Agnes Varda

Denborari segitu zion zinemagilea

Argazkiaren eta zinemaren, fikzioaren eta dokumentalaren artean mugitu zen Agnes Varda zinemagilea. 'Nouvelle vague'-ko beste kide batzuek bezala, zinema eta kamera bera kalera atera zituen.

DANIEL DAL ZENNARO / EFE.
mikel lizarralde
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ez diot heriotzari deitzen, baina onartuko dut iristen denean. Lasaitasunez noa, patetismorik gabe». Bizi-bizi eta inoiz baino errekonozimendu gehien jasotzen ari zela ere, soseguz begiratzen zion etorkizunari Agnes Vardak orain dela urte eta erdi, Donostiako Zinemaldian. Ez zuen, ordurako, ezer erakutsi beharrik, baina segitzen zuen, halere, erakusten. Bizitzaren hondarrera arte lanean segitu baitu, orain dela hilabete pasa Berlinalen aurkeztutako Varda by Agnès filmak adierazten duen moduan. Nouvelle vague mugimenduko emakume bakarra izan zena atzo hil zen, 90 urte zituela.

«Filmatzeko, ezinbestekoa da pazientzia». Orain gutxi esan bazuen ere, Agnes Vardaren (Brusela, 1928-Paris, 2019) zinema lana ezagutzeko eta definitzeko balio dezake esaldiak. Pazientzia kamerarekin kalera atera eta behar dena filmatzeko. Bere maitasuna argazkilaritzaren eta zinemaren artean banatu zuen hasieran, eta zinemari dagokionez, fikzioaren eta dokumentalaren artean. La Point Courte (1954) bere lehenengo filmean —bikote triste baten istorioa kontatu zuen— Roberto Rosselliniren zinemaren eragina nabari zen, baina, bitxia bada ere, iristear zen Nouvelle vague-ren aitzindaritzat jo zuten aldi berean. Mugimendu haren barnean kokatu zen, berriz, Vardari nazioarteko proiekzioa eman zion filma: Cléo de 5 à 7 (1961). Osasun analisi baten zain dagoen emakume baten ibilerak kontatu zituen lan horretan.

Nouvelle vague. Zinema mugimendu gutxik eragin dute Frantzian 1950eko hamarkadaren amaieran sortutakoak bezalako lurrikararik. Jean Luc Godard, François Truffaut eta Jacques Rivette izan ziren haren aurpegi ezagunenak, edo hari aurpegia jarri ziotenak, baina Varda ere joera haren barnean sartu zuten, berari askorik ez gustatu arren: «Han zeuden Cahiers-eko kritikoak, baita espiritu libreak ere... Alain Resnais, Jacques Demy, Chris Marker, ni neu... Izen beraren azpian bildu gintuzten, baina ez ginen talde bat».

Sormenezko dokumentalak

Nouvelle vague-k bere egin zuen errealitateari aurrez aurre begiratzeko hautua, eta Vardak ere egiazkotasuna bilatu zuen bere filmetan. Joera hori, gainera, indartu egin zen denborarekin, eta bere ibilbideko azken urteetan dokumentalaren eta zinema-saiakeraren aukeretan sakondu zuen, denboraren gaineko gogoetak eginez: «Filmek ez dute denbora gelditzen: segitu egiten diote». Les Glaneurs et la Glaneuse (2000), buruxkarien gaineko dokumentalak oihartzun handia izan zuen, baina Jacques Demy bere senarra izan zenari buruzko lanak ere egin zituen (L'Univers de Jacques Demy).

Oihartzuna lortzearekin batera, azkeneko urteetan aitorpena ere iritsi zitzaion. 2017an Donostia saria eman zioten Zinemaldian, eta handik bi hilabetera, berriz, Ohorezko Oscarra. Hori jasotzen zuen lehenengo emakumea izan zen, eta aukera baliatu zuen andrazko zinemagileen lana aldarrikatzeko. Izan ere, nahiz eta batzuetan «muturrekoen» kritikak jaso, feministatzat izan zuen beti bere burua. 1971n, 343en manifestua sinatu zuen abortua legeztatzeko eskatzeko, eta iaz, berriz, berdintasuna eta dibertsitatea eskatu zuen beste hainbat zinemagilerekin Cannesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.