Txerto prototipo bat garatu dute Nafarroako Unibertsitatean

arantxa iraola
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19aren aurkako txertoaren prototipo bat garatu eta patentatu dute Nafarroan. NU Nafarroako Unibertsitateko eta Cima ikerketa guneko zientzialariek egin dute prototipoa, eta adierazi dute eraginkortasuna egiaztatua duela ja animaliekin egin dituzten probetan. Horiek horrela, patentatu egin dute prototipoa, hemendik aurrera fase preklinikoei ekin ahal izateko.

Birusaren S proteinari begira garatu dira orain arte txerto asko, baina prototipo honetan proteina horren «zati minimo» batzuei erreparatu dietela azaldu dute zientzialariek, infekzioaren aurkako babesa lortzeko erabakigarriak diren horiei. «Era horretan, antigorputzak propio eremu horretan bakarrik garatzen dituen txerto bat diseinatu dugu», azaldu dute Juan Jose Lasarte eta Pablo Sarobe ikertzaileek. Ezaugarri horren ondorioz «txertoa sintesi kimikoaren» bidez presta daitekeela nabarmendu dute, «homogeneoa eta egonkorra» den prozesu baten bitartez egin daitekeela, eta etor daitezkeen birusaren aldaeretara erraz moldatu ahal izango dela. Era berean, adierazi dute espero dutela prototipoa oinarri hartuta txerto bat garatu ahal izatea azpiegitura urriak eta hozkailu bereziak-eta ez dituzten lekuetan erabiltzeko modukoa.

Non eta nola erabil daitekeen iragarri dute: «Txerto honen helburua ez da ja gure inguruan dauden txertoekin lehian jardutea, baina, zein erraz gara daitekeen ikusita, hautu egokia izan daiteke oraindik txertoa lortzeko erarik ez duten herrialdeetarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.