Katalunia. Prozesu subiranista

Independentismoa, bizirik

Ehunka lagunek babestu dute auzitegirako bidean Carme Forcadell. Parlamentu eta auzitegi arteko tartea txalo artean egin du, eta, atarian, independentzia leloen artean egin diote harrera.

Ehunka lagun bildu ziren Kataluniako Parlamentuaren eta Auzitegi Nagusiaren arteko bidean. QUIQUE GARCIA / EFE.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Independentismoak kalean duen indarra zalantzan jartzen ari zenean, herritarrek beste erantzun irmo bat eman dute Katalunian. Tots som Forcadell (Denok gara Forcadell) aldarrikatuta ehunka lagunek independentismoa bizirik dagoela erakutsi diete beste behin bide orria prozesu judizialen bidez trabatu nahi dutenei. Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari babesa erakustera ehunka lagun atera dira kalera azken orduetan.

Goizeko 09:30erako zegoen deituta Forcadell Kataluniako Auzitegi Nagusira. Parlamentuaren atarian, ordubete lehenagotik, jende andana, tartean alderdi eta eragile subiranistetako ordezkari politikoak eta zibilak: Carles Puigdemont Generalitateko presidentea, Artur Mas presidente ohia, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Omnium Cultural eta ANCko presidenteak, hurrenez hurren, eta independentziaren aldeko herrien elkarteak deitutako dozenaka alkate.

Taldeko argazkia atera ondoren, parlamentua eta Kataluniako Auzitegi Nagusia lotzen dituen Lluis Companys pasealekura arteko bidea egin dute elkarrekin, Demokrazia hitzen atzetik, alboetan herritarrak, txaloka, Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigauk deklaratu zutenean bezala.

Auzitegiaren atarian bizi izan da eguneko une hunkigarriena. Herritarrek Lluis Llachen L'Estaca abestuz eman diote ongietorria Forcadelli. «Independentzia», «Atzerapausorik ez», «Justizia espainola kanpora» eta «Hau demokrazia da» oihuak entzun bitartean, hunkiturik gurutzatu du auzitegiko atea, txalo eta agurren artean.

Uztailaren 27an prozesu eratzailearen inguruko eztabaida eta bozketa onesteagatik, desobedientzia eta prebarikazio delituak leporatuta joan da deklaratzera Forcadell. Eta ordu erdi luzeko adierazpenaren ostean, abokatuaren 25 galderak erantzutera mugatuta, agertu da atarian, berriz. Els Segadors Kataluniako ereserkia abestu dute Lluiss Companys pasealekua bete duten ehunka lagunek. Rosa Maria goiz-goizetik atera da kalera, hunkiturik. Kataluniako gizarte mugimendua azken hilabeteotan apaldu egin dela dioten ahotsen aurrean argi mintzo da: «Kaleko indarra galdu dela esaten duenak elikatzen du Espainiako Estatuari mesede egiten dion hedabide kanpaina, baina elkartasun ekitaldi honetan argi gelditu da, beste behin, inurrien modura lan egiten dugula».

Ostiralean elkarretaratzea

Ostiral iluntzean hainbat herri eta hiritan egindako mobilizazioan parte hartu zuten herritarrek ere argi utzi zuten atzerapausorik ez dela egon eta ez dela egongo. Pilar Sanchez irakaslea da, eta bidea zein den azaldu du: «Kataluniako Gobernua independentziaren alde lanean ari bada, hori da herritarrek egin duten presioarengatik». Madril utzi eta Kataluniako hiriburura joan zen 1980ko hamarkadan, eta orain ANCko harpideduna da, «askatasunaren aldeko borrokaren parte» izan nahi duelako.

Haren ustez, «prozesuaren inguruko desinformazio tamalgarria eta itzela nagusi da Kataluniatik kanpo, eta jendeak oraindik ere pentsatzen du Generalitatearen sakelatik ordaintzen direla mobilizazioak».

Jordi Pereraren aburuz, Espainiako Estatuak azken lau edo bost urteetan izan duen jarrerak asko lagundu dio independentismoari, «zapalketaren bidezko jokabideak ehunka eta ehunka independentista» sortu dituelako. Haren hitzetan, jarrera hori gabe independentismoak bere kabuz «ezingo luke gaur egun duen elkartasuna izan».

Ostiraleko elkarretaratzeetan nagusitu zen letra handiz idatzitako Demokrazia hitza. Izan ere, azken hilabeteotan areagotu da Espainiak Kataluniako erakunde eta ordezkariak judizializatzeko joera. Azaroaren 13an demokraziaren alde antolatu zuten jardunaldian hasitako mobilizazioa sendotzeko balio izan zuen ostiraleko elkartasunak. «Argi dago: Espainiak auzietara eramango du independentziaren aldeko mugimendu bakoitza, baina ez gaituzte geldituko, ez eta beldurtuko». Pilar Barnadasenak dira hitzok. «Ibilbide luzea» egiten ari direla dio, eta «etenik ez» duela azaldu du. Haren ustez, «onartezina da gaur egungo egoera». Herriaren etorkizuna erabakitzeko baliabideak ebatsi bakarrik ez eta «urrats bakoitza zigortzen» dutela leporatuz.

Sanchezek uste du Katalunian asoziazionismoak duen indarra ez duela Espainiako gainontzeko herrietan, eta, haren ustez, «indar horrek ezingo du etenik izan». Datozen egunetan jakingo da ebazpena. Astelehenean deituta daude deklaratzera, lekuko gisa, Ciutadanseko Jose Maria Espejo-Saavedra, PSCko David Perez eta Catalunya Si Que Es Poteko Joan Josep Nuet. Aldez aurretik, behintzat, Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak BERRIAri azaldu bezala, ez du «inhabilitazioaren agertokia begiesten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.