Biktimen Europako Eguna. Ekitaldi instituzionalak

Urkulluk adierazi du biktimek jasandakoa «bidegabea» izan zela

ETAren, GALen, Batallon Vasco Españolen eta M-11ko atentatuen 50 biktima inguru bildu ditu Eusko Jaurlaritzaren ekitaldiak Bilbon. Gizartea eta biktimak «elkarrekin» irudikatu ditu Eusko Jaurlaritzak

ETAren, GALen, Batallon Vasco Españolen eta M-11ko atentatuen 50 biktima inguru eta euskal erakunde eta alderdi politikoetako ordezkariak bildu zituen Bilboko deialdiak atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Terrorismoaren biktima guztientzako mezu bat zabaldu nahi dugu: bidegabea izan zen». Biktimen Europako Egunaren bezperan, mezu nagusi hori eman nahi izan zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Bilboko Indautxu plazan biktimak omentzeko antolatutako ekitaldian. Bidegabea izan zen. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz. Lelo hori jarri zion Eusko Jaurlaritzak atzoko bilkurari, eta ETAren, GALen, Batallon Vasco Español taldearen eta M-11ko atentatuen 50 biktima inguru batu zituen. Guztiak hartu nahi izan zituen gogoan Urkulluk, eta etorkizunari begirako mezua helarazi nahi izan zien amaieran. «Bidegabea izan zen. Ez daude bi parte, batetik biktimak eta bestetik gizartea. Elkarrekin gaude».

ETAk «aparteko balorazioa» merezi duela ere esan zuen, halere. Haren indarkeriak eragindako giza kaltea nabarmendu zuen lehendakariak, batez ere, baina, zehaztu zuenez, ez da hori aipamen bereizia egiteko arrazoi bakarra. Urkulluren arabera, «Trantsizioaren, Amnistiaren eta Gernikako Estutuaren ondoren ere betikotzeagatik» merezi du balorazio propioa ETAk, eta baita izan duen «laguntza soziopolitikoagatik» ere. Haren indarkeria gaitzetsi zuen lehendakariak, eta bortizkeria hori «goratzea», «legitimatzea» eta «justifikatzea» ere gaitzetsi zituen.

Aparteko aipamena egin zien hitzaldian GALen, Batallon Vasco Españolen eta joera bereko beste talde armatuen biktimei ere. Haiek jasandako sufrimendua ere aitortu behar dela esan zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Izan ere, hitzaldian gogoratu zuenez, biktima horiek maiz ez dute aitortzarik jaso, eta kasu batzuk ikertu gabe jarraitzen dutela ere aipatu zuen. Zigorgabetasuna gaitzetsi zuen, eta aipatu estatuak biktima horiekiko «ardura» duela.

Autokritikarako tartea ere hartu zuen lehendakariak bere diskurtsoan. «Gaizki egin genuen terrorismoa jasan zuten biktimei behar beste kasurik ez genielako egin; batez ere, 1970eko eta 80ko hamarkadetan». Urkulluren hitzetan, gizarteak eta erakundeek badute aukera biktimen mina kontuan hartzeko, ETAk eta «gainontzeko erakunde terroristek» autokritika egingo duten zain egon gabe.

EH Bilduren kritika

Herritarrentzako ere irekita zegoen deialdia, baina biktimekin batera, nagusiki, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak bildu zituen ekitaldiak. Bertan izan ziren, besteak beste, Jaurlaritzako kontseilari guztiak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ahaldun nagusiak, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkari nagusi gehienak, patronaleko zuzendaritzako kideak, hainbat enpresari, EHUko, Deustuko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Arartekoa, Bilboko eta Donostiako alkateak eta Donostiako Udaleko ordezkariak, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak, eta baita hainbat biktima elkartetako ordezkariak ere.

EH Bildu koalizioa ez zen izan Bilbon egindako bilkuran. Kritiko azaldu dira aste honetan bilkuraren leloarekin, eta «alderdi interesetan» gelditzea egotzi diote Jaurlaritzari. Hala ere, Bilbon izan zen atzo Pello Urizar Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusia.

Hirugarrenez antolatu du Eusko Jaurlaritzak biktimen omenezko ekitaldia, eta zirkulua izan da aurten baliatu duten sinboloa. Biktimen eta gizartearen arteko uztarketa irudikatu nahi zuten horrekin. Hamabost minutuz,borobilean egon ziren, txelo eta biolin musika entzuten, isilik, eta lehendakariak soilik hitz egin zuen ondoren. Kazetariekin hitz egiteko prest izan ziren biktima batzuk, halere.

«Bi kilo Goma 2 jarri zizkidaten furgoneta azpian duela 35 urte. Nire senarrari besoa eta hanka falta zitzaizkion, eta dena zuen airean, eta bost hilabete eman genituen ospitalean gero». Batallon Vasco Español taldeak 1980an egin zien eraso Carmen Illarramendiri eta haren senar zen Jesus Mari Ijurko HBko kide ohiari. Illarramendi izan zen atzoko ekitaldian izan zen biktimetariko bat, eta nekez bukatu ahal izan zuen bere kontakizuna kazetarientzat. Babestuta sentitu ote den galdetu zioten, eta isiltasun tarte baten ostean, galdera batez erantzun dio galderari. «Nork babestuta? Nongo erakundeek babestuta? Madrilgoek? Badakite existitzen garenik ere?».

Hain zuzen ere, Urkulluk aitortzaren beharrari buruz esandakoa nabarmendu du Nere Ijurko atentatua jasan zuten Illarramendiren eta Ijurkoren alabak. «Oso garrantzitsua da hori. Denok egon behar dugu, hala izan ezean ez dagoelako historia osoa».

«Minak batzen gaitu»

Eskua galdu zuen Resu Basarratek 1994. urtean. Hondartzan paseoan zebilen, ahaztutako diru zorro bat ikusi, hura jasotzera joan eta eskuan lehertu egin zitzaionean. «Guztiokiko elkartasunez egindako ekitaldia iruditu zait gaurkoa».

Eta, hain zuzen ere, Basarratek azaldutako kidetasun hori izan zen atzoko ekitaldian izan ziren biktimek bertan bildutako kazetariei nabarmendu zietena.

Martuteneko kartzelako psikologoa zen Francisco Javier Gomez Elosegi. Garondoan tirokatuta hil zuen ETAk 1997an. Haren memoria gogoratu zuen atzo Jose Miguel Gomez Elosegi anaiak kazetarien aurrean, eta halako ekitaldien garrantzia ere azpimarratu zuen. «Minak batzen gaitu biktima guztiok, eta nik ez dut bereizketarik egiten ETAren, GALen edo torturen biktimen artean, sufrimenduak batzen gaitu guztiok, eta ni neu eroso sentitzen naiz halako ekitaldietan. Jarraitu behar dugu bide horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.