Zigor txikiagoei atea irekita

Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruzko epaiketako hamabi saioetan, akusazioek ez dute aurkeztu ustezko faltsutzeen egiletzari buruzko froga sendorik, eta lekukoek agerian utzi dituzte aztarnategiak zituen hutsuneak.

Inigo Astiz
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Eszenaratzea falta zen. Berez, Gasteizko Lehen Zigor Salako ateak irekitzerako ere, aski ezagun ziren jadanik Iruña-Veleiako aurkikuntzek sortutako zalantzak eta eztabaidak. 2006an aurkeztu, eta denbora gutxira piztu ziren dudak euskarari, kristautasunaren hedapenari eta antzinateari buruzko jakintza iraultzekoak ziren ezohiko aurkikuntzez, eta 2008an eratutako batzorde zientifikoaren ebazpena baliatu zuen Arabako Foru Aldundiak sasoi hartan aztarnategia ustiatzen zuen Lurmen enpresa kaleratzeko. 2009an jarri zuen, azkenean, salaketa Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiaren, Oscar Escribano geologoaren eta Ruben Cerdan ikerlariaren aurka, eta, azkenean, 11 urteren buruan, egunotan egin da epaiketa, atzean etenik gabeko filtrazio, txosten, kontratxosten eta hitzaldi jario bat utzita. Aurrez ere ezagun ziren elementu horiek joan dira pixkanaka-pixkanaka Gasteizko epaitegian agertzen. Beste behin agerian gelditu dira aztarnategian egindako lanaren hutsuneak eta akatsak, baina hamabi saioren, eta 50 lekuko inguru entzun ondoren ere, akusazioek ez dute lortu piezak Eliseo Gilek faltsutu zituen ziurtasuna transmititzerik. Hark errugabetasuna defendatu du hasi eta buka, eta absoluzioa eskatu du defentsak.

Hasieran, hori zen egozten zitzaion delitu nagusia: ondarea hondatu izana, alegia, eta iruzur egin izana ere bai. Bost urte eta erdi eta zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen zizkioten, hurrenez hurren, fiskalak eta Arabako Foru Aldundiak. Epaileak egunotan ikusitakoa baino froga sendoagoak eskertuko lituzke, ordea, halako kondena handia ezartzera iritsi ahal izateko. Epaiketako azken aurreko egunean, ordea, fiskalak zirrikitu bat ireki dio epaiketa kondena txikiagoekin ixteko aukerari, Gili omisioa egotzita. Baina, horretarako, piezen benetakotasunari edo faltsutasunari buruzko auzian bete-betean sartu beharko du epaileak, eta ikusi egin behar horretarako gogoz dagoen; batez ere, epaiketa antolatzeko orduan alor horretan murgiltzeko izan duen errezeloa ikusirik.

Grafologia, ezbaian

Aitorpen batekin hasi zen epaiketa. Lehen egunean bertan, saioak hasi ere egin aurretik onartu zuen Oscar Escribano geologoak bestelako baliorik ez zuen pieza batean Veleia idatzi zuela, lankideei «broma» bat egiteko. Urtebeteko espetxe zigorra eta 2.000 euro pasako isuna hitzartu zuen fiskalarekin horregatik. Baina egindakoa onartua zuen lehenago ere, eta, beraz, eguneko lerroburuak lerroburu, ezin esan albiste handia izan zenik. Hori bai: Escribano apartatu ostean, Gilek jasan du epaiketako zamarik handiena.

«Arrazoizko susmoak», «zantzuak» eta «hipotesiak» bai, baina instrukzio fasean atestatua egin duten ertzainek epaiketan ez dute akusatuak piezak faltsutu zituen frogarik aurkeztu epaiketan. Are gehiago, poliziak piezak hasieratik faltsuak ziren ideiarekin aritu izana ere txarretsi du Gilen defentsak saio guztietan, eta horregatik kendu nahi izan dio balioa haien lanari. Bestalde, aztarnategiarekin hamar urteko babes hitzarmena egin zuen Euskotren enpresaren presioak aipatu zituzten faltsutzeak egiteko motibo posible modura, baina ezin izan zuten ez faltsutzeak egiteko erabilitako tresnarik zehaztu, ez faltsutzeak egiteko erabilitako lekuaren kokapenik eman, ez faltsutzeak egiteko egunen egutegirik jarri, adibidez. Eta ez dira soilik izan ertzainak, zeren eta epaitegian aurkeztutako ikerketa grafologikoek ere ez baitute ziurtasunez adierazi piezetako marrazki eta idatzietan Gilen eskua egon daitekeela ondorioztatzeko.

Kontrara, epaiketan agerian gelditu dira berriz ere aztarnategiaren jardun arkeologikoak zituen hutsuneak. Aretotik pasatutako hainbat arkeologoren arabera, agertzen ziren piezen ezohikotasunak eskatzen zuen zorroztasunik gabe egin zituen indusketak Gilen taldeak. Presaka, aurkikuntzen dokumentazioa behar beste zaindu gabe, nahikoa argazki eta bideorik egin gabe, eta profesionalek egindako zorroztasuna estutzeko eskariei entzungor eginez. Behin eta berriz entzun da egunotan aretoan, adibidez, garbiketa gunean agertzen zirela piezetako irudi eta idazki guztiak. Defentsa saiatu da kritika horiek egin dituzten profesionalen lekukotzak zalantzan jartzen, baina ozen entzun da haien ahotsa aretoan.

Metal partikulen pisua

Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren ikerketaren ondorioak ere hor daude, bestetik. Ikertutako 39 piezetako 35en kasuan, marrazkiak eta irudiak «garaikideak» direla esan zuen perituak aretoan, eta xehe azaldu zituen ondorio horretara heltzeko jarraitu dituen argudioak. Banan-banan baztertu zituen, gainera, defentsak proposatutako hipotesi alternatibo guztiak. Bere hitzetan, ez garbiketa prozesuak, ez giroko kutsadurak, ez aztarnategiko urak, ez eta analitika egiteko erabilitako tresneriarekin izandako harremanak ere ez baitute azaltzen metal horien presentzia, kokapena eta morfologia. «Punta metaliko baten arrastoak dira». Lau orduz erantzun zituen aretoan galderak perituak. Baina defentsak zalantzan jarri du ikerketa, besteak beste, kontraste piezarik erabili ez zuela esanez. Eta egia da, ikertzaileak aretoan bi kontraste pieza egin zituela esan arren, datu hori aipatu gabe utzi zuela bere txostenean.

Baina izan dira piezen benetakotasunaren defendatzaileentzako saio goxoagoak ere. Ezagun da, adibidez, 2006an aurkikuntzak ezagutarazi eta zalantza giroa hedatzen hasi zenean, nola aipatu zen Descartes XVI. filosofo frantziarraren izena zekarren pieza baten kasua, aurkikuntzen faltsutasuna frogatzeko argudiotzat. Bada, epaiketan argudiatu da pieza horretan ez duela Descart jartzen, baizik eta posible dela Miscart edota Niscart jartzea ere. Eta berdin gurutziltzatu baten gainean ageri den RIP lelo anakronikoarekin ere. Epaiketan izan diren zaharberritze adituen ustez, litekeena delako lerro horiek, RIP hitza osatu beharrean, benetan, sasoi hartan zenbait pertsonaiaren santutasuna nabarmentzeko erabiltzen ziren hiru lerro izatea.

Eta akusazioaren lana ere nabarmen geratu da tarteka. Zeren eta, azkenean, kopurua 291 piezara eta 102.600 eurora doitzea erabaki badute ere, 280.000 euroko konpentsazioa eskatzen zioten hasieran Gili, 476 pieza «hondatzeagatik», eta haietako bakoitzari 600 euroko balioa ezarrita. Epaiketan agerian gelditu da Eusko Jaurlaritzako teknikariek kopuru horiek ezartzeko izan zuten metodoa, ordea; batetik, hedabideetan irakurritakoaren bidez ezarri zutelako zein zen kaltetutako piezen kopurua, eta, bestetik, piezak aurrez aurre ikusi gabe, argazki bidez, erabaki zutelako haietako bakoitzari zegokion balioa.

Eta bada epaiketan airean geratu den beste galdera bat ere. 2008an erabaki baitzuen Arabako Aldundiak aztarnategiko piezak Iruña-Veleian garbitu beharrean Arabako Museo Arkeologikoan garbitzea. Hango teknikarien lekukotzaren arabera, ordea, piezaz betetako kutxak garbitzen hasi, eta bigarrenean uso baten irudia zuen pieza bat topatzean, garbiketak bertan behera uzteko agindu zieten teknikariei. Eta ez da oraingoz argitu erabaki horren zergatirik.

Cerdan, bigarren planoan

Gil ez da izan epaiketako akusatu bakarra, baina bigarren planoan egon da Ruben Cerdan ikertzailearen aurkako kausa gehienetan. Berez, iruzurra egozten diote akusazioek, eta bi urte eta erdiko zigorra eskatzen, ustez egin zuen ikerketa baten truke diru publikoa kobratu zuelakoan. Aipamen batzuk salbu, ordea, gaiak ez du protagonismorik hartu epaiketan. Akusazioak ez dio pisu handirik eman auzi horri, eta Gilen defentsak ere ez du gehiegi estutu, nahiz eta haren ikerketak benetakoak balira, piezen benetakotasunaren aldeko froga bat gehiago izango luketen. Dokumentaziorik ez du aurkeztu epaiketan, eta, hortaz, oraindik ere argitu gabe geratu da ikerketak egin ote zituen edo ez.

Eta, beraz, halaxe itxi dituzte Iruña-Veleiako aztarnategiko aurkikuntzei buruzko epaiketa hartu duen aretoko ateak: hasieran planteatutakoak baino zigor eskaera txikiagoei zirrikitu bat zabalik utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.