ERRESISTENTZIA KUTXA

Salto!

2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun

Begiratu leihotik: orain arte gerturatzen ez ziren txoriak etortzen hasiak dira egunotan etxe ingurura, untxiak agertu dira errotondetan, izurdeak portuetan, eta «bide ertzeko seinaleetan bizi ziren»¹ oreinek muturra sartu dute parkeetan. Izan gaitezen animalia instante batez: senti dezagun ematen dugun beldurra, sortu dugun mundua. Begiratu orain leihotik barrura: zer gara, zer bilakatu gara, zer izan nahi dugu, zer emateko prest gaude, zenbateraino utzi nahi ditugu estatuen eta borradunen esku geure bizitzak.

«Etorkizuna iristean bizirik egongo al naiz?», galdetu izan dit semeak beldurra eta liluraren artean Black Mirror, The 100, Terminator, Walking Dead, Mad Max, Matrix, Children of men, Blade Runner, Contagion... fikzio distopikoak ikusi eta gero. Nik baietz eta «etorkizuna hemen dagoenean gaztea izango al naiz?» jarraitu berak, eta orduan ez, orain arte ez dut jakin izan zer erantzun. Orain badakit: distopia hemen dago, bizirik gaude eta oraindik «gazte» hura usteko.

Hezi ginen Eduardo Galeanoren hitzok soinean generamatzala: «Utopia ortzemugan dago. Bi pauso ibiltzen ditut, bi pauso urrutiratzen da bera eta zeruertza hamar pauso aldentzen. Zertarako balio du, bada, utopiak? Horrexetarako, ibiltzeko balio du». Sinestuta geunden, eta berdin zitzaigun, utopia ameskeria erromantikoaren sinonimo zela, eskuratu ezina, nahiz eta gure txikian ekintza txiki ederrak egiteko baliagarria, beldurra eta lilura pizteko gai hau ere. Galeanoren hitzoi begiratu bat eman eta senti dezaket dagoeneko ez dutela taupa egiten gazteagotan egiten zidaten odol berdinarekin, areago, zimeldu egin dira, erlikia bilakatzeraino. Orain ikus-entzunezko plataformek lehen mundua aldatu nahi zuten argitaletxe eta zinemagileek ematen ziguten edukia ekoizten dute, kapitalismoa hori bezain eskuzabala baita.

Lehen, esnatu eta herrian eta munduan gertatu zena jakiteko premiari kafearekin laguntzen genion egunkaria aldean; egun, norberari ezer, edozer, gertatu izanaren premiaz sartzen gara gure e-postan eta sare sozialetan, teak lagunduta, mundua geroratuta. Behinola eztarria urratu beharrean abestu genituen kantuak, iparrorratz genituen poema eta liburuak modaz pasa dira galtza akanpanatuak eta flekillo zurrunak nola, ez bakarrik estetikoki, baizik eta baita edukiz ere, eta nostalgia erasoaldietan baino ez ditugu erreskatatzen, ardoa eta gertuko lagunak konplize. Ametsak lotsagarri bilakatu zaizkigu eta, postapokalipsi paralizantea, cooltasunaren goia. Etorkizuna hemen dago eta agian zaharkituta utzi ditu Galeanoren hitzak ere, eta utopia, distopia bezala, uste baino eskurago dugu. Baina ez dezagun ahantz: distopiak iraultzaileak izan daitezke eta utopiak alienatzaileak. Bakoitzarekin zer egiten eta elikatzen dugun da axola duen bakarra: beldurra edo grina, totalitarismoa edo antolakuntza, autosalbazioa edo zaintza, nartzisismoa edo niarentzako tokia uzten duen komunitatea, distantzia edo gorputza, bakartasuna edo elkartasuna, birtualtasuna edo lurra, errealitatea edo irudimena, heriotza edo bizitza finean.

Fikzioen ideologiaz eta honen ondorioez hainbeste idatzi duen Fredric Jamesonek dio benetako distopia sistema kapitalista dela, eta makina gas erdira dagoen honetan, aukera dugu hori hala den edo ez sentitzeko (hau idazten dudan bitartean, hildakoen zifrak eta kutsatutako herrialde kopurua gorantz doazela irakurtzen dut free shipping-a duten X etxeko oinetako kolekzio berriaren iragarki-oztopokoekin estropezuka).

Geure bizitzan lehenengo aldiz denoi batera gertatu zaigu zerbait, ez emakumezkoei, ez pobreei, ez beltzei, ez homosexualei bakarrik, baizik eta denoi. Begiratu leihotik barrura: bihar-ik ez balego bezala jardutera ohitu gara, epe motz eta indibidualista batean, antolakuntzari alferrikako iritzita. Baina orain, bakardade geometriko hauetan, gelditasunaren magiari esker, akordatu gara besteaz. Akordatu gara haurrez, nerabeez, zaharrez, eta adin horien erdian gauden supergizon-emakumeez, baserritarrez, abeltzainez, grebalariez, Joaquin eta Albertoren senideez, hiperaktiboez, psikotikoez, neurotikoez, emakume eta haur abusatuez, alkoholikoez, artistez, supermerkatuko langileez, osasungintzakoez, zaintzaileez, presoez, autobus gidariez, kalean bizi direnez, migranteez, errefuxiatuez, ludopatez, tailerretako langileez, telelangileez, kazetariez, ERTEan daudenez, langabetuez, ordenagailurik ez daukatenez eta baita hildakoez ere. Bagenekiena sinesten hasi gara: zaurgarriak gara eta bakartuta gaudenean galduta gaude.

Hau amaitzen denean gure mundua eta askatasuna prekarioagoak izango dira, baina berehala ahaztuko zaigu, batez ere soldatari eusteko zortea izango dugunoi. Gutako asko lanera itzuliko gara, eta txoriak, oreinak, izurdeak eta untxiak klandestinitatera itzuliko. Batzuk opor txiki edo handi batzuk ordaintzeko lain izango dugu; beste batzuk galdutakoa berreskuratzen jarriko dute indarra. Bien bitartean, balkoietara ateratzeko beharra sentitu dugu, omentzera, oihu edo zaunka egitera, kantatzera, bizilagunekin bingoan jolastera, harantzago begiratzera. Ez dezagun ahantz, baina, geranioz apainduta egonagatik balkoiak ere hesiak direla.

Etorkizuna hemen dago eta zaurgarri bezain bizirik gaude. Badakigu kapitalismoa matrioxka handiena dela eta hura zartatu aurretik txikiagoak diren matrioxka mordoxka bat dekapitatu beharko ditugula. Aukeratzeko aukera dugun artean izan gaitezen txori, untxi edo orein, eta hau dena bukatutakoan, ausartu gaitezen behingoz nahi dugun bizitzara salto egitera². Lehenago bagenituen motiboak eta aurrerantzean soberan izango ditugu.

1. Anariren Oreinak kantutik hartua.

2. Anariren kantu beraren moldaketa.

Eider Rodriguez. Errenterian jaioa (Gipuzkoa), 1977an. Publizitate eta Zinema ikasketak egin zituen, eta artikulugile, editore eta gidoigile lanetan aritu izan da. Egun, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Beste hainbat generotan ere jardun izan da —saiakera bi ditu argitaratuak: Itsasoa da bide bakarra (Utriusque Vasconiae, 2014) eta Idazleen gorputzak (Susa, 2019)—, ipuingintzan nabarmendu da. Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) izan zuen lehen narrazio liburua, eta, haren ondotik, Haragia (Susa, 2007), Katu jendea (Elkar, 2010) —Igartza sariaren irabazlea— eta Bihotz handiegia (Susa, 2017) plazaratu zituen. Azken horrekin, 2018ko Euskadi saria irabazi zuen euskarazko literaturaren atalean, baita urte bereko haur eta gazte literaturaren arlokoa ere, Julen Ribas ilustratzailearekin batera ondutako Santa Familia komikiagatik (Ikastolen Elkartea).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.