Koronabirusa

EBk test azkarren aldeko apustua egin du, eta horien erabilera bultzatu

Neurri murriztaileak apaltzeko prozesuak apurkakoa eta koordinatua izan behar dutela diote

Charles Michel, Europar Kontseiluaren atzoko bilkuran. OLIVIER MATTHYS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko estatu kideetako liderrak atzo bildu ziren, Bruselan, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriak aztertzeko. Horien artean, pisua izan zuen asteotan indarra hartu duen kontu batek: antigeno test azkarrei begirako ikuspuntuak. Horien erabilera bultzatu zuen batzordeak.

Estatu kideek egindako bileraren ondoren, prentsaurrekoa egin zuten Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Michelek adierazi zuen Europako egoera «larria eta kezkagarria» dela oraindik ere, baina azken bilkuratik «esperantza ematen duten seinaleak» daudela. Estatu kideek antigeno test azkarrak erabiltzeko ikuspegi bateratua izan dezaketela azaldu zuen, eta horien aldeko apustua egin. «Kutsatze tasa handia bada, antigeno testak oso baliagarriak dira. Probetxugarriak izan daitezke agerraldi bat kudeatzeko edota zaurgarrienak direnei jarraipena egiteko; esaterako, ospitaleetan erabiltzeko», adierazi zuen Von der Leyenek. Horretarako, testen sentikortasun maila gutxienez %80koa izatea komeni dela esan zuen.

Txertoaren inguruan, Michelek jakinarazi zuen azken entseguen emaitzak «pozgarriak» direla. Baikor agertu zen Von der Leyen ere, eta lehen txertoak abendurako baimendu daitezkeela azaldu zuen. Txertatzeak duen garrantzian ere jarri zuten azpimarra.

Neurri murriztaileak arintzeko prozesuari dagokionez, berriz, bat egin zuten bi presidenteek: urratsak modu gradualean eta koordinatuta egin behar dira. Lehen olatuan «arinegi jokatu» zutela erantsi zuen Von der Leyenek. «Iraganetik ikasi behar dugu», esan zuen Michelek.

Argibideak

Antigeno test azkarra kutsatuak ahalik eta lasterren atzemateko baliabide ezinbestekotzat jo zuen Europako Kontseiluak joan den urriaren 28ko bilkuran, eta horiek PCR probekin batera erabiltzea gomendatu zien batasuneko estatu kideei. Aholku horri jarraikiz, Europako Batzordeak hainbat neurri hartu zituen herenegun. Batetik, gida bat osatu zuen ECDPC Europako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroaren ekarpenak eta estatu kideenak aintzat hartuta. Horrek zenbait irizpide jasotzen ditu zehazteko zer antigeno test aukeratu behar diren, noiz erabili behar diren eta nork ezarri behar dituen. Estatuek probak egiteko duten gaitasuna indartu nahi duela adierazi zuen batzordeak, eta, horretarako, hitzarmen bat sinatu zuen Gurutze Gorriarekin eta Ilargi Gorriarekin. 35,5 milioi euro bideratuko ditu bi erakunde horietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.