Presidentetzarako bozak Frantzian. Programak

Bat egiten ez duten bi begirada

Macronek eta Le Penek zergak gutxitu nahi dituzte, eta energia nuklearraren aldeko apustua handitu, baina talka egiten dute energia berriztagarrietan, pentsioetan eta, batez ere, Europarekiko harremanetan

MOHAMMED BADRA / EFEGUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Inkestek diote Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen artean aukeratu ezinik dabiltzala milioika hautesle, eta, ezkerrean bereziki, askok distantzia txikia ikusten dutela zentro-eskuineko eta eskuin muturreko hautagaien artean. Baina, baten zein bestearen programetan, ildo komunen bat ez ezik —zergak jaisteaz mintzatzen dira biak—, sakoneko aldeak ere badaude.

PENTSIOAK

Desadostasun handiak daude bi hautagaien artean. Emmanuel Macronek alde batera utzi du lehen agintaldian bultzatu zuen erreforma, baina ez, ordea, erretiroaren adina atzeratzeko asmoa. Sistemaren defizita txikitzeko, erretiroaren adina puntukako sistema baten bidez atzeratu nahi zuen lehen, eta era zuzenago batean orain: erretiroaren adin ofiziala 62 urtetik 65era pasatuta, progresiboki, baina «aintzat hartuta» lanpostu neketsuetan aritutakoen edo ibilbide oso luzekoen egoera. Aurreko erreformaren helburuetako bat zen erretiro erregimen bereziak (EDF, RATP...) desagerraraztea, eta horietan daudenak izan ziren erreformaren aurkako protesten lehen neurrian. Orain, beste modu batera ezabatu nahi ditu erregimen horiek: soilik orain lanean daudenei mantenduz, baina ez langile berriei. Gutxieneko pentsioa 1.100 eurora handitu nahi du (918 euro dira orain).

Marine Le Penek, berriz, alde batera utzi du erretiroaren adina 62 urtetik 60ra aurreratzeko duela bost urte egindako proposamena, baina 60 urterekin aurreratzeko aukera eman nahi die 40 urtez kotizatu duten langileei. Pentsioen eguneratzea berriro inflaziora lotu nahi du, eta gutxieneko pentsioa mila euroan jarri.

ENERGIA

Ukrainako gerrak subiranotasun energetikorako urratsak egitera bultzatu ditu Europako agintariak, eta ildo horri heldu diote Frantziako presidentegaiek. Biek egiten dute apustu zentral nuklearren alde, baina oso bestelako ikuspuntua dute energia berriztagarrien inguruan: Macronek itsasoko 50 parke eoliko eraiki nahi ditu, eta eguzki energiaren ekarpena hamar aldiz handitu; Le Penek, berriz, proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak geratu nahi ditu, eta gaur egungo parkeak kendu. Prezioak jaisteko, Le Penek Europako merkatu bakarretik irtetea proposatu du.

EUROPA

Europako Batasunarekiko harremanetan oinarrizko desberdintasun bat dago bi hautagaien artean: Frantziaren subiranotasuna Europaren testuinguruan ulertzen du Macronek, eta EBren aurka, berriz, Le Penek. Macron europazale sutsua da —izar horien bandera zuri-gorri-urdinaren alboan ageri da bere kanpainan—, eta bere agintaldian buru-belarri sartu da EBren arazoetan, eskuz esku Angela Merkelekin. Bide horretan jarraituko duela agindu du. Berak bertan bultzatutako Versaillesko adierazpenaren ildotik, Macronek agindu du EBren autonomia energetikoa, teknologikoa eta militarra handitzeko urratsak egingo dituela.

EBrekiko mesfidantza da, ordea, ultraeskuinaren ezaugarrietako bat. Brexit-aren nahas-mahasak uxatuta edo, Le Penek alde batera utzi du EBtik eta eurogunetik ateratzeko proposamena, baina «nazioen Europa» deitzen duen batasun ahulago bat du xede. Bruselarekin etengabeko borroka izango luke bere promesak indarrean jarri nahi izanez gero, hala nola Frantziako legeak EBkoen gainetik egotea —ez da posible gaur egungo itunekin, horietan EBko legediak lehentasuna duelako—, Frantzia EBko argindar sistematik ateratzea, NPB Nekazaritza Politika Bateratutik eta Itun Berdetik irtetea, eta Frantziak nazioarteko merkataritza akordioak ez betetzea. Berez, Le Penek BEZean egin nahi dituen murrizketek ere Bruselaren ezezkoarekin egingo lukete topo, gutxieneko tasak finkatzen dituelako produktu eta zerbitzu batzuetarako.

ZERGAK

Macronek harro aldarrikatzen ditu bere agintaldiko zerga murrizketak, uste baitu haiei esker «lan egitea merezi» duela eta Frantzia leku erakargarriagoa dela orain inbertitzeko. Bigarren agintaldian urrats txikiak egin nahi ditu bide horretan: irabazi apaleko autonomoei gizarte kotizazioak jaistea, batera bizi diren bikote guztiek errenta zerga txikiagoa ordaintzea, ondorengotza zergatik salbuestea seme-alabek jasotako lehen 150.000 euroak, eta dibidendua banatzen duten enpresetan irabaziak banatzeko tresnak derrigorrezkoak izatea.

Urrunago doa Le Pen. Erosteko ahalmena handitzeaz mintzatu da bere kanpainan, eta horri bideratutako neurriak agindu ditu: zehaztu gabeko oinarrizko ehun elikagai eta higiene produktukBEZ zergarik ez pagatzea proposatu du, eta energiaren gaineko BEZa %20tik %5,5era jaistea. Beste proposamen bat da gizarte kotizazioak ez ordaintzea beren soldatak %10 handitzen dituzten enpresek, eta 30 urtetik beherakoek errenta zergarik ez pagatzea, «Frantzian gera daitezen eta haien familia gure artean sor dezaten». Antzeko helburua izango luke enpresa bat sortu duten 30 urtetik beherakoen konpainiek sozietate zerga ez ordaintzea bost urtez.

Autobide guztien kudeaketa nazionalizatzea proposatu du Le Penek,bidesariak %15 jaitsi ahal izateko; irrati-telebista publikoak, kontrara, pribatizatu egingo lituzke, horiengatik ordaintzen den 138 euroko tasa kentzeko. Tasa hori kenduko duela ere esan du Macronek, baina ikus-entzunezko publikoaren independentzia bermatuz.

GIZARTE LAGUNTZAK

Macronek eskuinaren gustuko neurri bat jaso du bere programan: RSA edo oinarrizko errenta jasotzen duten guztiek gizarte zerbitzuak egin behar izatea. Langabezia saria erreformatu ondoren, orain proposatu du «eskuzabalago» jokatzea langabezia handia denean, eta zorrotzago, berriz, «enplegu asko betetzerik ez dagoenean».

Le Penek, bestalde, laguntza publikoen arloan erakutsi du garbien atzerritarrak Frantziatik ahalik eta urrutien nahi dituela. Bere programaren 22 neurri sortetatik lehenengoan heltzen dio gaiari: «Kontrolik gabeko immigrazioa» geratzeko erreferendum baten promesarekin batera, RNko buruak dio frantziarrentzat soilik gorde nahi dituela familia laguntzak, eta Frantzian gutxienez bost urte lanean egondakoei soilik eman nahi diela RSA. Gainera, enpleguan eta etxebizitza sozialetan «lehentasuna» eman nahi die frantziarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.