Botere poliziala eta judiziala: nolako behatza halako eraztuna

Xabier Barber
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Egun gutxi direla, Sanfermines 78: gogoan! ekimenak eskaturik, zenbait talde parlamentariok (Unidos-Podemos, ERC, EH Bildu, Compromis) 1978ko sanferminei buruzko txosten poliziala eskatuz egindako eskaerari ezezkoa eman dio Gobernuak. Hura jasota gelditu zen Kongresuko urte hartako uztailaren 19ko Aldizkarian eta espresuki aipatu zuten, Barneko Batzordean, bertako buruak, Martin Villa ministroak, parlamentari batzuek (Urralburu, PSN; Saavedra, Minoría Catalana...) eta komunikabide ugarik ere (El País, ABC...).

Gobernuaren erantzunari urritasun adina zinikotasuna zerion: «Egindako eskaeraren harira, adierazten da erregistroetan ez dagoela jasota eskatutako txostena». Bada, nolatan izan daiteke egun haietan Barne Ministerioak ad hoc egindako txostena (Iruñean hildako bat, Donostian beste bat, balaz zauritutako hamaika lagun eta ehunka zauritu eragin zituen jardun polizialari buruzkoa) jasota ez egotea erregistro polizialetan? Eta, horrela bada, nor izan da/dira hura desagertu izanaren erantzule?

Lehenago, eskaera berdina egin zitzaion PPren gobernuari eta erantzun berdina hartu genuen. Agerian gelditu da lotsagabekeria politiko poliziala energia bezalakoa dela, hots, ez da sortzen, ez da suntsitzen, eraldatu besterik ez da egiten. PPk eta PSOEk orduko UCDren gobernuaren jarrerari jarraitutasuna ematen diote. Gobernu hark, 1978an, ekintzak itxuragabetu eta frogak ezkutatu zituen eta irekitako ikerketa judizialei boikot egin zien. Berdin segitzen dugu.

Hori gertatu eta egun gutxira, Konstituzio Auzitegiak epaia eman du eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Legeaz. Dituen zortzi artikuluetatik, bost eta erdi baliogabetu ditu, bai eta lau xedapen gehigarrietatik hiru eta xedapen iragankor bakarra ere. Epaiaren gako nagusia Legeak sorturiko Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordean dago, batzordeari delituak ikertzeko eginkizunak esleitzen baitzitzaizkion, izan zirenei biktima-izaera aitortze aldera.

Konstituzio Auzitegiarentzat eginkizun horiek konstituzioaren aurkakoak dira, auzitegiek, eremu horretan duten eginkizun esklusiboaren tokia hartzen baitute: «Gure zuzenbide estatuan ez da posible botere publikoak ikerketa kriminalera zuzenki eta bereziki bideratutako jardunik egitea, botere judizialaren zuzendaritza eta berehalako kontrolik gabe». «Kalea nirea da», erran zuen Fraga Iribarnek, Barne ministroa zela. Orain Konstituzio Auzitegiak adierazi duenaren antzekoa: Estatuaren estoldetan arakatzea botere judizialaren berezko jabetza da.

Baina, zer gertatzen da Euskal Herrian azken hamarkadetan salatutako ehunka tortura kasurekin, zeinetan epaileek edozein ikerketa egiteari uko egin dioten? Edo epai batzuek (1976ko Gasteizko sarraskiari edo 1978ko sanferminei buruzkoak, kasurako) beste aldera begiratu dutenean eta delituren inolako zantzurik ikusi ez dutenean? Makurtu egin beharko al dugu horrelako bidegabekeria eta konplizitate polizial eta judizialen aurrean?

Duela 40 urte, orduko Barne ministroa Martin Villak honako hau bota zuen sanferminetako gertaerei buruz: «Gureak akatsak dira; haienak, erailketak». Epaileek ederki gogoan hartu eta epaitu zuten ezen sarraski polizial hura anabasa eta interpretazio okerren ondorio izan zela. Orain, duela hilabete,Grande Marlasca oraingo Barne ministroak adierazi du: «Egia bakarra judiziala da». Eta epaileek ideia gogoan hartu eta aipaturiko epaia eman zuten. Laburbilduta, barneko ministroek diktatu eta epaileek sinadurak eta zigilu judizialak paratzen dituzte.

Gaur egun, justizia espainiarra kuestionatzen ari dira maila internazionalean, azken hamarkadetan inoiz ez bezala. Gizateriaren aurkako erailketengatik frankismoaren kontrako kereila argentinarra, NBEko giza eskubideen errelatoreek egindako txostenak, Europako Auzitegiak torturei buruz emandako epaiak, Puigdemonten kasuan Alemanian berriki eman den epaia; horiek guztiek bat egiten dute esatean Estatu espainiarrean etengabe kirtenkeria judizialak gertatzen direla, bai eta giza eskubideen urraketetarako zigorgabetasuna ere badela.

Testuinguru horretan, Konstituzio Auzitegiaren epaia beste tresna bat izanen da Gobernuaren eskuetan, Estatuari giza eskubideen arloan leporatzen ahal zaizkion urraketei buruzko edozein ikerketa, nazioartekoa edo instituzionala, jazarri, sabotatu edo haren kontra jotzeko. Frankismo zaharkitu hartan hein handi batean sustraiak dituzten erakunde polizial eta judizialak erabat saneatu ordez, goi mailako instantzia judizialek (Konstituzio Auzitegia, Auzitegi Gorena, Auzitegi Nazionala) endrokatzeari eta atzera ihes egiteari ekin diote, aurrekoak epailetza bera, Gobernua edo bere zerbitzuko polizia zipriztindu ez ditzan.

Horrela, memoria historikoaren berreskuratzean azken urteotan ireki diren ateak guztiz ixtea da helburua. Ildo honetan, kontuan harturik jurisprudentzia arloko haizeak (denak ETA izaten segitzen du, dena da matxinada eta sedizioa, dena da gorrotoa...) epai hau erabiliko dute edozein parlamentu autonomikoren antzeko ekimenen kontra; are, udal, unibertsitate eta memoria historikoko elkarteen kontra ere, urrats oro oztopatzeko, EGIAren bidean funtsezkoak izanda ere.

Jakina, erantzuna ez da Gobernuak eta bere Epailetzak ezarritako mugak, gero eta estuagoak, onartzea, are gutxiago horrek bere jardunetan ez bi baizik eta zazpi metro desberdin erabiltzen baitu, norbera falangista edo raperoa izan, mosso de escuadra edo guardia zibila, independentista edo unionista, Altsasukoa edo Algeciraskoa, erregea edo plebeioa, zibila edo polizia, emakume feminista edo apezpiku misoginoa, langilea edo bankaria, erregearen suhia edo iturgina. Estatu delitu horiek ikertzea oso munta handiko afera da Justizia honen eskuetan bakarrik uzteko.

Horregatik, egin behar dena da mota guztietako ekimen sozial, politiko eta instituzionalak biderkatzea (udal kereilak, egiaren batzordeak, ikerketa akademikoak, kultur jarduerak, mobilizazio sozialak...), irekitako ateak gero eta gehiago zabal daitezen eta, behar izanez gero, desobedientzia zibil eta instituzionalari ekitea. Egia, Justizia eta Ordaina eskakizunak zabaldu eta sakontzeko premia gaur inoiz baino beharrezkoagoa da.

Egiarik gabe ezein daiteke ez Justiziarik, ezta Ordainik izan, eta Konstituzio Auzitegiaren epai horrek, auzitegiek berrogei urteotan izandako ahuleria etengabearekin batera, Egiari atea ixten dio eta, hortaz, Justiziari eta Ordainari ere bai.

Dena den, baikor gara, jakina, Argentinako Maiatzaren plazako amak eta giza eskubideen aldeko taldeak izan ziren bezala, han inpunitatea eta azken puntuko legeak, obeditu beharrekoak, nagusi zirenean. Hemen ere, han bezala, legezko morroilo instituzionalak lehertuko dira eta azken hamarkadetan nozitutako bidegabekeriaren erantzuleak auzitegietan ikusiko ditugu. Argentinan, 2017an bakarrik, 198 zigor izan ziren gizateriaren aurkako erailketengatik. Konstituzio Auzitegiak gogoan hartu beharko luke eta bere jarrera aldatu. Ekimen instituzionalak oztopatu beharrean, haiek baliozkotu eta babestu beharko lituzke eta, ahal den moduan, haien aitzindari izan.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:

Helena Bengoetxea, Xabier Diaz, Ramon Contreras, Sabino Cuadra, Miren Egaña, Odei Garcia de Azilu, Mikel Juriko, Amaia Kowasch, Rubén Marcilla, Fermin Rodriguez, Antonio Salinas, Josu Txueka, Piru Zabalza eta Presen Zubillaga; Sanfermines-78: gogoan! ekimeneko partaideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.