Koldo Almandoz.
Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Plano subjektiboa

Inork ikusiko ez dituen filmak

2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Arriskuak hartzeko gaitasun, gogo eta aukerak ezinbestekoak dira; iraun behar badu behintzat orainak ere geroan.

Baina arriskurik ez hartzeko errua ez da sortzaileena soilik. Kritikari eta ikusleek zerikusia handia dugu garaian garaiko zinemarekin. Pelikula bat ez da amaitzen proiektatzen den arte.

Zuzendariei arriskuak hartzeko eskatzen diegun pertsona berek arriskuaren aurrean kontserbadore azaldu eta frakasoa zigortzen dugu. Batzuetan iruditzen zait, kolegekin izaten ditugun solasaldiek berotuta eta zinemaldiak paparrean jartzen digun kreditazioa-dominak puztuta, arintasun eta krudelkeria handiz erabiltzen ditugula adjektiboak. Kasu askotan, gainera, zinema aditua izan gabe edo bi plano elkarrekin zentzuz itsastea zer den jakin gabe. Twitterren edo blog batean idazten duenak bere idatziekin onerako edo txarrerako bere burua erretratatzen du, baina mass media delakoan kritika lana delikatuagoa dela iruditzen zait.

Kazetariok, gainera, gure kritikaren hartzaile direnei eskatzen diegun fair play-a ez dugu izaten gure lana kritikatzen dutenean. Zinema kritikak kirol kazetaritzaren geroz eta antza gehiago du.

Eta ikuslegoa ere ez da inozentea. Adibide gertuko bat: euskal zinema. Euskararen eta euskal pelikulen presentzia urriaz kexatzeko ohitura dugu. Eta hausnartzekoa. Euskal zinemak berari eskainitako liburu gehiago ditu pelikulak baino. Zinemaldian euskal pelikulak ikusteko sarrera ugari saltzen da, baina zinema aretoetan estreinatzen direnean ez gara aldarrikatzen ditugun pelikula horiek ikustera joaten. Sarreren salmentak ez du gezurrik esaten. Zenbat jendek ikusi ditu zinema aretoetan estreinatu diren azken biak, El metodo Arrieta eta Alardearen seme alabak? Zenbat joango dira Amaren eskuak, Asier ETA biok eta abar ikustera?

Eta ez gaizki ulertu. Ni ez naiz euskal pelikulak militantzia soilagatik ikusi behar direnik esaten duen horietakoa. Pelikula bat ikusi nahi delako ikusi behar da. Kito. Baina bueno, aldarrikatzen dugun hori gero abandonatuta uzten badugu ba al du honek guztiak zentzurik? Askotan, euskal zinemaz hizketan hasten garenean, isilik geratzeko aukera ederra galtzen dugula...

Jende aurreko proiekzioak ematen dio zentzua pelikulari. Zertarako egin inork ikusiko ez dituen filmak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.