Txinak ez du bizi nahi koronabirusarekin

Omikron aldaerak kaosa sortu du. Orain arte olde asko izan dira, baina, neurri zorrotzak ezarriz, laster amaitu dira. Aldaera berria hain kutsakorra denez, zailagoa da egoera kontrolatzea.

Herritar batzuk PCR test bat egiteko ilaran, atzo, Pekinen. Txinako hiriburuan omikronaz kutsatutakoak 391 lagun direla jakinarazi dute. MARK R. CRISTINO / EFE.
Olatz Urkia
Pekin
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Shanghain hilabete egin dute konfinatuta 26 milioi pertsonak. Eta Txinan konfinatua egoteak etxean kartzelatua egotea esan nahi du: ez da posible kalera behin ere ateratzea; erosketak egiteko ere ez. Aste honetan bai, kutsatze datuak behera egiten ari dira: duela hamar egun ingurura arte, egunean 20.000 bat kasuren berri ematen zuten; herenegun, berriz, 6.800 positibo baieztatu zituzten; okerrena pasatu dela dirudi. Shanghaiko hamasei auzotatik seitan, azken bi asteetan kutsatu bakar baten berri ere ez dute eman, eta, beraz, eremu ez-kutsagarri izendatu dituzte. Konfinamendua leuntzen hasi dira pixkanaka, baina oraindik hamar milioi pertsona inguruk etxetik irten ezinik jarraitzen dute, eta haserrea areagotzen ari da: sare sozialetan, Txinan egunero ikusten dira buzo zuridunen —testak egiten dituztenen— eta herritarren arteko borroken bideoak.

Shanghaiko Yiqianekin hitz egin du BERRIAk. 33 egun daramatza etxetik irten gabe: «Egoera ondo daramat, baina azken hilabetean aita eta katua babesteko asko borrokatu behar izan dut. Ez naute sintomek kezkatzen, positiboak tratatzeko moduek eta kutsatu direnen maskotekin egiten dutenak baizik. Aita kutsatu zenean, telefonoz deitu, eta ordu bat geroago anbulantzia haren bila zetorrela esan ziguten. Ezin zidaten aginduadineko batentzat baldintzak onak zirenik berrogeialdia egiteko zentroan, eta, horregatik, etxean utz zezatela onartzeko konbentzitu nituen. Ondoren, egunero ibili zaizkigu deika. Neurriak erabat leuntzeko azkarregi dela deritzot, Txinan oraindik adineko asko txertatu gabe daudelako, baina argi dago ez duela zentzurik asintomatikoak eta sintoma leunak dituztenak berrogeialdi zentroetara eramateak. Egoera nahiko gaizki kudeatzen ari dira hemen».

Pekinen, aste bateko sustoa

Pekinek ez du Shanghaiko egoera nahi, eta, horregatik, beranduegi izan baino lehen neurri zorrotzenak hartu dira. Apirilaren 23ko eta 24ko asteburuan 26 kasu atzeman zituztela jakinarazi, eta agintariek alarma piztu zuten, herritarrei esanez hiriak oldea gelditzeko esfortzu guztiak egin beharko zituela. Mezu hori ikaraz hartu zuen hiriak: Shanghaiko konfinamendu bera zetorrela pentsatu zuten askok, eta astelehenean supermerkatuak hustu zituzten.

Baina orain, aste bat geroago, pasatu da beldurra; izan ere, PCR probak masiboki egin, eta datuek ez dute gora egiten, egonkor mantendu dira: egunean 50 kasu atzematen jarraitzen dute, batez beste. Guztira 391 pertsona kutsatu ditu omikron aldaeraren olde horrek Pekinen; oso datu txikia da, Shanghaikoarekin alderatuta.

Sonky Pekinen erdigunean bizi da, eta hark ere ikara sortu zenean egin zituen erosketak: «Janari izoztua, ur botilak, eta kontserbak erosi nituen batez ere, Shanghain bezala hilabetez etxetik irten gabe egotea tokatuko balitz prest egoteko. Baina, orain, pasatu zait beldurra. Shanghain beranduegi erreakzionatu zuten kutsatzeak agertzen hasi zirenean, eta horregatik dute egoera okerragoa. Pekinen neurri zorrotzagoak hartzen dira. Adibidez, etxean aste bateko konfinamendua egin behar izan nuen nire bulegotik gertu kutsatze bat atzeman zutelako. Ez naiz ez gertuko kontaktua ez ezer, PCRan negatibo eman nuen, baina, hala ere, konfinatu ninduten».

Buzo zuriak, nonahi

Egunotan, Pekinen erdigunean kilometro bat oinez egin, eta testa egiteko lau gune ikusten dira erraz. Kalean daude, plazetan, parkeetan, edozein izkinatan, metro geltokien eta kaleen sarreretan. Urrunetik ikusten dira betiko karpa urdinak eta buzo zuridun langileak.

Ilara azkar mugitzen da. Pasaporte zenbakia utzi, lagina har dezaten ahoa ireki, eta kito; emaitza automatikoki sakelakoaren osasun aplikazioan agertzen dasei-hamabi ordu geroago.

Testa saihestu nahi dutenek hala egin dezakete, baina etxean ezkutatu beharko dute, herritarrak ezin baitira inon sartu 48 orduko emaitza negatiboa erakutsi gabe. Larunbatean iragarri zuten Pekinen parke, denda, bulego, urbanizazio eta edozein lekutara sartzeko PCR negatiboa derrigorrezkoa izango zela. Orain denek egiten dute, gutxienez bi egunean behin. Test gune batetik irten berri den neska gazte batek hau esan du: «Dagoeneko 50 PCR baino gehiago egin ditut pandemia hasi zenetik. Txina barnealdean bidaiatzeko derrigorrezkoa da. Olde bat izan den bakoitzean masiboki egin ditugu. Orain, Pekinen, bi egunean behin. Ohitu naiz eta ondo deritzot, oldeak gelditzeko modu onena baita».

Oldeak utzitako arrastoa

Pekinen sustoa pasatuta eta Shanghain datuak behera doazela, badirudi okerrena pasatu dela. Halere, omikronaren oldeak zerbait gehiago utzi du Txinan: zero COVID estrategiak zalantzak eragiten ditu. Kasu gehienak asintomatikoak izanik, batez ere Shanghain herritarrak adierazten hasi dira neurri zorrotz horiek ez direla beharrezkoak: ez diote zentzurik ikusten, adibidez, asintomatikoek ere berrogeialdi zentralizatua ospitaleetan egin behar izateari. Shanghain izan diren 500.000tik gora kutsatuak berrogeialdian jartzeko baliabide asko behar direnez, negatibo eman arte egin duten konfinamenduaren baldintzak ez dira onak izan, eta, esaterako, beste gaixotasun batzuk dituzten adinekoek gaizki pasatu dute. Kezka handia sortu dute haurrak gurasoengandik banantzeko eta kutsatuen maskotak erretiratzeko erabakiek ere.

Azken hilabeteko kaosa pasatuta, Txinan gaixotasunari eta sintomei beldurra galdu zaie, eta, aldiz, kutsatzeak dakarren askatasun faltak ikara sortu du. Test masiboak bai, onartzen dituzte, eta eraginkorrak direla uste dute gehienek, baina konfinamendu zentralizatua ez; eta gero eta gehiagok esaten dute agian badela koronabirusarekin bizitzen hasteko garaia. Gobernuak, aldiz, ez du halakorik nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.