Saran, idazteaz eta izateaz

Atzo abiatu zen Sarako 36. Idazleen Biltzarra, azoka bete erakusmahai eta liburu aurkezpen ugarirekin. Leku nabarmena izan zuten hizkuntzari eta herriari begirako lanek. Profesionalen eguna da gaur

Ezker-eskuin, Coyos, Arrabit, Urrutia, Bidegain eta Elosegi, Euskaltzaindiaren argitalpen berriak aurkezten. G. FAUVEAU.
itziar ugarte irizar
Sara
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Udaberri beteko astelehen bat. Jai eguna Euskal Herri osoan. Eta Larhunen magalean, Lapurdin, Sarako Idazleen Biltzarraren aldi berri bat, 36.a. Herriko kiroldegian argitaletxeen eta elkarteen erakusmahaiak prest zeuden, atzo, goizeko hamarretan ateak irekitzerako. Alboan jasotako karpan, gune bi: haurren txokoa ezkerretan, eta mintzaldien txokoa eskuinetan. Eta hantxe aurkezpenak pausarik gabe, Pantxika Maitia kazetariak gidaturik. Oztibarreko (Nafarroa Beherea) ikasleen ondotik, Mixel Mendiburena zen hitza: «Liburu honetan kontatuak diren kontakizunak ez dira beste nehon gertatuak, hemen, gure herrian, garen tokian baizik. Bizi izan dugunaren funtsa, askok ttikia kontsideratzen luketena, balio erraldoikoa zaigu, munduan bakarra delakotz». Eta liburuaz ari arren, biltzarraz ere ari zitekeen Mendibure. Txikian, zerbait handia biltzen baitu Sarako Biltzarrak; Ipar Euskal Herrian euskal kulturaren hitzordurik garrantzitsuenetako bat baita oraino ere.

Zehazki, ordea, 1813-1814 Euskal Herria suntsitua liburua aurkezten ari zen Mendibure, duela lau urte plazaratu, eta hogei bat orri gehituta berrargitaratu dutena. Duela 200 urte Napoleonen tropak Euskal Herrira heldu zirenekoak ditu ardatz. «Frantses armadak ebasketa izugarriak egin zituen hemen. Memento batez izan ziren, eremu ttiki honetan, 14.000 zaldi; izan ziren 180.000 soldadu, jende bezainbat soldadu sei hilabetez. Harrigarria da». Berriro: «Harrigarria da». Eta jarraituko luke azaltzen zergatik, denbora mugatua ez balu, Maitiak aldiro gogorarazi behar izan zuenez. Hitza hartzeko zain ziren Pantxoa Etxegoien, Aintzane Lasarte eta Iñaki Martiarena Mattin. Nekatoenea egoitzako idazle egonaldia aurkeztu zuten. Zortzi urte dira Hendaiako Abadia eremuan artistentzako egonaldiak prestatzen dituztena, eta Mattin izan da han egon den azkena. «Egonaldia baino, eginaldia izan zen». Euskarazko kamishibai bat aurkeztu zuen han emaniko tartean, Xotixe izeneko paper-antzerkia.


Ezker-eskuin, Coyos, Arrabit, Urrutia, Bidegain eta Elosegi, Euskaltzaindiaren argitalpen berriak aurkezten. G. Fauveau

Aurkezpenak bata besteari josi ahala, argitaletxeen erakustokia betez zihoan kiroldegian. 125 egile, 27 argitaletxe eta 11 elkarte; denera, 77 mahai: Ikas, Eusko Ikaskuntza, Pamiela, Elkar, Herrimina kultur elkartea, Nabarralde Fundazioa, Hatsaren poesia, Euskaltzaleen Biltzarra, Txalaparta, Erroa... Eta haien artean, mahaien bi aldetan, idazle, euskaltzale eta kultur munduko aurpegi ezagunak, bisitariekin batera. Han zen, beste urte batez, Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharreta editorea ere. 1984ko lehen ediziotik izan da biltzarrean. Lehen orduak igarota, oso on zeritzon biltzarreko lehen eguneko giroari. «Beti bezala, jendea hemen 11:00-13:00 eta 15:00-18:00 artean metatzen da. Ez dut gehiegi kritikatu nahi Durangoko Azoka, baina hemen ez da zarata handirik. Urteko momentu oso pozgarria da, erosleak, irakurleak eta argitaratzaileak mintzatzeko aukera baita. Autore asko dago, eta uste dut Sarako berezitasuna hori dela, autore askoren presentzia. Hala pentsatua izan da beti».

Haien artean zen, kasurako, Ainara Maia Urroz idazlea. Maiatz-en erakusmahaian zebilen, Joxe Maia aita zuenaren gaineko biografia aurkezten, Pepito, maiteminaren eta minbiziaren txinparta izeneko lana. Zortziko argitaletxean ere bazuen beste liburu bat, Mattin komikilariarekin batera ondutako Muxuak poema lan ilustratua. Biltzarraren elkargune izaera nabarmendu zuen oroz gain: «Aukera polita da beste idazleak gure artean ezagutzeko; Ipar Euskal Herrian elkartzeko dugun aukera bakarrenetakoa».

Euskara, identitate ardatz

Biltzarrean hutsik egiten ez duen horien artean, Euskaltzaindiak hiru liburu aurkeztu zituen atzo, mintzaldien gunean. Beñat Arrabit EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidentea, Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidentea, Xabier Elosegi ikertzailea eta Xarles Bidegain eta Jean-Baptiste Coyos euskaltzainak hartu zuten lehen lerroa. Eta Maitiak galdera: «Bost gizon! Eta emazteak non dira Euskaltzaindian?». «Hemen badira batzuk, ohorezkoak gainera, gu baino gehiago direnak», erantzun Urrutiak, publikoan zeuden kideak seinalatuz. Euskaltzaindiak aurten mendea bete duela ekarri zuen gogora, eta orduko goiburuari eusten diotela: «Ekin eta jarrai. Hemen ere, ekinean jarraitu». Euskaltzaindia EEPren erreferentziazko solaskidea dela aipatu zuen Arrabitek, eta Sarako Idazleen Biltzarra Iparraldeko hitzordu ezinbestekoa dela berretsi hark ere: «Hemengo lanei merezi zaien lekua ematen baitie». Ondorengo lanak aurkeztu zituzten: Euskara batua eta Ipar Euskal Herria 1964-2018, Coyosek ondua; Janpierra lexardoarteren bizitzea eta basabürüaren trajeria, Jakes Sarrailleten eskutik; eta Le dauphin: 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak eta gogoetak, othoi çato etchera, Elosegirenetik.


Haurren txokoa ere ekintzaz beterik izan zen egun guztian. G. F.

Beste boskote batek hartu zien lekua segidan. Euskal Museoaren Lagunen Elkartearen bultzadarekin, Cairn argitaletxeak Basque(s) liburua plazaratu du, 32 artikuluren bilduma bat, euskal identitateak eta euskal kultura folkloretik harago egun nola bizi den aztertu nahi duena. Argitalpenean parte hartu duten lau kide izan ziren atzo, Patrick Pepinek gidatuta: Argitxu Camus, Eric Dicharry, Pilippe Etxegoien, Evelyne Mourguy eta Frederic Bauduer. 300 orrialde gorako lan mardula, hitz gutxitara ekarri behar izan zuten egileek. Hala, laburrean, pilotak euskal identitatean duen arrastoaz aritu zen Mourguy; diasporako euskal nortasun ugariez eta horiek gaurkotzeko hartu diren bide berriez Camus; antropologia biologikoaz Bauduer; ikuspuntu ekonomikotik eta Zuberoa ardatz harturik Etxegoien; eta, azkenik, arte garaikideaz eta euskal identitateak emandako jauziaz Dicharry. Joxe Azurmendiren aipu bat baliatu zuen: «Zer da egiten duena belaunaldi batek naziotasunari buruz euskararen aldeko hautua egiten duenean, arrazaren alde egiten zuen beste belaunaldi baten aurka? Ideien sistema guztia aldatzen da, balio sistema guztia». 36ko gerra aurretik, arrazan oinarritutako euskal identitateak, hizkuntzan eta kulturan oinarritutako identitatera egindako aldaketa landu du, eta, hari lotuta, baita hizkuntzak euskal identitatean betetzen duen «leku zentrala» arte plastikoetan nola uler daitekeen ere.

«Herriaren bultzatzaile handia, segitzen du idazten eta idazten». Hala aurkeztu zuen Maitiak Janbattitt Dirassar. «Biltzar hau 36.a omen da, eta, enetzat, 33.a da. Erran nahi dut hiru aldiz huts egin dudala, ezinbestean bazen ezinbestean». Begiraleak argitaletxearen eskutik, Herria irakurtua liburua aurkeztu zuen hark, 1996tik hona, Herria astekarian argitaratutako ehun idatziren bilduma.

Euskaldun izatearen bestelako ertz bat, alde ezkutuago bat agertu zuen ondotik Ainize Madariaga Muthular ikerlari eta BERRIAko kazetariak. UEUren eskutik, Komunitatea hats-bahiturik aurkeztu zuen atzokoan. Interpretazio propioz eta esparru teoriokoz lagunduta, lekukotasun bat du oinarri lanak; umetan euskara debekatu izanak trauma luze bat eragin zion euskaldun batena. «Psikoterapian sei urtez aritu ondoren ohartu da oraingo zailtasun batzuk nondik heldu zaizkion. Elkarrizketan emozio ugari atera ziren; haien artea bazen, besteak beste lotsa; eta lotsak arazo kolektibo bat gordetzen du». Hala, norbanakoaren eta giza taldearen arteko lotura landu du, kasu honetan, euskaldunaren eta euskal komunitatearen artekoa.

«Elkartasun mundu bat»

Eguneko beste argazki bat Lapurdi 1609 elkartearen ekintzak utzi zuen. Biltzarra baliatuz, 1813-1814 Napoleonen tropek eta bere etsaiek Euskal Herria nola suntsitu zuten oroitarria inauguratu zuten, Denen Etxeko parkean.

Napoleonen tropek Euskal Herrian eragindako suntsipena gogoratzeko oroitarria jarri zuen Lapurdi 1609 elkarteak. G. F.

Etxezaharretaren ustetan, euskara urtetik urtera sendotuz doa biltzarraren inguruan. «Duela 35 urte, argitalpen oso gutxi zen euskaraz; batzuek uste zuten ez zela ezer euskaraz argitaratzen. Hori osoki aldatu da geroztik, eta erran nezake argitaletxe erdaldunek euskara pixka bat sartzen dutela. Hori politika publiko batzuen emaitza ere bada, nonbait». Biltzarrak mugaren bi aldetako euskaldunak elkartzen dituela ere azpimarratu zuen: «Badugu elkartasun mundu bat, urtetik urtera indartu dena».

Bigarren eguna du gaur biltzarrak, literaturaren inguruan profesionalei gordetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.