Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Erdu! Ondo etorria!

Harrobia zentroan egin dute jaialdia.
Harrobia zentroan egin dute jaialdia. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Agus Perez -

2021eko apirilak 28

Erdu! jaialdia

Konpainiak eta lanak: Anita Maravillas (Kotondarrak), Yarleku (Etxerik txikiena), Atx (Kaskarot), Itzuli (Behin bazen internet). Lekua: Bilboko Harrobia zentro eszenikoa. Eguna: Apirilak 23, 24 eta 25.

Igaro berri den asteburuan izan da Bilboko Harrobia zentro eszenikoan Erdu! euskarazko haur-antzerki jaialdiaren lehen edizioa, eta programazioaren kalitatea ikusita, espero dugu jarraipen oparoa edukitzea datozen urteetan.

Kotondarrak deitu zen lehen eguneko pieza, kotoiari nolabaiteko aipamena eginez. Izan ere, bi ahizpa txikiren eta euren amaren bidez azaldutako istorioak industria iraultzaren arora eraman gintuen, argumentuaren muina ehungintza lantegi batean gertatzen delako. Beren jaioterritik hirira egindako bidaian ezagutu genituen bi neskatoen izaera diferenteak, eta ama lantegian hasi ostean etorri ziren ugazabaren diru gosea eta langileen eskubideen aldeko borroka. Anita Maravillas konpainia eredugarri ibili zen panpinen maneiuan diorama moduko eremu eszeniko zoragarrian, eta euskararen erabilera urri-urria izan bazen ere —aditzik gabeko berba solte batzuk baino ez— kanta ezagun batzuekin konpentsatu zen gabezia.

Askoren ustez, bigarren emanaldia izan da egitarau osoan maila altuena erakutsi duena. Iruñeko Yarleku konpainiaren Etxerik txikiena-k gerratik ihes egindako neskato biren istorioa erakutsi zigun. Errefuxiatuen kanpaleku batean bizi dira orain, ahal dutenarekin egindako etxola batean, eta haien arteko hasierako etsaitasuna laguntasun polit bilakatuko da emanaldian zehar. Umore-uneak, samurtasuna, herrimina, beldurra eta segurtasun eza dira beren eguneroko ogia, eta hori guztia dosi neurritsuetan eman ziguten, argiztapen landuan eta musika eder batzuetan lagunduta.

Aipatzekoa da lan honek interpretazio saria eskuratu zuela Espainiako FETEN jaialdian, eta objektuen antzerkitzat ere jo daitekeela pasarte batzuetan. Emozio asko eta handiak eragin zizkigun emanaldiak eta ni seguru nago ikusle egondako ume askok heldutasunerako jauzi nabarmen bat eman zutela goiz hartan beren gurasoen konpainian. Horren kontura, horra hor anekdota bi. Baga: irteeran seme batek amari galdezka: «Ama, baina ume horiei zer gertatzen zaie? Gu bezalakoak dira?». Biga: Iruñeko emanaldi baten ostean afrikar jatorriko neskato bi beren artean zeuden hizketan, eta batak besteari diotso: «Bada, niri ez zait batere gustatu, gauza batzuk —gauza batzuk— gogorarazi dizkidalako».

Hirugarren pieza —Kaskarot— orriotan komentatu nuen aspaldi, eta egitaraua amaitzeko Baionako Itzuli konpainiak Behin bazen internet eskaini digu Hegoalderako primizian. Izenburuak dioen bezala, informatika-sareen barrunbeetan bizi dira protagonistak, eta argiaren abiaduran mugitzen dira informazio-paketeak hara-hona eramateko. Printzipioz, gai zaila edo teknikoegia irudi lezake, baina pertsonaien izaera humanoari esker polita eta entretenigarria suertatu da istorioa, eta umeak laster geratu dira harrapatuta kontakizunean. Gainera, Maryse Urrutik gaitasun itzela erakutsi du haiek denak —hamabi guztira— gorpuzteko eta rol batetik bestera argiaren abiaduran ere igarotzeko. Horrek guztiak gehi Elodie Duquieren irudi proiektatuek eta animazioek entusiasmo nabarmena sortu dute ikusleengan, azken txalo zaparradak erakutsi duen legez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maite Gartzia, Aizpea Otaegi, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias eta Oier Guillan, Donostian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Plaza bat arriskuari

Ainhoa Sarasola

Eztena arte eszenikoen 14. jaialdia ekainaren 5ean hasiko da. Urtero bezala, dramaturgia berrien erakusleiho bilakatuko du Errenteria.

Pedro Salaberri margolaria, artxiboko irudi batean, 2018an. ©Iñaki Porto / Efe

Pedro Salaberri margolariak jasoko du Vianako Printzea saria

Itziar Ugarte Irizar

Naturaren interpretazioan oinarritutako obra piktoriko zabala osatu izana nabarmendu du Nafarroako Kultura Kontseiluak. Arte Talentua Sustatzeko saria, berriz, Sofia Esparza sopranoak jasoko du.

Larraza, Areta, Leitza, Quintana, Goikuria, Skalari, Mendinueta eta Jaka, Beietz taldeko kideak. ©BERRIA

Abiapuntu berriak ospatuz

Yasmine Khris

Beietz talde arbizuarrak bere bigarren diskoa argitaratu du, 'Askatu aingura'. «Jai giroan murgiltzeko» zortzi kantuz osaturiko lana da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...