Indarra erakusteko politika

Al-Sisiren agintepean ugaritu egin dira heriotza zigorrak. Amnestyren arabera, lau urte eta erdian 1.400 heriotza zigor ezarri dituzte, eta horietatik 120 gauzatu.

Manifestariak Hosni Mubaraken heriotza zigorra eske, 2012an. KHALED ELFIQI / EFE.
Ricard Gonzalez.
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Abdel Fatah al-Sisik, atentatu handi bat izaten den aldiro, are gogorrago jokatuko duela zin egiten dio herriari. Neurri zorrotzak ekarri ditu horrek, esaterako, terrorismoaren kontrako lege berria are zorrotzagoa izatea eta larrialdi egoera etengabea ezartzea. Sinai penintsulan abiatutako erasoaldi militarra ere neurri horien artean kokatu daiteke. Iragan abenduan meskita sufi batean izandako sarraskiaren ostean —300 lagun baino gehiago hil zituzten—, agintariek erabaki zuten heriotzaren korridorean zeuden hainbat presoren exekuzioak azkartzea. Hurrengo sei asteetan, 26 lagun hil zituzten urkatuta, gehienak indarkeria politikoagatik zigortuak izan zirenak. Lofti Khalil zen horietako bat, 21 urteko unibertsitateko ikaslea.

Haren heriotzaren aurretik ere, urtarrilaren 2an, giza eskubideen hainbat erakundek zalantzan jarri zuten haren erruduntasuna, salatuz epaiketak ez zuela berme juridikorik izan. Beste bost lagunekin batera auzipetu zuten, eta akusazioaren oinarrian torturapean hartutako aitorpenak zeuden, auzipetuek gerora, epailearen aurrean, ukatu egin zituztenak. Defentsaren abokatu taldeak hainbat zantzu aurkeztu zituen akusazioa bera hankaz gora jarriz. 2015ean Kafer Xeij estadioan armadako kadete talde baten kontra izandako atentatuaren erantzule izatea egotzi zieten gazteei, eta zalantzak agerikoak baziren ere, kasazio auzitegiak ez zuen onartu abokatuen helegitea. Osama Bayumi abokatu taldeko kidea da, eta, haren ustez, zigorrak ez du zilegitasunik: «Beste epaiketa batean, auzipetuetako batek atentatuaren egilearen izena jakinarazi zuen, eta beste pertsona bat zen».

Ibrahim Khalilek, gaztearen aitak, zehaztasun gehiago eman ditu: «Lofti erasoaren biharamunean atxilotu zuten. Ez daukat zalantzarik: errugabea da. Ez zuen politikan inongo interesik, eta uste dut atxilotu egin bazuten izan zela soilik haren lehengusuarekin lotu zutelako, une hartan hura atxilotua baitzegoen». Atxilotu eta hurrengo 76 egunetan gaztea galdekatu eta torturatu egin zuten kartzela sekretuetako batean, non giza eskubideen urraketa ankerrenak praktikatzen diren. «Denetarik egin zioten: jipoitu, deskargak jarri... Agur esateko aukerarik ere ez nuen izan. Ez ziguten jakinarazi zein egunetan urkatuko zuten, legeak horretarako eskubidea jasotzen badu ere. Baina Egipton ez dago legerik», dio aitak, atsekabetuta.

Khalilen kasua, baina, ez da bakana. Egipton nabarmen egin dute gora exekuzioek, eta horrek nazioarteko erakundeen arreta piztu du. Nazio Batuen Erakundeko Goi Mandatariak agiri bat atera du: «Larrituta gaude tortura eta tratu txarren bidez lortutako zantzuetan oinarrituta ezartzen diren heriotza zigorren aurrean. Badirudi errepikatzen ari dela metodologia hori, eta askotan indarrezko desagerrarazteetan gertatzen dela». Europako Legebiltzarrak berak exekuzioen etenaldi bat ezartzeko eskatu zien agintariei, «epaiketa justu baterako bermea errespetatu» zedin.

Heriotza zigorra ez da gauza berria faraoien herrialdean. Hosni Mubaraken garaian ere indarrean zegoen, baina ia ez zen ezartzen. 2013ko estatu kolpearen ostetik, ordea, ugaritu egin dira bai zigorrak, bai exekuzioak. Gobernuz kanpoko erakundeek ozen salatu dute egoera. Amnesty Internationalen arabera, azken lau urte eta erdian 1.400 heriotza zigor ezarri dira, eta horietatik 120 gauzatu.

Mohmed Ahmed AIko ikertzaileak egoeraz ohartarazi du: «Garai batean kasazio auzitegiak kontserbadoreagoak ziren; zigorrak bertan behera uztea edo epaiketak errepikatzea eskatzen zuten, baina aurten onartutako helegitearen ostean, zigor irmoen aurreko filtroak murriztu egin dira». 2017an, kasazio auzitegiek aztertu zituzten 110 epaietatik soilik 53 bota zituzten atzera. Gainontzeko 57etatik 22 auzitegi militarrek ezarritakoak izan ziren, eta 35 auzitegi zibilek ezarritakoak. AIk behin baino gehiagotan eskatu du bertan behera uzteko zibilak auzitegi militarretan prozesatzeko praktika. Ahmeden hitzetan, epaiketa horiek «definizioz bidegabeak» dira, ez epaileek eta ez fiskalek ez dutelako berme juridikoekin egin ahal izateko formakuntza prozesua.

Exekuzioaren zain, 30 preso

Egoera, bada, gero eta latzagoada. Gaur egun, 30 preso daude heriotzaren korridorean, eta edozein unetan izan daitezke exekutatuak. Iluntasun horretan, hala ere, badago esperantza izpirik. Egiptoko gobernuz kanpoko hamahiru erakundek komunikatu bat sinatu dute, heriotza zigorra atzeratu dadin eskatzeko. Etorkizunean zigor hori indargabetzeko bidean lehen urratsa litzateke. Egiptoko legedian ehun krimen motari baino gehiagori ezar dakieke gaur egun heriotza zigorra; juristen arabera, gehiegizko kopurua. Delitu horien artean daude, hilketaz gain, segurtasun nazionalari kalte egitea edo drogen trafikoarekin lotutakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.