Zientzia. ARGI ALDIAN

Antibiotikoekiko erresistentzia

Estibaliz Baroja, Inmaculada Batalla, Aline Chiabai
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Antibiotikoekiko erresistentziaren kontrako borroka XXI. mendeko erronka handienetakoa bihurtu da. Antibiotikoen erabilera desegokiak eta gehiegizkoak, eta ingurumeneko kutsatzaileen presentziak, arriskuan jartzen dute antibiotikoen eraginkortasuna tresna terapeutiko gisa. Duela gutxi argitaratutako txostenen arabera, 2019an antibiotikoekiko erresistentziak 1,27 milioi heriotza eragin zituen. Are gehiago, loturaren bat izan zuen 4,95 milioi hildakorekin. Premiazko neurririk hartu ezean, uste da munduan urtero hamar milioi pertsona hilko direla erresistentzia horren eraginez. COVID-19ak arazoa larritu du: hasieran medikuek agindutako antibiotikoen kopurua izugarri igo zen, ikusi baitzuten koronabirusa zuten gaixo asko hiltzen zirela bakterioek eragindako bigarren mailako infekzioen ondorioz.

Antibiotikoak konposatu kimikoak dira. Bakterioak deuseztatzen edo haien hazkundea galarazten dute. Haiekiko erresistentzia gertatzen da bakterioak antibiotikoen maila oso apalen eraginpean jartzen direnean: kontzentrazio horiek ez dira nahikoa mikroorganismoak deuseztatzeko, baina presio selektiboa egiten dute erresistentziak garatzeko. Erresistentzia garatu eta gero, bakterioak gai dira babes mekanismo horiek beste bakterio batzuei transferitzeko, baita gizakientzat arriskutsuak izan daitezkeen mikroorganismo patogenoei ere.

Antibiotikoak modu ezberdinetan iristen dira ingurumenera. Esaterako, giza gorputzak guztiz asimilatu gabe iraizten ditu botikak, antibiotikoak barne. Estolderiaren bidez iristen dira urak tratatzeko instalazioetara. Araztegiak antibiotikoak deuseztatzeko gai ez direnez, oso erraz heltzen dira ibaietara eta lurretara. Gainera, antibiotikoak ez dira erabiltzen bakarrik gizakien medikuntzan: oso ohikoak dira abeltzaintzan eta nekazaritzan ere, eta, horregatik, nekazaritzako isuriak eta simaurra antibiotikoen eta bakterio erresistenteen gordailu garrantzitsuak dira. Arazoa are gehiago korapilatzen da ingurune kutsatuetako kutsatzaile emergenteek (metal astunak, desinfektatzaileak, higiene produktuak...) sustatu egiten dutelako antibiotikoekiko bakterio erresistenteen eboluzioa. Beraz, antibiotikoekiko erresistentzia ez da derrigorrez antibiotikoak daudenean bakarrik gertatzen.

Gero eta ikerketa gehiagok nabarmendu dute ingurumenaren garrantzia eta funtzioa erresistentzien gordailu eta eramaile gisa. Baina, zein ekarpen egiten dio ingurumenak arazoari? Ikertzen ari dira. Dena den, badakigu klima aldaketak eta, bereziki, berotze globalak, mesede egiten diola erresistentzien garapenari. Are gehiago, antibiotikoen presentziak negutegi efektuko gasen isurpena lagunduko luke, handitu egiten baitu metanoa sortzen duten arkeen proportzioa ur inguruneetan.

Antibiotikoen erresistentziaren arazoa faktore sozioekonomikoen mende ere badago. Zeintzuk dira populazio zaurgarrienak? Garbi dago azpiegituren faltak, baliabide ekonomikoek eta pertsonen osasun egoerak nabarmen baldintzatzen dutela antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko borroka. Baita, COVID-19 pandemian egiaztatu den moduan, honako hauek izango direla kaltetu nagusiak: gaixo kronikoak, edadetuak, pobreak... Horregatik, arazoak izaera konplexua duenez, irtenbideek ere aintzat hartu behar dute haren ezaugarrien aniztasuna. Testuinguru horretan, One Health-en moduko ikuspegi holistikoak giltzarria izan daitezke sektore eta diziplina ezberdinak integratzeko: giza osasunari, animalienari eta ingurumenarenari maila berean helduko zaiela bermatzeko. Bestalde, baita ezaugarri sozioekonomikoak ere aintzat hartuko direla ere, ekintzak diseinatzeko orduan ekitatean oinarritutako irtenbideak proposatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.