Mandelaren ametsa amesten

Hauteskundeak egingo dituzte gaur Hegoafrikan, apartheida amaitu eta 25 urtera. Inkestek diote ANC inoizko alderik txikienarekin nagusituko dela. Pobrezia eta langabezia dira herritarren kezkak
Ikasle bat atzo, Nelson Mandelaren mural baten aurretik pasatzen, Johannesburgon.
Ikasle bat atzo, Nelson Mandelaren mural baten aurretik pasatzen, Johannesburgon. KIM LUDBROOK / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2019ko maiatzak 8
Egun historikoa izan zen Hegoafrikan. Nelson Mandela biharko egunez bihurtu zen herrialdeko lehen presidente beltza, lau egunez luzatu ziren hauteskundeetan 12.237.655 boto eskuratu ostean. Apartheid sistema arrazistari amaiera eman zioten lehen hauteskunde demokratikoak ziren, eta ilara luzeak sortu ziren ametsa zena egia bihurtzeko. Hegoafrikan, baina, amets hura amesten jarraitzen dute 25 urte geroago.

ANC Afrikako Kongresu Nazionala inoizko atakarik zailenean dago. Jatorrian askapen nazionalerako mugimendua izan zen alderdia hegemonia galtzen ari da, eta, gaur egitekoak diren bozetan faborito bada ere, inkestek aurreikusi dute hamar puntu galdu eta inoizko alderik txikienarekin irabaziko duela. Apartheidaren osteko lehen bozetan, 1994an, botoen %62,65 eskuratu zituen, eta ordutik hauteskunde guztietan nagusitu bada ere, azken hamarkadan nabarmena izan da alderdiaren boto galera. 2016ko udal bozak izan ziren higadura horren erakusle: hainbat hiri galdu zituen, besteak beste Johannesburgo, eta hiriburua, Pretoria.

ANCren ikurra, bada, lausotzen ari da. Asanblea Nazionalean 249 eserleku ditu egun, eta litekeena da gaur lehen aldiz botoen %50aren azpitik geratzea presidentea izendatuko duten 400 ordezkariak aukeratzeko bozetan.

Cyril Ramaphosa presidentearen babes maila neurtzeko bozak ere izango dira. Jacob Zumaren dimisioaren ostean hartu zuen kargua, iazko otsailean, eta, agintaldi laburra izan badu ere, ustelkeriaren kontrako borroka bihurtu du bere presidentetzaren ikur. Zumak, hain zuzen, ustelkeria salaketa etengabeen ostean eman zuen amore, alderdiak berak eskatuta; izan ere, haren sinesgarritasun politikoa erabat kolokan zegoen.

Ramaphosak auzi hori izan du hizpide kanpainaren amaiera ekitaldian: «Zigorgabetasunaren garaia amaitu da, eta erantzukizunarena hasi da. Akatsak egin ditugu. Gure jendearen aurrean aitortzen dugu hori, baina soilik ezer egiten ez dutenek ez dituzte akatsak egiten».

Kolonialismoaren ondarea

Hegoafrikako beste arazorik handienari ere erreparatu dio Ramaphosak: «Ez dugu utziko beste belaunaldi bat pobrezian bizitzen». Kolonialismoaren ondarea oraindik ere errotuta dago herrialdean, eta apartheidaren garai ilunak, gertuegi. Pobrezia da horren lekuko. Afrikako herrialderik industrializatuena baldin bada ere, bi herritar beltzetatik bat pobrea da, eta beltzak populazioaren %77 dira. Hiri handien kanpoaldean milioika lagun bizi dira, kokaguneetan, askotan egurrez edo kartoiez egindako etxoletan. Ramaphosak, bada, milioi bat etxe eraikitzeko promesa egin du.

ANC agintean egon den urteetan aurrerapausoak eman dira, baina erronkak itzelak dira. Hainbat indize ekonomikok diote zurien eta beltzen arteko desberdintasuna apartheidaren urteetan baino handiagoa dela. Munduko Bankuaren arabera, desorekarik handienak dituzten herrialdeen artean dago. Ekonomiaren hazkundea oso motela da, eta langabezia tasa %28,6ra iritsi da aurten; gazte beltzen artean, %50era. Per capita errenta 5.913 eurokoa da, eta inflazio tasa, %5,2koa.

Hegoafrika, 342 urteko nagusitasun zuriaren eta 46 urteko segregazio arrazistaren ostean, garai berri batean sartu zen duela 25 urte. Gaur, mende laurden honetan egindako bidea izango dute gogoan herritarrek. Orotara 26,7 milioi lagunek dute bozkatzeko aukera, alderdi hegemonikoaren eta inoiz baino zabalagoa den eta inoiz baino zatituago dagoen oposizioaren artean.

Oposizioa zatituta

Guztira 76 alderdi lehiatzen dira bozetan. DA Aliantza Demokratikoa da oposizioko alderdi nagusia; 89 eserleku ditu «guztientzako herrialde bat» aldarrikatzen duen alderdi zentrista honek. Mmusi Maimane buruzagi beltzak hainbat gotorleku kendu zizkion udal bozetan ANCri.

EFF Askatasun Ekonomikoaren Borrokalariak, berriz, gazteen botoa erakarriko duela espero da. Julius Malemaren alderdi marxista-leninistak 25 eserleku ditu egun, baina baliteke zenbaki hori bikoiztea. Alderdiak orain arte aipaezina zen gai bat sartu du agendan; lurraren banaketa. Zuriak herritarren %10 dira, baina lurraren %72ren jabe, eta lege erreforma bat sustatu nahi du nekazaritza erreforma garatzeko. Malemak lurrak okupatzeko deia egin izan du: «Europako kolonizatzaileek afrikar baketsuak aurkitu zituzten, eta animaliak balira bezala sarraskitu zituzten. Gure arbasoei kendutako lur horiek desjabetu behar ditugu».

ANCren barruan izan diren sei edo zazpi zatiketetatik sortutako alderdia da EFF. Malema alderditik bota zuten muturreko diskurtso bat zabaltzeagatik, baina orain argi utzi du ez dagoela zurien kontra: «Ez dugu zurien kontra borrokatzen, zurien pribilegioen kontra baizik, harrokeria zuriaren kontra. Ez dugu borrokatzen beltzek zuriak zapal ditzaten, berdintasunaren alde baizik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna