Magia egunak Getxon

Magoak bakarka zein taldeka arituko dira Getxo Magik jaialdiaren barruan, igandera arte. Ekitaldi nagusia bihar arratsaldean izango da

amaia igartua aristondo
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Igandera arte, Getxo Magik jaialdia egingo dute Bizkaiko udalerri horretan. Umeek zein helduek gozatzeko ikuskizunak egongo dira; gehienak, doan, eta asko, euskaraz.

Ekitaldi nagusia bihar izango da. Jaialdian parte hartuko duten magoetako bost batera ikusteko aukera egongo da, galako zuzendariaren gidaritzapean. Hainbat magia estilo jorratuko dituzte: besteak beste, umore magia, mentalismoa eta magia poetikoa. Ikuskizuna elebiduna izango da: euskaraz eta gazteleraz. Ordainpeko ekintza bakarra izango da: hiru euroan daude sarrerak salgai. Algortako Muxikebarrin izango da, 20:00etan.

Gaur, hiru gunetan izango dira emankizunak, Itzubaltzeta eta Areeta auzoetan: Metro eta Santa Eugenia plazetan eta Gobelondon. Bakoitzean mago bat egongo da: Imanol ItuiƱo, Tor eta Altrius, hurrenez hurren, eta hiruna emanaldi egingo dituzte: 19:00etan, 19:30ean eta 20:00etan. Horrekin batera, 6 urtetik gorako umeentzako magia tailerra emango dute, gaur, Itzubaltzetako kultur etxean, 17:30ean.

Umeentzako tailer gehiago ere egongo dira asteburuan. Larunbatean, 11:00etan, Txoborro magoa arituko da irakasten, euskara hutsean, Algortako Villamonte kultur etxean. Igandean, aldiz, arratsaldean izango da saioa; oraingo honetan, Altrius magoarekin: 17:30ean, Andra Mariko plazan, gaztelaniaz.

Umorea ere ez da faltako. Bihar, El Gran Braulio ikuskizuna hartuko du Algortako San Nikolas plazak, Adrian Conderen eskutik. 18:00etan hasiko da emanaldia. Igandean, aldiz, aztiek binaka jardungo dute. Hain zuzen, Tor eta Txoborro magoak elkarlanean arituko dira, euskaraz, Andra Mariko frontoian, 19:00etan.

Magipoteo emanaldiarekin hasi zen atzo jaialdia. Kalean, hainbat magoren erakustaldi motzak ikusi ahal izan ziren. Horietan egon ezin izan zutenek, halere, igandean joateko aukera izango dute: Txoborro eta Taylor magoak arituko dira, 12:30ean, Borobila plazan eta Tamarindo kalean. Jende artean ibiliko dira magia trikimailuak egiten, eta hara joandakoek gertutik ikusi ahal izango dituzte.

Getxo Magik

Igandera arte, Getxon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.