Martxoak 8: greba feminista. Maider Barañano Uribarri. Ikaslea

«Instituzioek maiz trabak jartzen dituzte erasoei erantzuteko»

Maite Asensio Lozano.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ikasleen esparruan nahiko gatazkatsua izan da aurtengo greba feministaren deialdia hainbat tokitan. Halere, ikasgelak husteko hainbat arrazoi eman ditu Maider Barañano Uribarri ikasleak (Algorta, Bizkaia, 1999).

Bigarren urtez, mugimendu feministak ikasleak ere greba egitera deitu du. Zergatik da garrantzitsua ikasleen ardatza?

Batetik, askotan ikasleek betetzen ditugulako zaintza lan prekarioak —esaterako, klase partikularrak eta haurren zaintza—, eta ostalaritzan edo dendetan ere bai; horrek militantzia esparruetan parte hartzea zailtzen digu. Bestetik, curriculuma maskulinizatuta dagoelako, eta graduetako genero banaketaren bidez lan merkatuan ere banatzen gaituztelako. Eta azkenik, hainbat irakaslek erasoak egiten dizkigutelako etengabe emakume, trans eta bollera izateagatik.

Zeintzuk dira hezkuntzaren alorreko aldarrikapenak?

Hezkidetza, hau da, hezkuntza sisteman parekidetasuna lortzeko metodologia didaktikoa, binarismoan oinarritu gabea; generoen arabera bereizitako espazioak desagertzea —komun komunak sortzea...—; curriculumen despatriarkalizazioa eta dekolonizazioa; irakasle eta ikasleen arteko botere harremana apurtzea, eta ikasleen beharrak erdigunean jartzea; erasoen aurrean, antolatzeko eta erantzuteko zilegitasuna eta baliabideak ematea emakume antolatuoi; kalitatezko sexu heziketa; eta kapitalaren interesetatik babestuta egongo den kalitatezko hezkuntza sistema publikoa.

Azken egunotan, hainbat ekintza antolatu dira eskoletan. Garrantzitsua da neskak nerabezarotik ohartzea diskriminazioez?

Noski. Gaztetatik jasaten ditugun zapalkuntzen ondorioz, kontzientzia hori goiz garatzen dugu.

Eraso eta jarrera matxistei aurre egiteko baliabideak falta al dira hezkuntzaren alorrean?

Ez dira baliabideak bakarrik falta, gogoa ere bai: instituzioak heteropatriarkalak eta kapitalistak diren heinean, maiz trabak jartzen dizkiote mugimendu feministari erasoei erantzuteko, eta erasotzaileak babesten dituzte. Horren adibide argia dugu duela urtebete Leioako ikasleoi fisikoki eraso zigutenean EHUk izandako jarrera: aurpegia zuritzen saiatu dira ustezko protokolo feminista batekin, eta presio sozialak behartuta hartu dituzten neurri lotsagarriak ez dituzte bete.

Leioan, Hainka ikasle taldean parte hartzen duzu, baina guztiak ez zaudete ados greba egitearekin. Zergatik?

Denok ados gaude greba egitearekin, baina sektore batek ez du bat egin Euskal Herriko Mugimendu Feministaren M-8ko Plataformarekin. Bestelako interpretazioa egiten dute zaintza lanen eta lan produktiboaren inguruan; haientzat, kapitalismoa soilik da zapaltzailea, eta ez heteropatriarkatua. Gure ustez, ordea, sistema heteropatriarkal kapitalista bere osotasunean da arazoa; beraz, bat egiten dugu mugimendu feministak argitaratutako dosierrarekin. Hala ere, aste osoan saiatu gara hainbat gauza batera antolatzen. Kontsumo greba dela eta, ikasleak beren herrietako mobilizazioekin bat egitera deitu ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.