Felix Zubia.
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Landu beharreko ikasgaiak

2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Pandemia gure artean arintzen ari den unea (txertaketei esker nagusiki) gertatua aztertzeko momentu ona izan liteke, jaso ditugun ikasgaiak ahaztu ez ditzagun. Ikasturte honetarako baditugu lantzeko hainbat ikasgai, eta hauek lirateke, nire ustez, garrantzitsuenak:

Osasun Publiko indartsu bat behar dugu, esamolde honen bi zentzuetan. Batetik, publikoaren, hau da, herritarren osasunaz arduratuko litzatekeen sistemaz. Osasun Publikoa arduratzen da estolderiez, ur sistemaz eta gure osasunarengan eragiten duten kanpoko eragileez, haien artean, infekzioez. Bere egiturak nahiko ahuldurik zeuden pandemia hasi baino lehen, eta etorkizunerako, indartzea komeniko litzateke, bai infekzioei aurre egiteko, baina baita bestelako arriskuei ere, kutsadurari, esaterako.

Bestetik, osasun sistema publiko sendo bat behar dugu. Pandemiak asko tenkatu du gure sistema, eta profesionalen erantzuna izugarri ona izan bada ere, sistemari ahulguneak antzeman zaizkio. Lehen mailako arreta bultzatu beharra dago, sistemaren oinarri delako, eta bertako langile eta egiturak hobetu behar dira. Baita ospitaleetan ematen dugun erantzuna ere, lehentasunak argi finkatuz eta inbertsioak handituz. Horri loturik, plantillen egonkortasuna finkatu beharra dago. Ez dugu ahaztu behar behin-behinekotasunean urte asko daramaten lankideak ditugula, eta horrek asko ahultzen duela erantzuteko gaitasuna.

Zientzia eta ikerketa izan dira egoera arintzen lagundu digutenak, eta zientzialarien eta ikertzaileen baldintzak hobetu behar ditugu. Euren lan baldintzak negargarriak dira kasu askotan, eta horrek bigarren mailako herrialde bihurtzen gaitu. Ez dute une batean herri bat gelditzeko gaitasunik, baina zientzia eta ikerketa sistema egokirik ez badugu, ez dugu aurrera egingo.

Adinekoen eta ezintasun fisiko eta psikikoak dituzten pertsonen egoitzak zaindu eta berraztertu behar dira. Pandemia gehien jasan dutenak dira, bertan gertatu direlarik heriotzen laurdena. Zein eredu nahi dugun erabaki behar da, osasun arreta eta zaintza ondo uztartzen dituena, eta bertako langileen baldintzak hobetu behar dira.

Eta ez dugu ahaztu behar, inoiz baino gehiago, mundu globalizatu batean bizi garela. Txinan sortu zen koronabirus hau, eta egoera laztu duen delta aldera Indian, baina oso denbora gutxian iritsi zen gugana. Mundu mailako txertaketa zabal bat behar dugu orain, koronabirusa kontrolatu dadin, eta gugana aldaera okerragoak irits ez daitezen. Eta ikuspegi zabalago batetik begiratuta, planeta zaintzen ez badugu, edozein txokotan gertatzen den katastrofe bat guregana iritsi liteke. Bakarra da denon etxea, eta denon artean zaindu behar dugu.

Hauek dira nire proposamenak, ziur gehiago ere badituzuela. Has gaitezen lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.