Albistea entzun

Jatorri ezezaguneko oinazea

Zenbait haur esku, beso, besaurre edo hatzik gabe jaio izanak arrazoi komun bat izan dezakeen ikertzen ari dira Frantzian, hiru departamentutan gertatu baitira kasu gehienak. Urtarrilean emango dituzte emaitzak.

Karmele Uribesalgo Alzola -

2018ko azaroak 1

Duela zortzi urte jaio zen Ryan, Ain departamentuan (Frantzia). Ohikoa den jarraipena egin zioten bere amari, eta haurrak osasuntsu zegoela zirudien. Erditu zen arte. Esku bat falta zitzaion Ryani, baina medikuek ezin izan zuten jakin haurdunaldian egindako ekografietan. Arazoaren kausa ikertzen aritu ziren arren, ez zuten erantzunik aurkitu. Errepublikaren beste puntan, Bretainian, antzekoa gertatu zitzaion Leoren amari. Jaio berritan jakin zuten umeak besaurreko malformazio bat zuela. Galdera ugari egin zizkioten amari; jateko ohiturak aztertu zituzten, eta botikaren baten ondorio izan zitekeen ere ikertu zuten, baina Leoren kasuan ere, erantzunik ez.

Ryan eta Leo dira esku, beso, besaurre edo hatz faltan jaiotako haurretako bi, baina ez dira bakarrak. Guztira, 30 haur inguru jaio ziren horrelako malformazioekin Frantzian 2000. eta 2014. urteen artean. Susmagarriena da hiru departamentutakoak direla haur horietako gehienak: Ainekoak —herrialdearen ekialdean—, Bretainiakoak eta Loire-Atlantiquekoak —ipar-mendebaldean biak; Bretainiaren zati bat hartzen du Loire-Atlantiquek—. Aineko kasuak gehienez ere Druillat herritik hamazazpi kilometrora agertu dira. Hori dela eta, malformazioak pestizidaren baten ondorio izan daitezkeela pentsatu dute zenbait adituk, baina ez dute argitu.

Lehen ikerketei 2009. eta 2014. urte artean ekin zieten, orduan agertu baitzen dozena bat haur malformaziodun jaio zela tarte horretan. Remera elkarteak darama Rhone-Alpeetan —Ain eskualde horretan dago— malformazioak dituzten haurren erregistroa, eta urriaren hasieran abisua eman zuen elkarteak; susmatu zuten malformazio kasu guztiek lotura bat izan zezaketela. Remeran erregistratzen dituzten haurrek ez dute bestelako malformaziorik edo anomalia kromosomikorik. Gurasoek ere ez dute jokaera arriskutsurik izan. Emmanuel Amar Remera elkarteko zuzendariaren ustez, posible zen malformazioak ingurumenean izandako arazoren batekin lotuta egotea: «Posible da nekazaritzarako erabilitako substantzia batengatik izatea? Ala kasualitate hutsa da?». Ikerketa hasi zuen Frantziako Osasun zerbitzuak, baina ez zuen ikusi gainontzeko departamentuetan baino gehiago zirenik. Faktore komunik ere ez zuen aurkitu. Ainen beste 11 kasu agertu ostean, ordea, berriz aztertzen hasi da agentzia. Ainekoez gain, Bretainian lau kasu azaldu dira, eta Loire-Atlantiquen hiru. Horiek aztertzen ari dira martxan dagoen ikerketan.

Frantziako Osasun ministro Agnes Buzynek adierazi du sakonki aztertu behar direla kasuak. «Frantziak malformazioen arrazoia jakin nahi du. Ez dugu inolako hipotesirik baztertu nahi; baliteke ingurumenarekin lotuta egotea, edo amek jandako edo edandako zerbaitekin. Agian, arnastu duten zerbaitek sortu ditu malformazioak». Osasun zerbitzuetako kideek azaldu dutenez, zaila da kontaketa zehatza egitea; haurrak jaio zirenean ez zen egin, eta, orain, korapilatsua da malformazioak dituztenak aurkitu eta erregistratzea. Hala ere, kontaketa egiten saiatuko dira. Gauzak erraztu eta lana bateratzeko, datu base komun bat egingo dute lurralde guztietan. Atzo jakinarazi zutenez, ikerketaren lehen emaitzak urtarrilaren 31n argitaratuko dituzte.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Alberto Nuñez Feijoo gaurko inbestidura saioan. ©Sergio Pérez / EFE

Feijook ez du gehiengo soila lortu

Berria

Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak. 

Emmanuel Macron Frantziako presidentea (erdian), atzo, Korsikako Asanblean hitzaldia eman aurretik. ©P. P.-C. / EFE

Macronek «autonomia» eskaini dio Korsikari, berezitasuna aitortuta

Edu Lartzanguren

Frantziako presidenteak proposatu du uhartea komunitate «historiko» eta «kultural» gisa aitortzea. Konstituzioa moldatzeko prest agertu da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.