Hitzen etxaldea

Bigara bikote sortzaileak 'Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia' lana eman du argitara. 101 animaliaren izenekin, palindromoak sortu, ilustratu eta hiztegi moduko bat osatu dute
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2020ko urtarrilak 29

Ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen diren zenbakiei kapikua esaten zaie. Katalanetik dator hitza —cap i cua, burua eta buztana—, eta, letrei dagokienean, palindromoa da haren parekoa. Hizkiekin jolasean hasi ziren Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia sortzaileak halako batean. Ezker-eskuin eta eskuin-ezker berdin irakur zitezkeen hitz eta esaldiekin. Eta galdera bat piztu zitzaien: zein hitzek izan dezakete beren baitan burua eta buztana? Animalien erreinuan aurkitu zuten erantzuna. 101 animaliaren izenekin palindromoak sortu, bakoitza ilustratu, eta hiztegi moduko bat osatu dute orain. Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia izenburupean plazaratu du liburua Pamiela argitaletxeak. Egileek Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute lan berria, Jose Angel Irigarai Pamielako kideak eta Joxerra Garzia idazle eta kazetariak lagunduta.

Bigara bikote sortzailea osatzen dute Aranburuk eta Garciak, eta elkarlanean aritzen dira arte plastikoetan eta diseinuan. Elkarrekin osatu dute liburua ere, eta «sormen tresna» gisa ulertzen dutela azaldu du Aranburuk, jolasaren eta esperimentazioaren ideian azpimarra eginez: «Proposamen ludiko bat da, baina, azkenean, atzean badago hizkuntzaren inguruko hausnarketa bat». Hiru urteko prozesuan, «sorkuntza baino gehiago, aurkikuntza» gailendu zaiela uste du, eta palindromoak sortzeko euskarak duen «potentzialitatea» nabarmendu du. Horra arra, eme, aisia... eta beste hainbat hitz, adibiderako.

Beren bilaketa animalien izenetara bideratu zuten bi sortzaileek. Bele, erbi, euli, idi, jirafa, kaio eta beste hartu, ispilu aurrean jarri, eta barruan «beste hitz bat ezkutatzen zutela» jabetu ziren. Hala joan ziren osatzen ele bele, erbi libre, euli pilue, idia idi, afari jirafa, kaio goiak... 101 palindromo osatzeraino.

Horietako bakoitza irudikatzeari ekin zioten ondoren, eta, hodeietan formak bilatzen dituztenek bezala, esku artean zituzten osagaietan egin zuten bilaketa: hizkietan. Garcia: «Animalia horiek letren barruan bilatzea pentsatu genuen, eta bakoitzaren izeneko hizki batetik animalia bera agertzen zitzaigun. Oso animalia ilustratuak atera zitzaizkigun».

Palindromoak sortzean, hainbat izenek ezkutatzen zuten hitzarekin harrituta geratu zirela azaldu du Aranburuk: «Zerrenda osatzen hasi, eta aker oreka agertzen zen ekilibrista den animaliarentzat; edo asto hotsa, arrantza ozen egiten duen aberearentzat... Nolabait animalia hori kualifikatu egiten zuten». Hortik harridura. «Bikote hauetan ez dago esanahitik datorren lotura bat, erabat formala da. Kointzidentzia al da hitz hauek elkarrekin egotea?». Jolasean jarraitu, eta lotura horien esanahien bila abiatu ziren. «Egia da kultura ezberdinek animaliak baliatu izan dituztela mitologian edo elezaharretan, beren munduari esplikazio bat emateko. Horretara jo genuen. Hiztegian hitz horiek begiratu, eta konturatu ginen lotura nahiko azkar agertzen zela zenbait kasutan». Oilo olio palindromoa jarri du adibide modura, oiloak arrautzak jartzen dituela eta olioak arrautza frijitzeko balio duela aipatuta.

Hala, palindromoetako hitzei definizioak josiz joan ziren, eta, hitzen lekua hiztegia den gisan, animaliei aterpe emateko «piztegi» bat osa zezaketela bururatu zitzaien. «Definizio horietan jaso ditugu ahozko tradiziotik, euskal kulturatik eta beste kultura askotatik ekarritako elezaharrak, jolasak, aho korapiloak, palindromoak, atsotitzak... eta piztia horiek antolatu ditugu halako bestiario edo piztegi historikoen antzera: izen zientifikoa, bere irudia, eta animalia fantastiko horien azalpen modukoak». Adibidez, oilar hitzaren bost definizioen artean dago ego harrotuen alter hegoa; edo aker hitzari lotutakoen artean, palindromo bat: adarreko akerra barreka okerra da.

Jolasak ez ziren hor amaitu, eta liburuaren osotasunean ere simetria baliatzea erabaki zuten egileek. Eta ez soilik azalaren eta kontrazalaren arteko jokoan. Atik Zra doan aurkibidea ez ezik, Ztik Ara doana ere badakar liburuak. Eta hasiera zein amaiera aldean, hitzaurrea den hitzatze bat, eta hitzatzea den hitzaurre bat; animaliek hizkuntza nola asmatu zuten azaltzen duten ipuin bana; eta palindromo luze bana.

Hitz jolasetan abilak diren zenbait lagunen ekarpenak eskertu dituzte sortzaileek, tartean, Ixiar Rozas, Joseba Osa, Harkaitz Cano eta Xabier Aramendirenak. Baita Joxerra Garziarenak ere. Palindromoak goiz deskubritu zituela azaldu du Garziak, baina aitortu du orain arte «dibertimendu hutsean agortzen zen gauza bat» balira bezala ikusi izan zituela, bestelako baliabide batzuk gehiago estimatzen zituela. «Gustatu izan zaizkit, baina ez nuen sekula usteko horiekin munduak eraikitzeko modua zegoenik. Liburu honekin deskubritu didate oker nengoela». Liburu «harrigarria eta ezohikoa» dela, eta hizkuntza gozagarri egiteko askotariko jolas motak biltzen dituela ere txalotu du. «Liburu hau ez da saiakera bat, ez da poesia, ez da prosa, ez da albuma. Saiakera, poesia, prosa eta albuma da».

Museoan ezkutatuta

Egun kapikua izango da datorren igandea: 2020-02-02. Azken zortzi urteotan lehena. Gainera, urteko 33. eguna izango dela, eta urtea amaitzeko beste 333 faltako direla ohartarazi dute Bigarako kideek. Ez dute, beraz, kasualitatez aukeratu beren «abereak gizarteratzeko». Igandetik otsailaren 29ra bitarte, San Telmo museoko erakusketa iraunkorrean 11 abere eta beren palindromoak ezkutatuta egongo dira, bisitariek noiz aurkituko zain. Beste hainbat jarduera ere iragarri dituzte.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Raiundo Berri taberan izan zirenak PCR proba egiteko zain, Okendu kultur etxean gaur goizean. ©Gorka Rubio/FOKU

500 positibotik gora atzeman dituzte Hego Euskal herrian

Berria

Atzo baino 119 kasu gehiago izan dira. Ospitaleratzeak areagotu egin dira azken orduetan.

Kotte Ezenarro. ©Guillaume Fauveau

Epidemiari buruzko informazio «fidagarriagoa eta lokalizatuagoa» galdetu du Ezenarrok

Oihana Teyseyre Koskarat

Hendaiako (Lapurdi) auzapezak salatu du Frantziako Estatuko zerbitzuek epidemiari buruzko daturik ez diotela eman. «Sekretuaren kultura» arriskutsua izan daitekeela esan du.

Arnaldo Otegi, EH Bilduren agerraldi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

Eragile guztiekin biltzeko eskatu diote Jaurlaritzari EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Berria

Ardura herritarren esku uztea egotzi dio Arnaldo Otegik Murgari.

 ©BERRIA

«Azala maizago garbitu behar da, eta krema suabeak erabili»

Olatz Esteban Ezkati

Hiru aste igaro dira maskaren erabilera derrigorrezkoa ezarri zutenetik Hego Euskal Herrian. Egunerokoaren parte bilakatu da dagoeneko, baina babesgarri dena kaltegarri ere izan daiteke azalarentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna