'Los siete pecados capitales'
Egileak: Kurt Weill, Bertolt Brecht. Zuzendaritza: Barbora Horakova Joly. Sopranoa: Nicola Beller Carbone. Tenorrak: Javier Tome, Josu Cabrero. Baritonoa: Jose Manuel Diaz. Baxu-baritonoa: Fernando Latorre. Koreografiak eta dantzari nagusiak: Iratxe Ansa, Igor Bacovich. Musika-zuzendaria: Iker Sanchez Silva. Orkestra: Bilbao Sinfonietta. Eszenografia, argiak eta aurkezpen musika: Wariot Ideal kolektiboa. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Ekainak 5.Bilboko Arriaga antzokia oraingo neurriekin topera beteta zegoela estreinatu da Kurt Weill eta Bertolt Brechten Die sieben Todsünden-en (Zazpi bekatu nagusiak) bertsio berritua.
Konpositoreak eta dramaturgoak elkarrekin sortu zuten azken obra honek amets amerikar delakoa satirizatu zuen AEBetako zazpi hiritatik Anna izeneko bi ahizpek egindako bidaia iniziatikoan. Brechtek nahi izan zuen biak Anna deitzea, gizakiaren bi alde kontrajarriak irudikatu nahian akaso, eta Anna batek galbidera bideratuko du bestea, bien sendiak Louisianan eraiki nahi duen etxerako dirua irabazi nahian. Dirua lortu bai, baina arima eta gorputza kapitalismoaren atzaparretan utzita.
1933an estreinatu zen obra, eta —patuaren ironia— handik hamarkada batera erbesteratu zen Brecht AEBetan, naziengandik ihesi, eta handik aterarazi zuen berriro komunisten aurkako sorgin ehizak. Suitzan aurkitu zuen babesa, eta Ekialdeko Berlinen bizi izan zituen bere azken urteak.
Die sieben Todsünden hura der Kleinbürger (burges txikien [bekatuak]) zekarren azpititulu gisa, horrela parodiatuz klase apalak burges izatearren arima ere saltzeko prest egon daitezkeela. Jatorrizko testua ballet baterako libreto gisa sortu zen, eta, hori dela-eta, hainbat eratan izan da sailkatua —ballet-libreto, opera dantzatu...—, baina, kasu honetarako, antzerki musikatu deitu diot, nolabait musikak hornitutako antzerki emanaldia iruditu zaidalako Barbora Horakova Jolyren bertsioan.
Zuzendari txekiarrak Dido & Eneas (Arriaga antzokia, 2018) euskarazko muntaia erraldoi hura sortu zuen, eta oraingo honetan bikaintasun berberarekin aritu da, Weill-Brechten lanaren dimentsio eszenikoak txikiagoak izan diren arren. Ez, ordea, beste alderdietakoak, bi ahizpen roletan Nicola Beller Carbone alemaniar sopranoa eta Iratxe Ansa donostiarra (Espainiako Dantza Sari Nazionala 2020an) aritu direlako, biak ala biak kategoria handiz antzezle gisa, bakoitzak bere arloan bikain jarduteaz gain. Ansarekin batera Igor Bacovich bere bikote artistikoak dantzatu du sakontasun handirik gabeko duo batzuetan, eta talde-koreografietan zortzi dantzariz osatutako talde bat —sei mutil eta bi neska— izan da kabaret estetikarako lagungarri txukuna.
Bestetik, eremu eszenikoa ez da zuzendariaren esku egon, eta Anna bien sendia —bi tenorrak eta bi baritonoak— azpi-dekoratu txiki batean kokatu eta parodia eran irudikatzeaz gain, lau pantaila paratu dituzte atzean, eta proiekzio laborategi txiki bat bazter batean. Handik sortu eta proiektatu diren irudiek, ordea, ez diote ekarpen berezirik egin planteamenduari, eta askotan sakabanatu egin dute atentzioaren zentroa. Badirudi horror vacui moduko bat jasan duela zuzendariak, eta nire ustea da soberako elementu horiek kenduta askoz indartsuagoa izan zitekeela berez interesgarria eta kalitate handikoa zen Weill-Brechten lanaren berrikuspena.