Lehenengo hitza euskaraz egitea da Euskaraldiaren arrasto egonkorrena

Bigarren Euskaraldiari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Pandemiaren ondorioz, parte hartzea jaitsi egin zen, baina 2020ko ariketa sozialak ere hizkuntza portaerei eragin ziela berretsi dute

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Pandemia betean, parte hartzaile gutxiago izan zituen 2020ko Euskaraldiak, baina balio izan zuen ariketa sozialaren inguruko mezua egonkortzeko, jende berria erakartzeko eta euskararen erabilera sustatu nahi dutenen motibazioa indartzeko. Eta hizkuntza ohituretan ere arrastoa utzi zuen: Euskaraldia amaituta ere, lehen hitza euskaraz egiteari eutsi diote tinkoen partaideek, baita euskaraz ulertzen dutenekin hizkuntza horretan egiteari ere. Hala ondorioztatu du Siadecok egindako ikerketak; atzo aurkeztu zuten, Bilbon, aurtengo Euskaraldirako ekarpenak jasotzeko asmoz.

178.184 pertsonak parte hartu zuten bigarren Euskaraldian, 2018koan baino ia %21 gutxiagok. Datuotan agerikoa da COVID-19aren eragina: 2020ko azaroan eta abenduan egin zen ariketa soziala, Ipar Euskal Herrian konfinamendua indarrean zela, eta Hegoaldean etxeratze agindua; eta harreman sozialak nabarmen mugatuta zeudela. «Erabaki zen Euskaraldia egin egin behar zela; lortu genuen euskara berriro agenda soziopolitikoaren erdigunean jartzea», adierazi du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. «Pandemiak eragina izan du aurreko fasean, garapenean eta ondoren. Kaleko presentzia asko gutxitu zen, baina herritarrek balorazio ona egin zuten».

Are, jende berria erakartzeko gaitasuna izan zuen 2020ko ariketak: bost partaidetik bat berria izan zen. «Belarripresten artean, gehiagok eman zuten izena lehen aldiz», zehaztu du Unai Oiartzun Siadecoko ordezkariak. Rolen hautaketa oraindik hizkuntza gaitasunarekin lotzen dela azaldu du; bigarren Euskaraldian ere, ahobizi figura izan zen nagusi (%77): «Ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta handiagoa izan da ahobizien proportzioa». Xedean ere sumatu dute aldea: «Partaide gehienek erabilera handitu nahi dute, eta belarriprestek euskaraz egiteko aukera berriak ere bilatzen dituzte».

Ohitura aldaketei dagokienez, «ezagunekin eta kalean» egin dira aurrerapauso egonkorrenak, Oiartzunen arabera. «Lehen hitza euskaraz egiteari eutsi zaio; zaila da hasieran, baina, lehen pausoa emanda, errazagoa da aldaketa horri eustea. Aldiz, ohikoagoak edo estuagoak diren harremanetan, Euskaraldian zehar aldaketak izaten dira, baina gerora errazago egiten da atzera». Entitateetan ere, antzera: «Baina atzera-buelta ez da izaten aurrerabidea baino handiagoa: beti geratzen da hondar bat».

Entitateek lehen aldiz izan zuten Euskaraldian parte hartzeko aukera 2020an: 8.309 egoitzak eman zuten izena —entitate batzuek egoitza bat baino gehiago dute—, eta 24.363 arigune sortu zituzten, Lide Rekondo Siadecoko kideak azaldu duenez. Orekatuta egon ziren barne eta kanpo ariguneak: «Barnekoek lanketa sakonagoa eta kontzientziazio handiagoa eskatzen dute».

Hiriguneetan arreta

«Euskararen aldeko konpromisoak» bultzatu ditu entitateak parte hartzera. Ikerketan, halere, aldeak antzeman dituzte egoera soziolinguistikoaren arabera: «Inguru euskaldunagoetan, pisu handiagoa izan dute establezimendu txikiek; gune erdaldunagoetan, berriz, hezkuntzaren arloko egoitzek». Hiriguneek ere garrantzi handia izan dute: Bilbo Handian eta Donostialdean sortu dira ariguneen herenak.

Hain justu, aurten azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldian, hiriguneetan arreta jartzea aipatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak: «Euskaldun asko dago bertan; hirietan presentzia handiagoa lortu behar genuke». Ikerketako datuei ere erreparatu die: «2020an parte hartzea txikiagoa izan zen, baina, hala ere, ariketa masiboa izan zen; masa handi horrek lagun diezaguke jende gehiagorengana iristen, partaideak eragile aktiboago bihurtuta».

Txostenak txapen garrantzia nabarmendu du, eta horrekin bat etorri da Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria: «Nafarroan, ariketa hau inportantea izan da elkar ezagutzeko, eta txapek balio dute identifikatzeko. Ikusi dugu euskaldunon komunitate garrantzitsua dugula, ez bakarrik kopurutan, baita konpromisoan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.