Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Gizarteak ikusi nahi ez duena

Preso sozialak ari dira antolatzen; txandakako gose greba bat antolatu dute, adostutako hamalau puntuko proposamenaren alde. Salhaketak protestarekin bat egin du Iruñean; hiriburuko kartzelan 307 preso daude.

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

2020ko otsailak 22 - Iruñea

Gero eta urrunago; eta herritar gehienen egunerokotik at: inork ez ikusteko tokietan egoten dira espetxeak. Santa Luzia dermioko gainean da Iruñeko espetxea. 2012an mugitu zuten harat ordura arte hiri barruan egondako eraikina. 307 preso hartzen ditu orain: 277 gizon eta 30 emakume, Espainiako Gobernuaren 2019ko abenduko datuen arabera.

Kartzela handi eta berria dute presook, baina «desastre hutsa» da, Salhaketako kideek agerian utzi dutenez. Elkarretaratze bat egin dute Iruñean, Espainiako estatuan preso sozialek hasi duten txandakako gose grebarekin bat egin eta presoei elkartasuna adierazteko. Hiriburuko kartzelan ez da inor greba egiten ari, oraingoz, «baina bada zer salatu», Iruñeko protestan bat egin dutenek agerian utzi dutenez. Urtarriletik, adibidez, medikurik gabe dira.

Preso sozialek antolatzeko egin dituzten lehendabiziko urratsak ez dira oraingoak. Duela bi urte, Salhaketak antolatutako saioan, Copel: una historia de rebeldía y dignidad (Copel: errebeldia eta duintasun istorio bat) izenburuko dokumentala aurkeztu zuten Iruñean. 1976ko abenduan sortu zuten Copel; sufritzen zuten errepresioari eta kartzelako baldintza gogor eta bidegabeei aurre egiteko altxatzea eta borroka egitea erabaki zuten preso sozialek osatzen zuten. «Gure garaian baino okerrago daude espetxeak orain», erran zuten Copeleko kide izandako Fernando Alcatraz eta Daniel Ponte preso ohiek, Iruñeko emanaldi hartan.

Ordurako, martxan zen jada azken urteotan gora egin duen espetxe barruko mugimendua. «Dozenaka presok osatutako talde bat bada, gure bidetik aurrera egiteko urratsak egiten saiatzen ari dena», azaldu zuten Alcatrazek eta Pontek, Iruñean. Preso sozialak lehenago jarri ziren martxan, hain zuzen: «Beren eskubideak aldarrikatzeko lehenengo proposamena 2015ean egin zuten», gogoratu du Salhaketako June San Millanek, presoen borrokaren berri emateko antolatutako hitzaldian.

Otsailean, hiru txanda

Idazten zituzten gutunen bidez hasi ziren antolatzen preso sozialak, beren oinarrizko eskubideen alde. Lan horren ondorioz, 2018an egin zuten txandakako gose greba, lehen aldiz; bigarren kanpaina bat antolatu zuten 2019an: maiatzean eta ekainean lehenbizi, eta irailetik aurrera gero. Hil honen lehen bi asteetan, Erasmo San Pablo Tejedorrek (Alacant, Herrialde Katalanak) eta Mohamed Achrafek (Pontevedra, Galizia) egin dute gose greba. Atzo, berriz, Vicente Jose Fernandez Belenek (Zaragoza, Espainia) hasi zuen bere txanda, hilaren 29ra bitarte.

Salhaketako kideek uste dute Copelen inguruko dokumentalak balio izan duela «kontzientziak astintzeko». Batez ere, espetxeko hormen kanpoko aldean diren herritarrenak. Halere,onartu dute gizarteari oro har ez zaiola interesatzen zer gertatzen den kartzeletan. Errealitate hori da aldatu nahi dutena, hain zuzen, espetxe barruan presoek beren eskubideen alde hasi duten borrokari bozgorailu bat eskainiz.

Iruñean ere, Salhaketan ari direnek presoen ondoan egiten dute lan. Azken hilabeteotan, batez ere osasun arreta jarri nahi izan dute fokupean, esparru horretan «hobetzeko anitz» badelako. «Egoerak hobera egin dezan behar da, lehenik eta behin, espetxeko osasun eskumenak Nafarroako Gobernuaren esku uztea», azaldu dute.

2003koa da espetxeko osasun eskumenak erkidegoen esku utzi nahi zituen Espainiako Kongresuko legea, baina orain arte Kataluniak eta EAEk baino ez dituzte beren gain hartu eskumen horiek.

Salhaketak harago joan nahi du, eta 2017an jada Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuen Nafarroako Foru Erkidegoak bere gain hartzea espetxe eskumenak, bultzada baten beharra izenburuko txostena. Osasunaren arloan egoera «larria» da. Iruñeko espetxeari hiru mediku dagozkio, baina bakar bat ere ez da aritu azken asteotan, batek erretiroa hartu eta bere tokia ez delako bete, eta bertze biek gaixo-agiria hartu dutelako eta ordezkorik ez dietelako jarri.

Gaur egun, presoek jasotzen duten osasun arreta Espainiako Espetxe Erakundeen esku dago; borrokan diren preso sozialen eta Salhaketaren gisako babes elkarteen asmoa da osasun zerbitzuek hartzea ardura hori beren gain. «Iruñeko espetxearen kasuan, Nafarroako Gobernuaren langileak izan daitezela kartzelako medikuak eta erizainak, alegia».

«Okerrera»

Osasun arretarekin lotutakoa ez da Iruñeko espetxean preso diren pertsonek duten arazo bakarra, eta Salhaketa ere ez da egoera hori salatu eta mahai gainean jarri nahi izan duen erakunde bakarra. 2017an, Iruñeko kartzelako presoekin lan egiten duten Juantxo Castiella psikologo klinikoak eta Sare elkarteko arduradun Julia Munarrizek zurian beltz jarri zituzten espetxe barruan aldatu beharrekoak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian.

Sarek GIBaren eta hiesaren inguruko lana egiten du, eta 1992. urtetik ari da Iruñeko espetxeko presoekin. Kartzela berrian, «gauza on bakarra» ziegak direla uste du Munarrizek. «Gainerako guztiak ez du inolako zentzurik. Espetxe politikek okerrera egin dute azken 25 urteotan; eskumenak izateak ere ez du arazoa konponduko, segurtasunaren esparruan esku hartzen ez bada: hau da, preso batek espezialistarengana joan behar badu, garaiz jakin behar du, familiak jakin dezan. Segurtasunari ematen zaio lehentasuna, gizatasunaren gainetik».

Castiellak droga eta alkohol menpekotasuna duten presoekin egiten du lan espetxean. Ez da lan erraza, hasteko, eraikin handia izan arren ez dituelako azpiegitura egokiak. «Profesionalok presoak artatzeko bulegorik ez dago moduluetan; egitura ez da batere egokia. Presoak anitzez ere bakartuago daude, eta ikastaroak eta tailerrak egiteko zailtasunak ere handiak dira. Modulu anitz bada, baina baliabideak eskasak dira, ordea».

Droga eta alkohol menpekotasuna dutenentzako programan 110 pertsona artatu zituzten 2011. urtean. Hori izan zen Iruñeko espetxe zaharrean egindako azkena. 2016an, berriz, jada kartzela berrian, 148 artatu zituzten.

Castiellak Nafarroako Parlamentuan azaldutako datuen arabera, lapurretekin eta osasun publikoaren kontrako delituekin lotutako auziengatik daude preso Iruñeko espetxean diren gehienak. «Hurrengo delitu nagusiak lirateke genero indarkeriarekin eta bideko segurtasunarekin lotutakoak. Azken garaiko joera da hori».

Menpekotasunen programak artatutako presoen %90ek ez dute batxilergoa bukatu, eta lanik edo gizarte laguntzarik ez zuten espetxean sartu zituztenean. Zigorra beteta ateratzen direnean ere, babes sarerik ezak anitz zailtzen die aurrera egin ahal izatea.

Zuzendariarekin bilera

«Nire helburua da presoen egoera hobetzea». Horixe erran du Nafarroako Gobernuko Justizia zuzendari nagusi Rafael Sainz de Rozasek, hil honetan, Iruñeko espetxeko zuzendari Enrique Sotorekin bilera egin eta gero. Sainz de Rozasek argi du hori lortzeko «funtsezkoa» dela Nafarroak espetxe arloko eskumenak bere gain hartzea. Ez du gehiago zehaztu medikurik ezak sortutako egoerari konponbide bat emateko gobernuak zertan lagun dezakeen, adibidez.

Espetxea eta hiria lotzeko garraio arazoei aurre egiteko taxi zerbitzua jarri zuten Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak, 2018an, baina Salhaketako kideek nabarmendu dute egindako urratsa ez dela «nahikoa ». Emakumeen egoerak ere konpondu gabe jarraitzen duela erantsi dute: «Errespetu moduluan daude; ustez borondatezkoa da modulu horietan egotea, baina, Iruñean, sakabanaketa da alternatiba bakarra».

Espetxeak behar ditu alternatibak. Hori argi dute Salhaketako kideek. «Hezkuntza jarri behar dugu erdigunean, eta gatazkak konpontzeko bertzelako bideak bultzatu; bitartekaritzaren eta gisakoen alde egin behar dugu, espetxea bezalako zigor sistema bat bultzatu ordez». Sare elkarteko Julia Munarrizek argi erran zuen 2017an parlamentuan egindako agerraldian: «Espetxeak bakarrik dira sistemari traba egiten diotenentzat». Beren protestarekin, presoek egin dute orain gizartea astintzeko urratsa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Gotzone Sagardui.</b> Osasun sailburua, atzo, Gobernu Kontseiluaren ostean egin zuten agerraldian. ©J. FONTANEDA / FOKU

Datu «txarrak» direla eta, osasun larrialdia ezarriko du berriz Jaurlaritzak

Berria

Espainiako Auzitegi Gorenak onetsi egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun ziurtagiria erabiltzea. Ziurtagiria datuak apaltzeko «tresnetako» bat izango dela dio Urkulluk A. Iraola - J. Ordoñez- J. Senar
Garbiñe Ubeda, Paula Kasares eta Kike Amonarriz, atzo, Andoainen, Martin Ugalde foroan. ©JON URBE / FOKU

Hitzekin batera, haien balioa

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gurasoen hizkuntza jarreren garrantziaz aritu dira Kasares eta Amonarriz Martin Ugalde foroan
Emakume bat Soweton, Johhanesburgon, atzo. Omikron aldaeraren kasuak agertzen hasiak dira mundu osoan. ©K. L. / EFE

EMAk iragarri du hiru hilabete beharko direla aldaera berrirako txertoak onesteko

Arantxa Elizegi Egilegor

Austriak datorren astean aurkeztuko du nahitaezko txertaketa ezartzeko lege proposamena. Baliteke Alemaniak ere bide beretik jotzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.