Pere Casaldaliga, gauez ere etxeko atea ixten ez zuen mehatxatua

Patxi Otamendi
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
1968an berrogei urte betetzean eta bihotzaren oihartzunari jarraikiz joan zen misiolari Casaldaliga. Nora? Ezer beste ezagutu zezaken Brasilgo Mato Grosso estatura. Aurreko lau urteak Iris de Paz aldizkari erlijiosoan zuzendari gisa lan interesgarri eta berritzailea bete-betean burutzen jardun zuen Madrilen. Deboziozko aldizkaria zenari artikulu freskoak, biziak, eguneratuak gehitzera jarri zen. Hura espero gabeko berrikuntza! Aldizkariaren jarraitzaileak zur eta lur geratzen hasi ziren lerro editorialari eman zion birarekin. Esan izan da misioetara joan izan ez balitz eta kazetari lanetan jarraitu izan balu, laster eta ezbairik gabe itzal handiko komunikatzailetzat hartua izango zela.

Klaretarren Kongregazioak 1967an Bilkura Nagusia egina zuen Erroman Biziera Erlijiosoa Kontzilioaren berrikuntzetara egokitzeko asmotan. Aste batzuetako bilkura hura bizia izan zen, eraldatzailea, uste baino berritzaileagoa. Hitz batean, ausarta. Beste kongregazio erlijiosoentzat esanguratsu geratu zena. Berrikuntzaren Bilkura izena geratu zitzaion. Han landutako ausardiaren bultzatzaile nabarmenetakoa Casaldaliga bilakatu zen. Bere adineko gazte klaretarren taldetxo txiki bat kementsu zegoen bizitza erlijiosoa berrindartu eta eraberritzeko gogotan. Bilkuran aurkeztu behar zutena prestatzeko, afaloste bakoitzean, Casaldaligak sinbolikoki Sierra Maestra izendatutako azken solairuko lekutxo batean elkartzen ziren. Gogoan zituzten garai hartako Che Gebararen eta beste zenbait iraultzaileren joan-etorriak. Hurrengo goizean bilkurara joan eta hara Casaldaligaren proposamen zorrotzak, berritzaileak, zirto eta zehatz aurkeztuak.

Ezin geratuzko gizarte aldaketa zetorrela zirudien garai txundigarri hari begiratzen zion aurrez aurre klaretar katalan hark. Euskaldunen ekintzarako ahalmena miresten zuenez, komentuko jantokian bere kide klaretar katalanei behin eta berriz eskatzen zien: «Niri ez deitu Pedro Casaldaliga; niri ez deitu Pere Casaldaliga. Niri Kepa-Pere Casaldaliga deitu». Izen euskalduna bereganatzeko prest zegoela garbi utzi nahi zien.

Hitzetan bezainbeste ekintzetan benetakoa izaten ahalegintzen zenez, Casaldaligak azken mugetara jotzeko irrika hura nolabait gauzatu beharra zuen. Hutsetik hastea ere gogoko zuenez, misio esparru berri bati ekiteko beharrak kiskaltzen zion. Eta izena eman zuen Brasileko Amazonian misiolaritzan hastekoa zen taldeko kide izateko. Begiak erne helduko zen, abiapuntutzat beti errealitatea hartu izan baitu. Heldu eta hiru urtera gotzain izendatu zuten. Lehen begiradatik ohartu zen hango jende xumearen bizi-baldintzak mehatxu, zapalkuntza eta behar gorriaz sakonki tindatuta zeudela. Ezin eraman babesgabeen lazeria, eta ortzimuga nagusitzat hartu zuen pobreziari aurre egiteko dema. Kolonoen agintekeria eta gehiegikeriei nork aurre egin? Atzeraezineko bidea hartu zuen.

Bere bidearen sinesgarritasuna ez datorkio egindako pobreen defentsagatik. Baizik eta lehendabizi beren biziera makurra bere bizi-baldintza hartzeagatik. Ez pobreen alde soilik, pobre bilakatu ere. Egoera gogorrenak ere fineziaz deskribatzeko izan duen gaitasunaz azaldu zuen tropiko berotsu eta umelerako hartu zuen bizi-lema: «Soilik bi alkandorarekin bizi».

Haur-nerabe zela Gerra Zibila bizitua izana, eramanezina zitzaion bortizkeria. Alderantzizko joera lantzeari goiz ekin zion, izaeran apaltasuna, bihozberatasuna eta erabateko ontasun soila izan direlako bere ezaugarriak. Baita oso jakitun zapalkuntzaren kaltea zorrotz arbuiatzeko gaitasuna. Gotzain ordena hartzeko eguneko agirian indigenei ezarritako zapalkuntzak salatu zituen, argi eta garbi.

Klaretar gazte zenean Barbastron klaretar seminaristen hezitzaile izatea egokitu zitzaion. Orduan ere bazuen aurretik ezin kenduzko beste sarraski baten memoria bizia: Gerra Zibilean Seminario horretako 51 klaretar erail zituzten, zirenagatik eta ez beste ezergatik: erlijioso iraultza garaietan. Taldeko Martiritza hura iltzatuta eta eztenkatzaile geratu zitzaion. Seminaristei haren berri ematen zien behin eta berriro, etorkizunean ere bizi zezaketen zori gisa. Gaztetxoei esaten ziena bere baitan barnebilduta zeukan: behar bazen 51 haiek bezala bizia emateko prest egon beharra zegoen. Hori barneratu zitzaion betirako: zenbaiti bizia desegiten diotenaren sentsibilitatea. Ezin geratu horri aurka egin gabe. Kristautasunak betidanik izan ditu martiriak, eta onartua zuen berari prezio hori ordaintzea toka zekiokeela. Horrek azaldu dezake bizia emateko izan duen joera miresgarria. Horrek ere ulertarazi dezake tropikoan berekin gordeta izatea Oskar Romeroren sotana odoleztatuaren zati bat, eta Ignacio Ellakuriaren hezur bat.

Hartutako bideak mehatxuak ekarri zizkion. Behin, beste norbaitekin zegoela, hiltzera etorri zitzaizkion gaizkileak. Laguna bera baino sendoago izanik, uste izan zuten hura izango zela erail behar zen gotzaina, eta laguna tiroka hil zuten. Casaldaligak gerora zigor penala arintzeko ahalbideak sustatu zituen. Eta 2012an Gobernuak eskatuta Brasilgo beste eskualde batean ezkutatu behar izan zuen bizia salbatzearren. Mehatxatuta zegoela jakinik ere, gauez bere etxetxoko atea zabalik uzten zuen, pobreak beragana joatea ez zailtzeko.

Pascual Maragall presidentea Brasilera joan zen Kataluniako Urrezko Domina Nazionala Casaldaliga bizi zen eremuan eskura ematera. Pere Casaldaliga poeta harrigarri gisa ere geratuko da: biziaren egiak zuzen eta onberatasunez azaltzen dituen baten gisa. Bere esanak bizitzakoak dira, eta bizi izan duena letretan geratzea merezi du. «Egindako bidearen amaieran galdetuko didate: bizitzarik izan duzu? Eta maitatu izan duzu? Eta nik, ezer esan barik, bihotza izenez beterik zabalduta utziko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.