Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. ANALISIA

Demagun...

2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Demagun finalean zein zazpi bertsolarik kantatuko duten asmatzeko kabalak egitea erabakitzen dugula. Finalerdietako lehen itzuliak utzi duen behin-behineko sailkapena, beste edizio batzuetako aurrekariak eta bertsolari bakoitzak halako kinka kudeatzeko izan dezakeen gaitasuna dira kiniela irabazteko eskura dauzkagun datu bakarrak.

Behin-behineko sailkapena: bost bertsolari ageri dira 700 puntu baino gehiagorekin. Ez da aztia izan behar ondorioztatzekoeurak direla aukera gehien daukaten bertsolariak. Lehen itzulian lorturiko puntu kopuru soilez haratago, estatistika ere alde daukate. Alaia Martinek fase bakoitzeko lehenengo saioan kantatu du txapelketan: kantatu, irabazi eta itxaron. Zarata handirik egin gabe. Esango nuke Getxon kantuan hasi zenetik finalista ziurtzat jotzen genuela denok. Aitor Mendiluzek eta Beñat Gaztelumendik Durangon kantatu zuten pasa den larunbatean, eta finaletan eskarmentu handia daukaten bi bertsolariri ustez dagokien nagusitasuna erakutsi zuten. Bosgarren lekuan ageri den Sustrai Colinak ere bere lana bete zuen Irungo saio sonatuan, eta ez dirudi azkeneko urratsa egiteko zailtasun handirik izango duenik. Hipotesiekin jolasean gabiltza, edozein kasutan. Ez ahaztu.

Eta Joanes Illarregi, zer? Nola ahaztu, baina, leitzarra. Aipamen berezia merezi du. Bilboko azkeneko saioan kantatzen hasten denerako ia ez dugu gogoratu ere egingo noiz kantatu zuen lehen itzulian. Marka da, gero: lehen itzuliko lehenengo saioa, eta bigarren itzuliko azkena, txapelketako sistemaren bihurrikeriak. Txapelketa hasi aurretik inor gutxik pentsatuko zuen balentria ikaragarria lortzeko bidean da, eta estatistika alde dauka. Egia da presioa aurka izango duela, baina bera baino hogeitaka puntu gutxiago daukaten bertsolariek ere izango dute euren bizitzako saioa egin beharraren presioa... eta Joanesen puntu koltxoirik ez. Botila erdi beterik ez, guztiz beterik ikusi eta bertsotara, Joanes.

Demagun, beraz, esandako bost bertsolari horiek euren lana burutu eta finaleko bost aulki betetzen dituztela. Bi aulki baino ez ondoren datorren tropeltxoarentzat. Eta hemen hasten dira komeriak. Noraino luzatu sailkapenean aukera errealak izan ditzaketen bertsolarien zerrenda? Hipotesiekin jolas egiten ari garela kontuan hartuz, hamaikagarren postuan ageri den Nerea Ibarzabal hartuko dugu jauzia eman dezakeen azkeneko hautagai gisa. Izan ere, Oihana Iguaran, Amets Arzallus, Julio Soto, Aitor Bizkarra, Agin Laburu eta Nerea Ibarzabal bertsolarien artean 15.5 puntuko tartea baino ez dago, atera kontuak. Hortik behera asko zailtzen dira karanbolak. Sei bertsolari, beraz, eta bi aulki. Bai, bigarren itzulian bertso bat gutxiago da, eta hori guztia. Baina nork esan dezake, adibidez, bigarren itzuliko saioan Nerea Ibarzabalek taldetxo horretako batzuei 16 puntuko aldea atera ezin dienik? Ofizioren batean goia jotzea besterik ez da hori. Amets Arzallus dago lehen itzulian lana erdizka utzi duen taldetxo horren barruan, finala lehen aldiz probatu nahiko luketen Iguaran, Soto, Bizkarra, Laburu eta Ibarzabalen kalterako. Kalterako, diogu, nekez huts egingo baitu hendaiarrak bigarren aldiz, teorian behintzat. Bilbon ariko da kantuan, azkeneko saioan alegia, besteek egin dutenaren jakitun. Illarregi ere Bilbon ariko da, esango du bakarren batek. Ados, bai; gaur-gaurkoz, ordea, beste batzuk dira Ametsen aurkariak. Buruz buruko ederrak hiru saioetan: Amurrion, Iguaran-Laburu-Bizkarra; Baionan, Soto-Ibarzabal; eta Amets bakarka Bilbon, bere buruaren eta mamuen aurka.

Finalean sartzeko borroka izango den arren arreta gune nagusia datozen hiru saioetan, bigarren itzulian kantatuko duten gainerako bertsolariek ere emango dute zeresanik, ziur. Sailkapenaren itolarririk gabe, interesgarria izango da beste behin ere Saioa Alkaizaren bertsokera ausartaz, Jone Uriaren zehaztasun zorrotzaz, Unai Agirreren txispaz, Miren Artetxeren zirtoez, Onintza Enbeitaren bertsokera gertuko eta hunkigarriaz, Eñaut Martikorenaren abiadura eta ideia bihurriez edo Maddalen Arzallusen sentiberatasunaz gozatzea. Bai, bigarren itzulia izugarria izango da. Eta hori ez da hipotesiekin jolas egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.