Albistea entzun

Menpekotasunetik ez dago euskara berreskuratzerik

JJ Agirre - Euskaltzalea

2022ko abuztuak 12

Azken-aurreko pasartea Zizur Nagusian jazo da (alkatea Geroa Baikoa, EH Bilduren babesarekin). 2021. urteko apirilean, udalak ez zuen euskara jakitea baloratu atezainen bi zerrendetako bat eratzeko deialdian, Zizurko euskararen ordenantzari muzin eginez. Herritar batek errekurtsoa jarri zuen orduan Nafarroako Administrazio Auzitegian (NAA), eta honek arrazoia eman zion, euskarari %10eko balioa eman behar zitzaiola ebatziz, lanpostuok jendearekin harreman zuzena dutelako. Baina Zizur Nagusiko Udalak, Geroa Bairen, EH Bilduren eta PSNren aldeko botoekin, errekurtsoa jarri du ebazpenaren aurka! Aurretik, 2021ean, NAAk Zizurko Udaleko idazkari edota gazteria arloko teknikari izateko, euskara jakiteko baldintza ezetsi zuela jakitea komeni da (ez da epaitegi euskaltzalea preseski).

Azkenean, euskaltzaleen presioaren ondotik, errekurtsoarekin aurrera ez jarraitzea erabaki du Zizurko Udalak. Enpin...

Esan gabe doa, Espainiako Estatu osoan bezala, lanpostu guztietarako gazteleraz jakitea derrigorrezkoa dela, deialdietan aipatzen ez bada ere. Ez gara gauza espainieraren derrigortasuna inon auzitan jartzeko, baina gehiegizkoa iruditzen zaigu atezain izateko euskara %10arekin saritzea! Gizagaixoak...

Nafarroan egoera lazgarria da, Iparraldean hil ala bizikoa, baina EAEn bere ez da batere ona, menpekotasun zantzuak oso agerikoak dira Euskadi lepatuan ere.

EiTBren adibidea oso esanguratsua da. EAEko agintariek erdarazko kateen aldeko apustu sendoa egin dute, euskarazkoen kaltetan. Nabari da irratietan, baina oso agerikoa da telebistan. Urte luzeak dira ETB1eko ikusleria %2 inguruan dabilela, saio duin batzuen artean betegarri asko eta saio iraingarriak ere programatzen dituztelako batik bat. Ikusleria maila hori espainierazko ETB2 katean izan balitz aspaldi ziren kalean arduradunak, baina menpekotasuna hezurretaraino sarturik, ez dago egoera iraularazteko pultsurik antza, telebistak eta irratiek (des)euskalduntzean sekulako eragina izaten jarraitzen duten arren: Euskal Herriko biztanleriaren %98 inguruk erdaraz kontsumitzen du telebista, hiru bat orduz egunean batez beste, baina ez dirudi inor askorik kezkatzen denik horregatik. Harrigarri samarra bada...

Lanbide Heziketan, euskara paroan. Goiburu egokia aukeratu zuen Mikel Basabek Lanbide-heziketaren anabasa laburbiltzeko, iaz BERRIAn argitaratutako artikuluan.

Izan ere, 2021/22 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketan matrikulatutako 4.669 ikasleetatik, soilik %1,5ek ikasi zuten D ereduan, %8k «B» ereduan eta ia %91k A ereduan.

Erdi Mailako Lanbide Heziketako 16.139 ikasleetatik, %23k ikasi zuten D ereduan, %26k B ereduan, eta %51k A ereduan.

Goi Mailako Lanbide Heziketako 23.613 ikasleetatik, %26k ikasi zuten D ereduan, %20k B ereduan, eta %54k A ereduan.

Aintzat hartu behar da B eredua A eredu indartu bat dela, eta A ereduan euskara ikasgai ere ez dela.

Matrikulazio datu penagarri horietan gabiltza 2010etik. Eta zergatik? Bada, Lanbide-heziketan, taldea osatzeko nahikoa ikasle izan arren, ez delako talderik sortuko Hezkuntza Sailaren aginduz lehenagotik «planifikaturik» ez badago. Sozialisten agintaldian hasi eta jeltzaleen eskutik gero, horrela mugatu du Jaurlaritzak Legeak ezartzen duen euskaraz ikasteko eskubidea, ebazpen bidezko esaldi labur honekin: «Hizkuntza-eredu bat baino planifikatzen ez bada, eredu hori ezarriko da». Salbuespenezko arau hori, taldeak osatzeko ustezko planifikazio hori, lanbide-heziketari baino ez zaio aplikatzen. Soilik LHn mugatzen da D ereduan ikasteko eskubidea. LHn, DBH, edota Batxilergoan, taldea osatzeko nahikoa ikasle badago, taldea osatuko da. Gero salduko dizkigute lan mundua euskalduntzeko egitasmoak...

Adibide hauek eta aipa ditzakegun beste askok ezaugarri bat dute komunean: euskaldun gehienen eta euskaltzale askoren menpekotasun egoerari esker gertatzen direla neurri handi batean.

Menpekotasunean hezita eta horretara ohituta ez bageunde, inolaz ere ez genituen egoera horiek onartuko. Horretaz jabetu, jazoera horiek salatu eta duintasuna berreskuratzea dugu erronkarik behinena; jai dugu bestela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.