotzi dizkio: Justizia Administrazioaren aurkakoa eta estaltzea.

PETROPERU
Kontratu irregularra

Kontratu irregular baten ustelkeria kasua da Petroperu estatuko enpresaren eta Heaven Petroleum Operator enpresa pribatuaren artean. Fiskaltzaren ustea da presidentearen egoitzan elkartu zirela bi enpresetako ordezkariak, behin baino gehiagotan, kontratu irregular bat sinatzeko: estatuko enpresak diesel erregaia erosiko zion enpresa pribatuari, 71,5 milioi euroren truke, eta lehiaketa publikorik egin gabe. Fiskaltzaren arabera, litekeena da Castillok zuzeneko parte hartzea eduki ez izana kontratuaren sinaduran. Baina uste du presidenteak zeharkako eragina izan zuela kontratu irregularraren negoziazioetan. Horregatik, influentzia trafikoa egotzi dio.

TESIAREN PLAGIOA
Egile eskubideen delitua

Presidenteari delitu bakar bat egozten diote ustelkeriarekin lotuta ez dagoena: egile eskubideena. 2011n Castillok doktore tesia aurkeztu zuen, haren emazte Lilia Paredesekin batera. Maisu izateko masterra egin zuen, eta, amaierako lanean, edukiaren %54 aurrez publikatutako beste hainbat lanen kopia bat zen. Hori dela eta, fiskaltzak Castilloren aurkako karguak aurkeztu zituen plagioa leporatuta.

SEIGARREN IKERKETA
Ordena publikoa

Atzo iragarri zuen fiskaltzak beste ikerketa bat ireki diola Castillori, seigarrena; Geiner Alvarado Etxebizitzako ministroarekin batera. Ordena publikoaren aurkako delitua egotzi dio fiskaltzak, antolaketa kriminalaren modalitatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.