Maite Elizondo.
Psikologia. PENTSALDIAN

Apurtuta

2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Umetokian sortzen hasten garenetik, denok badugu ibilbide bat, gure bizitzako bidea. Kode genetikoa, hezten eta hazten goazen habia, inguruko helduek eskaintzen diguten maitasun eta arreta, irakasleak, eskola, lagunak, nahiak, aukerak, gertaerak... denen batuketa eta elkar-elikatzeak sortzen du garena, baita besteengan eragiten duguna ere. Bidean zehar zailtasunak sortzen dira maiz eta haiei aurre eginez marraztuz goaz mapa, gure bizitzako mapa.

Baina badira pertsona batzuk txikien eskuetatik margoak kendu, papera hautsi, eta betirako baldintzatuko dituen beldurrezko ipuina sortuko dutenak. Boteredun protagonistak dira, kontrolaren aulkitik, txiki edo gaztearen garapena apurtzea erabakitzen duten munstroak. Gehiegitan inguruko sistemarengandik babestuak (eskola, familia, erlijioa, lanpostua...).

Gizartean beti egon den zulo ilun kiratsua da sexu abusuena. Jakin badakigu hala dela, baina baliabide eta formakuntza aldetik ez da behar bezainbeste aurreratu. Deskonpentsazio izugarria dago biktimek sufritzen dutenaren eta erasotzaile eta konplizeek ordaindu behar dutenaren artean.

Zuek, erasotzaileak, erabaki duzue zuen boteretik pertsona hauen barrua haustea, izua, lotsa, beldurra, bakardadea, erruduntasuna marraztu dituzue haien bizitzako mapetan. Urte luzeetan zehar ondorio psikologiko latzak sufriaraziz: ondoez emozionalak, funtzionalak, psikosexualak, sozialak. Haien egunerokora egokitzeko barne muga eta oztopo mingarriak.

Beldurrezko ipuin hori kolore argiagoz idazten jarrai dezagun ezinbestekoak dira beste protagonista batzuk: sexu abusuak gertatzen ari diren adierazleak ikus ditzaketen protagonistak. Formakuntza ezinbestekoa da, gizarteko dimentsio guztietara zabaldu behar dugun formakuntza, nola identifikatu, nola gerturatu biktima eta erasotzailearengana, zein urrats egin...Epaitegietan, hezkuntza komunitatean, osasun sisteman eta herritar guztiengan zabaldu beharrekoa. Denon ekintza ezinbestekoa da lehenbailehen kate bortitz honen ondorioak eten ditzagun.

Gertatutakoa ezin da aldatu, baina ekintza haiek eragindako ondorio psikologikoak arindu ditzaketen zenbait osagai ezagunak ditugu:erasotzailearen (edo sistemaren) aitortza, laguntza psikologiko publikoa, erasotzaileek jasoko dituzten ondorioen proportzionaltasuna.

Tamalez sistema herritarren beharren atzetik dabil honetan ere, baina sexu abusuen bizipena sufritu dutenen ahotsari esker, gai honen inguruan hutsune izugarria dagoela azaleratu da (beste behin). Sexu abusuetan aditua den lantalde baten beharra azpimarratuta geratu da.

Herri batzuetan gaur sardinaren erretzea ospatuko da: bota dezagun sutara boterearen lekutik txikiagoa denari min egiteko intentzioa, erre ditzagun abusu hauek gertatzen direla jakin eta beste aldera begiratu dutenen konplizitatea.

Mila esker izugarri kostata ere zuen testigantzaren berri eman duzuen guztioi, talde lanaren zutabe garrantzitsua zarete!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.