Musika uzta 2021ean

Lagunen eta kanten bideak

BERRIAko musika kritikariek Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen 'III' eta Verde Pratoren 'Kondaira eder hura' nabarmendu dituzte 2021eko euskal diskoen artean

Verde Prato. Ana Arsuagak bere bakarkako ibilbideko lehen diskoa argitaratu du. MARIA MURIEDAS.
Andoni Imaz.
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ana Arsuagak autorretratua eraman zuen Verde Prato bakarkako proiektuko lehen diskoaren azalera. «Nahi nuen agertu bakarrik eta hortxe. Zera esateko: disko hau neska gazte batek egin du, eta bakarrik egin du», azaldu zion BERRIAri. Joseba Irazokik, berriz, JIEL siglen artean ezkutatu du bere izena Joseba Irazoki eta Lagunak taldearekin eman duen hirugarren diskoan. Bakarka zein taldean, esperimentaziorako eta entzulearen aurreiritziei izkin egiteko jarrera erakutsi dute, eta bi disko horiek dira BERRIAko kritikariek gehien nabarmendu dituztenak 2021eko uztan; Urko Ansak, Julen Azpitartek, Ihintza Orbegozok eta Andoni Tolosak beren aukeraketa egin dute.

Berezia, ezohikoa, zaila. 2020a mendean hartu zuten adjektiboak gainetik kentzen saiatu da 2021. urtea, baina koronabirusaren krisiak ekarritako etenak utzitako arrastoak nabarmenak dira oraindik musikagintzan. Iazkoa urte gorabeheratsua izan da, euskal musikariek aurreko urtean baino disko eta kontzertu gehiago egin dituzten arren.

Euskal diskogintza «trantsizio aldi batean» dagoela sumatzen du Tolosak. Diskoen kopurua hazi den arren, hark uste du artista «kontsakratu» askok tiraderan gorde dituztela haien lan berriak, argitara ateratzeko garai hobeen zain. «Hala ere, iaz baino gehiago ausartu dira: Joseba Tapia, Ruper Ordorika, Maite Larburu, Don Inorrez...». Musikarien «egoskorkeria» txalotu du, lan «bikainak» egin baitituzte.

Orbegozok aniztasuna nabarmendu du: lurralde, genero eta adin ezberdinetako eta askotariko estiloetako lanak argitaratu izanari eman dio garrantzia. Ansak ere ospatu du musikariek oztopo guztien gainetik aurrera egin izana, eta zera erantsi du: «Kontzertuak antolatzera ausartzen diren horiek guztiek ere omenaldi bat merezi dute». Ezkorrago ageri da Azpitarte: «2021. urtea ez zait bereziki emankorra iruditu euskal musikari dagokionez; ez didate zirrara berezirik eragin euskal musikarien lanek».

Hala ere, Azpitarteri berezia iruditu zaio Verde Pratoren Kondaira eder hura: «Euskal folkaren eta elektronikaren uztartzea gozo-gozo itsasten zaio ahotsari. Ezaugarri propio asko dituen proposamena da, erabat ezberdina, berez bereizten dena. Eta hori oso lantzean behin gertatzen da».

Tolosa ere iritzi berekoa da: «Uste dut Arsuagak heldutasun ariketa bikaina egin duela diskoan, non erroek eta etorkizunak bat egiten duten, artifizio eta tranparik gabe, sortzailearen ahots propioa are nabarmenago erakutsiz». Esperimentazioa eta herri musika uztartzeko hautu estetikoa egiten duten musikarien ildoan kokatu du lana. «Ibon RG izan daiteke alde horretan lan gehien egin duena». Aurten, Enrike Hurtadorekin egindako oMOrruMU baMAt diskoa kaleratu du. Tolosak bide horretan kokatu ditu Amoranteren obra eta Mursegoren hainbat lan ere: «Topikoak alboratu, beldur eszenikoak gainditu, eta Laboak egindako ekarpenak berrikusteko ausardia nahikoa erakutsi duten musikariak dira, bide berriak irekitzen ari direnak euskal kantagintzarentzat».

Hainbat kantautorek atera dute disko berria aurten: Urkok, Txomin Artolak, Gontzal Mendibilek, Ordorikak... Eta Ansak gustura hartu ditu «klasikoen» lanak, baita artista gazteenak ere; Idoiaren Ilun eta abar eta Intzaren Ilundu aurretik, batez ere. «Eta duela gutxi hasitakoen arrakasta ikusgarriak (Olatz Salvador, Liher, Amak, Huntza) begien aurrean jarri digu diskoetan eta kontzertuetan duten indarra».

Tolosak ere nabarmendu ditu Salvadorren eta Idoiaren lanak, «pop eta rock musikatik edaten duten bakarlarien» artean. Dena den, haren ustez, Abereh bakarlariaren Joan-etorrian da alor horretan urteko lanik aipagarriena: «Sentsibilitate indie nabarmeneko diskoa da, une geldoenetan folkari begiratzen dion moduan, tarte jakinetan pop-rock indartsuari edo biluztasun elektrikoari begiratzeko gai dena. Nortasun handia du, eta hori estimatzekoa da gero eta estandarragoa den pop kantautoreen alorrean».

Rocketik folkera

Rockaren eta haren aldirietan egindako diskoen artean, Orbegozok honako hauek nabarmendu ditu: Birkiten Inertzia, Arimaren Biluztasunez jantzita, Liherren Eta hutsa zen helmuga eta Joseba Irazoki eta Lagunak-en III. «Taldeak lan bikaina argitaratu du, beste behin, erakutsiz rockarekin esperimentatu eta jolasteko duen gaitasuna, eta musikari itzelak direla». III taldearen diskorik «biribilena» da, gainera, Tolosaren ustez: «Irazokik ez du ezer demostratu behar; jakina da haren maisutasuna. Baina egia da, eta disko horrek hori baieztatzen du, erritmo hautsiekin, haien menpeko melodiekin eta kantuen egitura ezohikoekin moldatzen dela hobekien. Disko sendoa da, apokaliptiko samarra, elektrikoa, erraztasunik ematen ez duena, baina hain mamitsua, ezen asetasun moduko bat uzten baitu entzunaldi bakoitzean».

Orbegozok Madeleine taldearen lana ere aipatu du: «Jauzirik handiena aurreko diskoarekin egin bazuten ere, Ezin dena-rekin goia jo dutela —edo jotzetik gertu daudela behintzat— iruditzen zait, aurrekoaren ildotik, baina lan sendo eta mardula bezain arina eta irensterraza argitaratuz, taldearen egonkortasunaren eta gustuz eginiko lanaren adibide».

Tatxers taldearen Hiruzpalau amets larri EPak ukitu «itsaskor, popzale eta freskoa» eman dio Azpitarteren urteari. «2021eko pelotazo-a dira, herrikide dituzten Chill Mafiarekin batera —horiek aparteko testu bat merezi dute, zalantzarik gabe—. Gazteak izanagatik ere, musikari inteligenteak dirudite, hamaika eragin beren egin eta nortasun handiko jarioa sortzeko gai baitira. Pop, punk, oi! eta mod trazak antzematen dira, Snuff hardcore pop talde britainiarra Zaramarekin edo Jotakierekin fusionatuko balitz bezala».

Estiloen artean saltoka, Ansak nabarmendu egin ditu Willis Drummonden Garai bereziendako kontzertu berezia, Lotura metal taldearen Automatak izan, Lamiak eta Rodeo taldeen stoner doinuak, Laumonoren hard-rocka eta funka, eta Anita Parkerren itzulera dantzagarria. «Eta McOnakena sekulakoa izan da». Tapiaren Egon edo ez egon, Larbururen Krak eta Joseba Irazoki eta Lagunak-en III diskoak ere aipatu ditu, «jenialtasun trazako sailkatu ezinezko artisten» artean.

Orbegozok ere bere ibilbidea egin du: «Diabolo Kiwiren funka, Ibil Bedi eta Pasadena taldeen folka eta popa, Verde Pratoren herri kanta esperimentala, Hegazkinen synth-pop elektronikoa eta Trigerren anabasa musikala». Bereziki gustatu zaio, halaber, Habia hirukotearen Animalia naiz eta estreinako lana: «Soka instrumentu eta ahotsekin, herri kantagintza tradizionala, folka eta pop ukituez izugarrizko disko ederra argitaratu dute, klasikotik ere gertu batzuetan, gaur egunera ekarrita, intentsitatearekin jolasten askotan».

Azkenik, Azpitartek Katebegiak diskoa nabarmendu du, 1972tik 1985era bitartean Euskal Herrian eginiko rock progresibo, folk psikodeliko eta jazz-rock musikaren bilduma. Tartean dira Haizea, Enbor, Itoiz eta Lisker taldeen kantak, besteak beste. «Biziki gozatu dut bildumarekin, eta, batez ere, [Mikel Unzurrunzaga] Makala-k kantuak aukeratzean egin duen lanarekin. Bidaia kaleidoskopikoa da Katebegiak: flautak, perkusioak, erritmo beltzak, jazzaren eta rockaren arteko fusioa... 80 minutuko trip haluzinatua. Ezinbestekoa».

Atzerriko izenak

Nazioartera begiratuta, Antonio Zambujoren Voz e violão lanak harrapatu du Tolosa: «Disko gozo eta geldoa da, baina ez zaio umorerik falta, batik bat zenbait melodiatan. Ez da nahikoa Portugalgo kantaririk interesgarrienetako bat dela esatearekin: Europako kantautorerik erakargarrienetako bat da».

Orbegozok Promises diskoa aukeratu du, Floating Pointsek eta Pharoah Sandersek Londresko Orkestra Sinfonikoarekin batera grabatutakoa. «Oinarri elektronikoaren, orkestra sinfonikoaren eta jazz saxofonista baten elkarlanak argi erakusten du klasikoa eta berritzailea nahastu daitezkeela, eta, are gehiago, izugarrizko emaitza atera daitekeela».

Azpitarterentzat, bi izen gailendu dira: Inflo ekoizle britainiarra eta Chicagoko (AEB) International Anthem diskoetxea. «Izan ere, zaila egiten zait Little Simzen Sometimes I Might Be Introvert eta Ben LaMar Gayren Open Arms to Open Us diskoen artean aukeratzea. Makina bat eragin beltz eraldatzen eta berritzen dituzten maisulanak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.